Festen faltan, musika zezen plazan

Ataria 2020ko urriaren 3a

Aurten Tolosako auzoetako festarik egingo ez denez, auzoetako elkarteen laguntzarekin, 'Kultura Plazara' egitasmoa antolatu du udalak. Lau egunez, musika talde ezberdinak entzuteko aukera izango da zezen plazan.

Udazkenean ospatu ohi diren Tolosako auzoetako festak bertan behera utzi behar izan dituzte aurten. Horren ordez, hainbat ekintza antolatu ditu udalak auzo elkarteen laguntzarekin, Kultura Plazara lelopean. Suspertu Tolosa dinamikaren baitan, kultura sustatzeko udala egiten ari den ahaleginaren barruan kokatzen da egitasmoa.

"Udan zehar garatu den kultur programazioaren ondoren, eta udazkeneko kultur egitarauarekin batera, urriaren 9tik 12ra egingo den jaialdiarekin, kulturara gerturatzeko eta herriko artistei plaza bat emateko aukera eskaini nahi diegu herritarrei", diote udaletik. Hala, kultura sustatzen jarraitzeko eta artisten eta taldeen lana balioan jartzeko, musikak indar berezia izango duen kartela osatu da egitasmorako.

Jaialdiaren barruan antolatu diren saio guztiak zezen plazan izango dira. "Herritar guztiei irekitako eremua izan, eta kultur jardueren gune gisa indartu nahi dugu, gaur egungo egoeran, pertsonen arteko distantziak mantenduz, aire librean ekintzak egiteko gune aproposa baita", azaltzen dute udaletik. Eguraldiak lagunduko ez balu, ekitaldiak bertan behera geratuko lirateke eta beste data batzuk proposatuko lirateke ekintzak egin ahal izateko. 

Jaialdiaren barruan antolatutako emanaldietarako nahitaezkoa izango da sarrerak eskuratzea. Ekintza guztiak doan izango dira, Gatiburen kontzertua izan ezik. Azken honetarako sarrerek bost euroko balioa izango dute. Eguraldi txarragatik kontzertua bertan behera geratuko balitz, sarreren dirua itzuliko litzateke. Sarrera guztiak bibe.me plataforman eskuratu ahal dira, gaurtik aurrera.

'Kultura Plazara' Egitaraua:

Urriak 9, ostirala.

  • 20:00. Tolosako Musika Bandaren emanaldia

Urriak 10, larunbata.

  • 20:00. Amak taldearen kontzertua

Urriak 11, igandea.

  • 11:00. Ene Kantak ikuskizuna, haurrentzat.
  • 20:00. Gatibu taldearen kontzertu akustikoa

Urriak 12, astelehena.

  • 20:00. Pettiren kontzertua.

 

Bideo honetan, AMAK taldeak Villabonan eskainitako kontzertu bateko zati bat duzue. Hain justu, hainbat fandango zahar hiru minututan bilduta, euren erara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!