Hamaika ikusteko eta entzuteko, itxialdiaz

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko urr. 11a, 07:59

Mikel Chamizo Perez. J. ARTUTXA

Hausnarketa pertsonaletik abiatutako proiektua da 'Under Lockdown'. Konfinamenduari buruz idatzitako hamaika piezek osatzen dute liburuxka. Inoiz ikusi gabeko partiturak dira, marrazkiekin apainduta daudelako, baita inoiz bezala egindakoak ere, pianorik ukitu gabe idatziak.

Pandemiaren hasieran, musikariak oso izututa zeudela aitortzen du Mikel Chamizok. «Egun batetik bestera aurrez hitzartuta genituen konpromiso guztiak bertan behera geratu ziren, eta gainera, egiten dugun lana sarritan aldizkakoa dela jakinda ere, ez genuen laguntzarik jaso. Egoera latza zen».

Orduan, sare sozialetan inoiz baino aktiboago zegoen, «baztertuta sentitzen ginela salatzeko». Martxoan, berriz, ate bat zabaldu zitzaion: Twitter bidez, Ignacio Arbues, Madrilgo matematikariaren mezu bat jaso zuen. «Oso gustuko du musika garaikidea, eta bizi genuen egoera ikusirik, musikarioi laguntzea gustatuko litzaiokeela aipatu zidan».

Chamizori oso interesgarria iruditu zitzaion Arbuesen eskaintza, baina aldi berean, harrituta geratu zen. «Sare sozialetatik soilik ezagutzen nuen, eta aurrez inoiz ez nuen inorengandik horrelako elkartasun gogorik ezagutu. Normalean instituzio edo elkarteek egiten dituzte enkarguak, eta ez norbanakoek».

Musikaz ez dakitenentzat ere, ulergarri

Chamizok pianorako miniatura bat egin zezan nahi zuen. Pentsatzen egon ondoren, proposamena onartu ez ezik, proiektua handitzea erabaki zuten: miniatura bat beharrean, hamaika egingo zituzten. «Konfinamenduarekin lotuta zegoen zerbait idaztea zen ideia. Ondorioz, apiriletik ekainera bitarte bizitakoa islatzen saiatu naiz».

Esperientzia propio bat izan da Chamizorentzat, azterketa moduko bat. «Askok ez dute deskantsurako tarterik izan. Nik, ordea, aspertzeko eta pentsatzeko astia izan dut. Angel Errok hitzaurrean adierazten duen bezala, pixka bat behartuta sentitzen nintzen». Azken hilabeteetan psikologikoki egoera asko aldatu dela nabarmentzen du. «Orain pozik nago, proiektuaren musika testigantza bat delako».

«Marrazki batzuk oso grafikoak dira; bestelako ikuspegi bat ematen diote pieza bakoitzari»


Sentimendu ezberdinak islatzen eta transmititzen saiatu da Chamizo, besteak beste, ziurgabetasuna, ezinegona, histeria, askatasuna edo ilusioa. «Melodian eta erritmoan antzematen da hori. Errutina piezak esaterako, bi tempo ezberdin ditu, bata gogotsu zauden egun horietarako, eta bestea gogo falta duzunerako. Itxaronaldia kantuan, berriz, hatzekin perkusioa jotzeko aukera ematen da». Gainera, Julio Cesar Perezek egindako marrazkiez apainduta daude partiturak. «Batzuk oso grafikoak dira, eta bestelako ikuspegi bat ematen diote kantu bakoitzari eta transmititu nahi diren sentimenduei».

Chamizori oso erraza egin zaio artistekin lan egitea. «Partitura zerbait berezia bihurtzea pentsatu nuen, ez zedin soilik musikaz dakitenentzat izan, eta hori dela eta, marrazkiak sartzea erabaki nuen. Eskerrak Perezek duen teknikari, oso adierazgarriak baitira bere marrazkiak. Berehala esan zidan baietz, interesgarria iruditzen zitzaiola partitura batean esku hartzea. Erro, berriz, gerora gehitu zen; lehendik ere ezagutzen ginen, eta testu zoragarria idatzi du».

Pieza bat mezenas bakoitzari

Irailaren 16an egin zuten proiektuaren aurkezpena Musikenen. «Egoera zein zen jakinik, jende gutxiago egongo zela uste nuen, eta azkenean, 50-60 ikusle inguru bildu ziren. Pozik geratu nintzen egindako lanarekin. Streaming bidez ere jarraitu ahal izan zen saioa, eta arrakasta handia izan zuen».

Aurkezpenean proiektuari buruzko zenbait bitxikeria kontatu zituen Chamizok, baina bat kontatzea ahaztu zitzaion. «Pianorik ukitu gabe idatzi ditut pieza guztiak, lehen notatik azkeneraino. Londresen nengoen, eta bertan ez nuen pianorik». Izan dira azken unean aldatu beharreko zenbait nota, piano jotzaileak hala esanda, jo ezin zitzakeen notak edota lekuz kanpoko pedal kolpeak zirela eta. «Hala ere, itxura denez nahiko ondo irten da esperimentua».

Hasieratik, hamar pieza horiek gizarteari eskaintzea izan da Chamizoren asmoa. «Inork babestu nahi izanez gero, 100 euroren truke egin dezake. Hain justu, liburuxkan ageri dira mezenas guztien izenak, eta kantu edo pieza bakoitza horiei dago eskainia». Hilabete gutxi barru amaituko dute proiektuaren grabaketa; gero, mezenasei bidaltzea da asmoa. Bitartean, interesa duenak www.okpal.com webgunean du liburuxka erosi eta proiektua diruz laguntzeko aukera. Soberan geratutakoak, berriz, salgai jarriko dituzte.

UNDER LOCKDOWN

1. Lehen eguna. Ignacio Arbuesi eskainia.

2. Sartu-irtena (zaborrontzira). Alfonso Benitori eskainia.

3. Errutina. Pierre Deligniesi eskainia.

4. Itxaronaldia. Jon Baguesi eskainia.

5. 44. eguna. Joaquin Induraini eskainia.

6. Intsektu baten behaketa. Inma Lizaso eta Manu Etxezorturi eskainia.

7. Dolua. Nora Francori eskainia.

8. Dantza birakaria. Jose Antonio Etxenikeri eskainia.

9. Lehen ibilaldia. Femilie Hovingi eskainia.

10. Deskonfinamendua. Carlos Benitori eskainia.

11. Azken eguna? Ana Maria Perezi eskainia.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!