«Gogorra eta zaila da musika egitea, eta ez da dibertigarria»

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko urr. 11a, 07:58

Mikel Chamizo Perez. J. ARTUTXA

Haurtzaroan, instrumentu bat jotzeaz gain, judoa praktikatzen hasi zen; gerora, baina, kirola alde batera utzi eta musikarako bidea hartu zuen. Orain bere pasioa da, eta ezin dezake musikarik gabeko bizitza bat irudikatu. 14-15 urte besterik ez zituela osatu zuen bere lehen obra, lehiaketa baterako, eta ederki asko oroitzen da Musikenen igarotako urteez: «Oso gogorra izan zen, egunean 12 edo 13 ordu igarotzen nituelako bertan».

Uneoro batetik bestera dabil Mikel Chamizo Perez (1980, Tolosa) musikagilea. Hamar urtez Madrilen eta lau urtez Londresen bizi izan zen. Talde handi eta txikientzako musika idazten du; garrantzitsua deritzo orkestrarako bakarrik ez idaztea. «Talde txikientzat ere lan egitea pisua arintzea bezalakoa da», dio. Gainera, interesgarriak iruditzen zaizkio musikaren inguruan sortzen diren ofizioak, hala nola, kudeaketa, kazetaritza kritikoa edota ikerketa.

Nola deskribatuko zenuke zeure burua?

Mendebaldeko Europan norbaiti nor den galdetuz gero, lana zertan egiten duen esaten dizu. Beste kultura batzuetan, berriz, nolako familia duzun azaltzen dizute. Ni musikaria naiz, baina batez ere, musikagilea. Musikaren alderdi guztiak ikertzen ditut, musikari buruz idazten dut, musika idazten dut. Musikaren arloa bere alderdi guztietatik bizitzen saiatzen den norbait bezala definituko nuke neure burua. Lehen instrumentuak ere jotzen nituen; orain ez. Gustuko dut instrumentu esperimentalekin aritzea, batez ere elektronikoekin. Ez dut lan finkorik, eta zenbait saltsatan sartuta nago. Batetik, kudeaketaren munduan murgilduta, Musika Bulegoarentzat euskal musika garaikidearen nazioarteko hedapen proiektuetan lan eginez. Bestetik, Gara egunkarian musikari lotutako kritikak egiten ditut. Horrez gain, BBVA fundazioaren esku-programak editatzen ditut, eta 6-7 urte dira Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren esku-programak idazten ditudala.


Nola gogoratzen duzu musikarekin izandako lehen kontaktua?

Nire aitak oso gustuko zuen antzinako filosofia. Haurra nintzenean, argi zuen kirol batekin trebatzeaz gain, musika ikasketak ere egin behar nituela, batetik, gorputza hezteko, eta bestetik, izpiritua hezteko. 6-7 urterekin instrumentu bat eta kirol bat hautatzeko eskatu zidan. Hamar bat urtez aritu nintzen judoa praktikatzen, eta perkusio ikasketekin ere hasi nintzen; solfeoko eta perkusioko ikasketekin hasi nintzen Dionisio Crespillorekin, bere etxean, eta bizpahiru urteren ondoren, musika eskolara igaro nintzen. Ez zen nigandik sortutako zerbait izan, nire aitaren influentziagatik baizik. Argi zuen musika ikasketak egin behar nituela. Behin nerabezaroan sartuta, bat aukeratu behar nuen. 14 urterekin zalantzak izan nituen, eta azkenean judoa alde batera uztea erabaki nuen; gero eta gehiago interesatzen zitzaidan musika.

Beste instrumenturik ikasi al duzu inoiz?

Perkusioarekin bi edo hiru urte egon nintzen, eta danbor-arradekin ezinean ibiltzen nintzenez, pixka bat frustratu nintzen. Ondorioz, oboea jotzen hasi nintzen, Musikenen erdi-maila egitera sartu arte. Gerora, musika elektronikoa praktikatzeari ekin nion, batik bat, instrumentu bitxiekin, Reactable mahaiarekin edo saxofoi elektronikoarekin, esaterako. Hala ere, instrumentu mota bat aukeratu beharko banu, haizezko instrumentuak aukeratuko nituzke, idazterako garaian ere horiek direlako gidari.

Eta ba al dago idazteko oso zaila suertatzen zaizun instrumenturik?

Pianoa. Guztiok ondoan dugun instrumentua da, toki guztietan dago, baina piano jotzailea ez bazara, akats asko egiteko aukera duzu. Zure buruan oso erraza dirudiena, piano jotzailearentzat ez da samurra. Batez ere, pedalekin izaten ditut gorabeherak. Bestetik, harpa dago. Ez dakit nork asmatu zuen instrumentu hori, baina idazterako garaian ez du zentzurik.

Zein ikasketa egin zenituen hastapeneko urteetan?

Musika eskolan solfeoko ikasketak egin nituen, oboea jotzen ere ikasi nuen, eta musika bandan ibili nintzen. Armonia ikasgaia, esaterako, influentzia handia izan zen niretzat. Orkestrako partiturak aztertzen genituen, eta gero Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren kontzertuetara joaten ginen aztertutako partitura horiek nola interpretatzen zituzten entzutera. Klik moduko bat egin zidan horrek buruan. Musika egiten hasteko gogoa piztu zitzaidan, eta bide bat zabaltzea bezala izan zen, inflexio-puntu moduko bat. Kontaktu zuzenago baten sentsazioa nuen. Ez zen soilik idatzitako zerbait aztertzea, horren gaineko interpretazio hori ere ezagutzea baizik. 14-15 urterekin, gainera, lehen melodia txikiak idazteari ekin nion. Orduan, Ruta Quetzal izeneko lehiaketa bat zegoen, eta nik musika alorrerako pieza bat idatzi nuen. Ez ninduten aukeratu, baina obra oso bat idazteko lehen bultzada izan zen.

Musikenen egin zenituen musikagile ikasketak?

Bai, lehenago Donostiako Kontserbatorio profesionalera igaro nintzen. Bertan, erdi-mailako ikasketak egin nituen oboearekin, eta azkenik, Musikenen egin nituen goi-mailako ikasketak. Lehen ikasturtean oboearekin aritu nintzen, eta gero murgildu nintzen musikagintza ikasketetan.

Nolako urteak izan ziren haiek?

Oso eroak. Gainera, gurea izan zen Musikeneko ikasleen lehen promozioa. Batetik, ona zen hori, maisuek ilusio handia zutelako proiektuarekin, eta baita guk ere. Aldi berean, baina, lehen urtea zenez, koordinazio-eza handia zen, eta horrek apur bat eragin gintuen. Oso gogorra izan zen, batzuetan egunean 12 edo 13 ordu igarotzen nituelako bertan. Hala ere, ukaezina da izugarri ikasi nuela, musika leku guztietatik sartzen zidatelako.

Maisu entzutetsuekin ikasteko aukera izan zenuen.

Ramon Lazkanorekin orkestrazioa ikasi nuen. Ederki asko daki instrumentuak nola erabiltzen diren, maisu bat da horretan. Teknika ugari dakizki, eta zehaztasun osoz lan egiten du instrumentu bakoitzak soinu bikaina izan dezan. Gabriel Erkoreka musikagintzako maisua izan zen. Berarekin lantzen nituen idatzitako obrak, eta azken urteetan ohartu naiz bere musikarekin eta pentsatzeko moduarekin zerikusi handia duela nire musikak. Azkenik, Stefano Scaranirekin, ikus-entzunezkoen sektorea eta musika elektronikoa ezagutuz, trebakuntza landu nuen. Tradizio klasikotik atera, eta teknologia garatuagoarekin gauza berriak egin nitzakeela irakatsi ninduen.

Eta maisuez gain, eredurik izan al duzu musikaren munduan?

Gogoan dut, behin armonia ikasgaian, Sergei Prokofiev musikagilearen Sinfonia Klasikoa entzun genuela. Bat-bateko maitasuna bezalako zerbait izan zen hura. Bere musikarekin obsesionatuta ibili nintzen nerabezaroko lehen urteetan. Horrez gain, kritiko modura ere lan egiten dudanez, kontzertu ugarietara joaten naiz, eta egunero musika ugari entzuten dut; gero, horietatik eratorritako musika da nire obretan islatzen dena. Hortaz, influentzia jakin bat ez, baizik eta oso ezberdinak ditudala esango nuke. Ahal izango banu, Jesus Guridi ezagutzea gustatuko litzaidake, baina jada ez da posible. Musikari zoragarria iruditzen zait, Euskal Herritik kanpo oso gutxi ezagutzen dena. Batzuetan esan izan didate nire musikak bere ukituak dituela. Agian, inkontzienteki entzuten dudana paperera igarotzen da gero, eta baliteke berarekin ere horrela gertatzea.

Nolako esperientzia da musika egitea?

Gogorra eta zaila da, eta ez da dibertigarria. Instrumenturen bat jotzea edo inprobisatzea dibertigarriagoa da, baina partitura baten aurrean eseri eta arkatz batekin idazten hasteko beharrezkoa da borondatea edo gogoa izatea. Gero, obrak amaitzea da musikagintzan irakasten dizuten gauzarik garrantzitsuena. Euren musika bera ez egiteko esaten zidaten maisuek: «Zuk idatzi eta idatzi, geroz eta gehiago, eta dinamika horrekin ohartuko zara zein den zure ahots propioa». Ideia hori oso garrantzitsua zen eurentzat.

Hortaz, zuretzat bizi-estilo bat da musika bera?

Nire pasioa da, eta ezin nezakeen irudikatu bestelako bizitzarik musikarik gabe. Bakoitzak bere ofizioa du, eta horren inguruan joaten da bere bizitza osatzen eta elikatzen. Musikariok badugu erdi erotuta egoteko fama, egun guztian musikarekin itsututa egotearena. Nire kasuan, esaterako, Musikenen sartu aurretik jada kritikak egiten hasia nintzen zenbait aldizkarirentzat.

«Krisi bat izan nuen musika klasikoarekin, eta bost urte eman nituen rock-pop musika idazten»


Benetan erotuta al zaudete musikariak?

Ni, bere momentuan agian bai. Egun osoa igarotzen nuen musikarekin gora eta behera. Azken urteetan, berriz, lehen baino denbora gutxiago eskaintzen diot, eta pixka bat erlaxatu naizela esango nuke. Orain gustuko dut irakurtzea, pelikula ugari ikusten ditut, eta bideo-jokoetan aritzeko ohitura ere badut.

Pelikuletan, adibidez, soinu bandetara joaten al zaizu entzumena?

Saiatzen naiz gehiegi ez aldentzen, bestela, modu partzial batean jarraitzen duzu filma. Gainera, kasu askotan pelikuletako soinu bandak ez dira oso onak izaten. Madrilen nengoela, soinu banden ikastaro batean aritu nintzen, eta film labur batzuetarako musika idazten hasi nintzen, baina oso mundu arraroa iruditu zitzaidan. Zuk ideia bat izaten duzu, baina zuzendariak beste bat du buruan. Hortaz, frustragarria izan daiteke, berea delako azken hitza.

Azken urteetan, hamaika proiektuetarako egin duzu musika.

Hala da. Niretzat Navigare necesse est da handiena. Euskadiko Orkestrak ospakizun handi bat egin nahi zuen iaz, Juan Sebastian Elkano nabigatzaile getariarrak egindako lehen mundu biraren 500. urteurrenaren harira. Bost pieza enkargatu zituzten, eta niri irekierako pieza egitea proposatu zidaten, orkestrarentzat eta abesbatza batentzat. Elkanoren bidaiaren hasiera irudikatzea zen helburua, modu horretako bidaia batera zihoazen marinelen inguruko emozioak transmitituko zituena. Lan handia eskatu zidan, nik ere landutako zerbait egin nahi nuelako; azkenean, 6-7 hilabete behar izan nituen hori egiteko. Bestetik, azken urteetan erlazio handia dut Trio Zukan taldearekin. Txistua, akordeoia eta perkusioa uztartzen dituen hirukotea da, eta estatuan nahiz Europa mailan hara eta hona dabiltza. Bestela, eskatzen didatenaren arabera aritzen naiz lanean.

Inoiz jaso al duzu saririk edo errekonozimendurik?

Musikagintzaren barruan, ohikoa izaten da obrak lehiaketetara bidaltzea, Curriculuma osatzeko modu bat delako. Nik, ordea, inoiz ez dut horrelakorik egin nahi izan. Bela Bartok musikariak zioen lehiaketek ez dutela inolako zentzurik, musikagileak ez garelako zaldiak, eta ezin duzulako musikagile bat beste batekin alderatu, bakoitzak bere estiloa duelako. Horrelakoetan, gainera, egiten duzun musika motaren arabera etiketak ezartzeko arriskua izaten da, eta ni beti saiatu izan naiz bidea alderdi alternatibotik egiten. Horri esker, proiektu oso ezberdinak egin ditut.


Eta geratu al zaizu arantzarik barruan?

Nire bizitza pixka bat arraroa izan da. Musikenetik irten nintzenean krisi bat izan nuen musika klasikoarekin. Bost urte eman nituen rock eta pop motako musika idazten. Ondoren, musika garaikidearen mundura itzuli nintzen. Pixkanakako bidea izan da, eta oraindik ere bide hori osatzen ari naiz. Gainera, musikagileen ibilbidea nahiko berantiarra da. Gaztea zarenean oraindik hazten, hezten eta ikasten ari zara. Musikagile entzutetsuenek 40 edo 50 urte baino gehiago dituztela hasten dira euren obra garrantzitsuenak egiten. Nik orain 40 urte ditut, eta beraz, ahalik eta musika onena egiten saiatuko naiz. Oraindik badut astia horretarako. [Barreak].

Une honetan, zein egoeratan aurkitzen da euskal musikagileen sektorea?

Duela 20 urte arte ez zegoen ia ezer. Musikagile gutxi zeuden, ez zegoelako horretarako bidea emango zuen azpi-egiturarik, ezta musika garaikidea estreinatzeko ziklorik ere. 2000. urtean, berriz, bi elkarte sortu ziren: Musikagileak izeneko Euskal Herriko Musikagileen Elkartea eta Kuraia izeneko Musika Garaikide Taldea. Egoera hobetzeko elkartu ziren musikagileak, baita lortu ere. 20 urtetan lan garrantzitsua egin dute, zirkuituak sortuz, kontzertuak ugarituz eta talde berriak sortuz. Oraindik asko dago egiteko, Frantzian edo Alemanian zein profesionalak diren ikustea besterik ez dago. Hala ere, hobekuntza nabarmena da, eta horretan garrantzia berezia izan du Musikenek, bertan musika garaikidea ikastea nahitaezkoa delako. Ikasle asko jarri da musika mota horrekin kontaktuan, eta behin Musikenetik irtendakoan, musika hori egiten jarraitu dute.

«Armonia ikasgaia influentzia handia izan zen; orduan piztu zitzaidan musika egiteko gogoa»


Zeintzuk dira une honetan buruan dituzun erronkak?

Ahal bada, eta egitea lortuz gero, proiektu erraldoi bat dut buruan 2023rako, baina ezin dut ezer gehiago kontatu. Bitartean, lanean jarraituko dut, bertan behera geratu diren enkargu eta estreinaldi horiek berrartzeko helburuarekin.

 

MOTZEAN

Musikari edo musikagile bat? Joseph Haydn.

Musika mota bat? Musika klasikoa.

Kantu edo obra bat? The Smashing Pumpkins taldearen Cherub Rock.

Entzun duzun azkena? The Smashing Pumpkins taldearen Tonight, Tonight. Azken aldian gehien entzuten dudan taldea da, nabari da, ezta?

Instrumentu bat? Oboea.

Areto bat? Donostiako Kursaaleko auditorioa.

Musikagilea ez bazina... Txotxongilolaria izatea gustatuko litzaidake. Betidanik izan ditut gustuko. Haurtzaroan txundituta geratzen nintzen ikusten nituen bakoitzean.

Erlazionatuak

Hamaika ikusteko eta entzuteko, itxialdiaz

Josu Artutxa Dorronsoro 2020 urr 11 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!