Gatazken eraldaketan eta biktimen erreparazioan, urrats gehiago

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko urr. 8a, 07:59

Bizikidetzaren inguruko elkarrizketa «zabala eta zintzoa» sustatzeko ekitaldiak antolatu dira datozen hilabeteetarako; urriaren 16an eta 28an izango dira lehenak, Leidor aretoan.

Urtero bezala, udazkenean bizikidetzarekin lotura estua duten bi hitzordu izango dira, Tolosan. Atzo egin zuten horien inguruko aurkezpena udaletxeko pleno aretoan, udala ordezkatzen duten alderdi politiko guztietako kideekin. «Bizikidetzaz hitz egiteko bi abagune izango dira», adierazi zuen Olatz Peon alkateak.

«Batetik, azaroaren 10ean, biktima guztien memoria mahai gainera ekarriko dugu. Bestetik, abenduaren 10ean Nazioarteko Giza Eskubideen Eguna ospatuko da, hauen errespetua eta aitortza aldarrikatzeko eguna», azaldu zuen alkateak. Aurreko urteetan hasitako bideari jarraipena emanez, data hauek baliatu nahi izan dituzte Tolosako Udaleko alderdi politikoetako ordezkariek, bizikidetzan urratsak egiten jarraitzeko.

Aurten, ordea, egitaraua bi egun horietara mugatu beharrean, datozen hiru hilabeteetan zehar ekitaldi ezberdinak izango dira Tolosako herritar guztien eskura. «Bizikidetza, Memoria, Egia, Erreparazioa eta Giza Eskubideak muinean dituzten ekitaldiak izango dira, bizikidetzaren inguruko elkarrizketa zabala eta zintzoa sustatzeko, norberak bere bizipenak azaleratzeko eta besteenak entzun eta onartzeko aukera emateko topagune ezberdinak sortu asmoz».

Gogoetetatik abiatuta

Egitaraua osatzeko hiru helburu eta zenbait hausnarketa izan dira abiapuntu udalarentzat. «Gure herrian, sufrimendu egoera asko eta oso desberdinak direla jabetzen gara, batzuk ezagunagoak, nabarmenagoak, baina badira ere isilean egunerokotasunari txertatuak eta gure ingurune hurbilean gordeta diren bizipen eta egoera isilagoak ere. Horiek azalera ekarri nahi ditugu», adierazi zuen Andu Martinez de Rituertok.

Horrez gain, biktimen duintasuna berreskuratze horretan ere, udal bezala ardura bat dutela nabarmendu zuen EH Bilduko zinegotziak. «Izandako giza eskubide urraketa guztien inguruko ikerketa zorrotz eta zehatza ahalbidetuz, bai eta biktima guztien erreparaziorako eskubidea bermatzeko gure esku dagoen guztia egingo dugu. Zeregin horretan abiatutako bideari jarraipena eman nahi diogu urrats berriekin».

Azkenik, berriz ere errepikatu ez dadin, giza eskubide guztiekiko errespetua aldarrikatu, indarkeria guztiak arbuiatu eta gainditzeko bideak ireki eta gizartearen aniztasuna errespetatzearen beharra aldarrikatu zuen. «Bizi izandako indarkeria eta giza eskubideen urraketek, eta egun ere urratzen direnak, eragin eta eragiten duten mina ezagutzeak, errepikatu nahi ez dugun bidea aurrez aurre erakusten digu, eta bizikidetza justu eta osasuntsuaren alde lanean jarraitzeko indarra ematen digu».

Gazteak proiektuaren parte

Egitarau honen baitan, udazkenerako antolatu diren ekitaldiak formatu ezberdinekoak izango dira, hala nola, antzerkia, zinema, ikus-entzunezkoak, mahai inguruak eta bestelako saioak. Lehen bi ekitaldiak urrian izango dira, biak ere Leidor aretoan, eta segurtasun neurri guztiak hartuta. Batetik, urriaren 16an, 20:30eatik aurrera, Viaje al fin de la noche antzezlana ikusteko aukera egongo da. Bestetik, urriaren 28an, 20:00etan, Zubiak filma eskainiko da.

Urriaren 16an, goizean zehar, Proyecto 43-2 taldeko kideek zenbait ikastetxeetako bigarren batxilergoko ikasleekin saio pedagogikoak egitea da asmoa, formatu txikiago batean eta eskolara egokituta. «Oraindik lotzeke dago, nahiz eta proposamena botata dagoen. Antzerkia lanabes bezala erabiliko da gatazken eraldaketan eta bizikidetzan gazteak trebatzeko, elkarrizketarako nahiz iritziak partekatzeko gune berriak sortu asmoz. Egungo testuinguruan, gainera, hainbat gazte Leidor antzokian elkartu ordez, saioak ikastetxeetan bertan egitea egokiagoa da», adierazi zuen Joxe Mari Villanueva PSE-EE-ko ordezkariak.

Ordezkari politikoek bizikidetza esparru guztietatik bultzatzeko baliabideak jartzeko konpromisoa berretsi zuten atzo. «Memoriaren Nazioarteko Egunean, lore eskaintza bat egin izan da orain arte, baina aurten egitarau zabalago bat osatzen saiatu gara, guztia egun bakarrean izan beharrean», adierazi zuen Peonek. Bestalde, Giza Eskubideen Urraketen inguruan bilketa bat egiten ari da Aranzadi. «Gerra Zibiletik hona jasotako datu guztiak webgune batean bildu dituzte. Beste herri batzuetan aurkezten ari dira, eta abenduaren 10erako hori martxan izan nahiko genuke», azaldu zuen Martinez de Rituertok.

BIZIKIDETZA SAIOAK 2020

Urriak 16, ostirala

20:30. Viaje al fin de la noche antzezlana, Leidor aretoan. Proyecto 43-2 antzerki taldeak Euskal Herriak pairaturiko indarkeriaren eta bizi duen bake prozesuaren harira sorturiko trilogiaren azken lana da. Lan hauen bitartez, antzerkia gatazka eraldatzeko tresna bezala erabiltzea eta antzerkia “Bestearekin— topagune bilakatzea lortu nahi da.

Urriak 28, asteazkena

20:00. Zubiak filma, Leidor aretoan. Jon Sistiagak eta Alfonso Cortes-Cavanillasek zuzendutako lana. Movistar + eta La Caña Brothers plataformek ETA el final del silencio izenburupean ekoiztutako 7 dokumentaletako lehena da. ETAk 2000an erail zuen Juan Mari Jauregiren historia jasotzen da, nagusiki Maixabel Lasa eta erailketan parte-hartu zuen Ibon Etxezarretaren arteko elkarrizketaren bitartez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!