Udal zerga eta tasa guztiak bere horretan uztea erabaki du udalak

Tolosaldeko Ataria 2020ko urr. 7a, 17:00

Udal zerga eta tasa guztiak izoztea erabaki da datorren urtera begira, egungo egoerari erantzunez, herritarrek jasaten duten presio fiskala baretzeko.

COVID-19aren pandemiak sortutako krisi ekonomikoak eragin zuzena izan du herritarrengan, baita udalarengan ere, diru sarrerek behera egin dutelako. Hala ere, tolosarrei eta tokiko hiri ekonomiako eragileei laguntzen jarraitzeko asmoz, udal zerga eta tasa guztiak izoztu dira, hala nola, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga, Jarduera Ekonomikoaren gaineko Zerga, Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zerga eta zaborraren tasa.

«Datorren urtean ez da igoerarik izango», adierazi du Begoña Tolosa Ogasun zinegotziak. «Diru gutxiago bilduko da herritarrek jasaten duten presio fiskala baretzeko, eta hortaz, baliabide gutxiago izango ditugu beste eginkizun eta proiektu batzuetarako». Era berean, iaz onartutako hobari guztiak mantentzea erabaki du udalak.

Fiskalitate alorrean orain arte hainbat neurri eta laguntza

Orain arte baina, udalak hainbat erabaki eta neurri hartu ditu fiskalitate alorrean Covid19ak sortutako egoera dela-eta.

  • Suspertu Tolosa planaren baitan udalak babesteko eta sustatzeko neurriak hartu ditu, esaterako, zerga eta tasen ordainketa atzeratu egin da eta terrazen eta azokaren kasuan salbuespenak egin dira: jabari publikoaren erabilera handiagoa egitea baimendu da terrazen kasuan, tasan igoerarik aplikatu gabe.
  • Eskaini ez diren zerbitzu edota jardueragatiko diru ordainketa guztiak itzuli egin dira, eta aurrerantzean ere modu berean jokatuko da. Udalak, azpimarratu nahi izan du, egungo egoeran zerbitzuak mantendu eta eskaintzeko baliabide gehiago behar direla, bereziki garbiketa eta desinfekzio lanak direla eta, baina horrek ez duela eraginik izango tasetan edota prezio publikoetan.
  • Bestalde, autonomo eta mikroenpresei hainbat gastu ordaintzen laguntzeko, horien artean zaborren tasa edota terrazen tasa, udalak diru laguntza lerro berria sortu du. Likidezia faltari aurre egiteko eta tokiko kontsumoa sustatzeko ere bonu kanpainak gauzatu ditu udalak, bertako merkatari, ostalari eta zerbitzuen sektorearekin elkarlanean; eta datozen asteetan Covid19ak eragindako inbertsio gastuei aurre egiteko diru laguntza lerro berria ere abiaraziko da.
  • Gizarte Babesa bermatzeko ere Gizarte Zerbitzuetara bideratutako aurrekontua handitu da aurten: gizarte larrialdietarako udal diru laguntza lerroa handitu da, familiei bideratutako diru laguntzak areagotu dira eta elikagai bankuko elikagaien banaketa osatu da, kalteberatasun egoeran dauden herritar guztien beharrei eta sortu diren behar berriei aurre egin eta erantzuteko.

Datorren urtera begira, egoeraren bilakaeraren arabera, udalak aurten hartutako ezohiko neurriak hartu ahal izango ditu, une horretan egon litezkeen edota etorkizunean sor daitezkeen eskaerei eta behar berriei erantzuteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!