"Proba nahiko gogorra izan zen; hori bai, ikusteko polita"

Imanol Garcia Landa 2020ko urr. 6a, 15:59

Tolosa CF-ko Maria Felisa Okomok (Ekuatore Ginea, 2002) hamahiru urte inguru daramatza bizitzen Tolosan, eta azken urteetan emaitza bikainak lortzen ari da atletismoan, pisu jaurtiketan. Azkenekoa Espainiako 20 Urtez Azpiko Txapelketan urrezko domina lortu izana, aurreko asteburuan, 13,49 metroko jaurtiketarekin.

Pozik lortutako txapelketarekin?

Izugarrizko pozarekin nago. Gogoz geunden ea hau lortzen genuen, uda osoan entrenatzen egon eta gero.

Emaitza hau lortzea espero zenuen?

Ikusten aritu ginen beste lehiakideen markak eta nola zebiltzan, eta banekien lehen postua lortzea gogorra izango zela, baina horren bila gindoazen.

Oraindik 18 urte dituzu, eta txapelduna izan zara. Horrek ere bere meritua du.

Bigarren geratu zenak ere 18 urte ditu eta, hori bai, hirugarren egin zuenak urtebete gehiago du. Zaharragoen aurka lehiatzea beti da zailagoa eta gogorragoa, baina lortu daiteke.

Aurretik izan zara Espainiako txapeldun?

16 urte azpikotan izan nintzen, baina bigarren urtean. 18 urte azpikoetan bigarren postua lortu nuen iaz. Lehenengo postua ere lortu nuen Espainiako selekzioarekin, Espainia eta Portugalen arteko txapelketa batean. Aurtengo denboraldia oso berezia izan da, baina gogor eta ondo entrenatuz, lortu dugu ateratzea.

Nola joan zen proba bera?

Nahiko gogorra izan zen; hori bai, ikusteko polita. Lehenengo bost jaurtiketetan lehen postuan nindoan, baina pasa egin zidaten azken aurrekoan, eta bi aukera nituen lehenengo postua lortzeko. Azken-azken aukeran lortu nuen jaurtiketa, ni bainintzen azkena jaurtitzen.

Nola prestatzen zara horrelako momentuetarako?

Jaurtiketa bat baino gehiago izateak esan nahi du urduritasuna ondo kontrolatu behar dela. Abiaduran aritzen den atleta batek momentu bat du, eta listo. Guk sei aukera ditugu, eta lehiaketak ordu erdi baino gehiago iraun dezake. Ni oso urduria naiz eta oso urduri jartzen naizenean ez zaizkit gauzak ondo ateratzen. Asko erlaxatu behar naiz, burua erlaxatu behar dut. Ez banaiz erlaxatzen askotan ez zait behar bezala ateratzen. Azkeneko jaurtiketa horretan oso lasai nengoen, nire buruari esaten lasaitzeko, eta azkenean lasaitu eta lortu genuen, baina asko kostatu zitzaidan erlaxatzea.

Gainera 20 urte azpiko Euskadiko errekorra lortu duzu 13,49 metroko markarekin.

Euskadiko errekorrekin nahiko ibilbide ona dut, azken lau urteetan asko gainditu ditudalako. Ondo sentitzen naiz beste bat lortzearekin. Espainiakoa 16 metro ingurutan dago eta horretara iristeko oso-oso denboraldi ona egin beharra dago.

Hemendik aurrera nola joango da denboraldia?

Dagoeneko denboraldia bukatu dugu. Oso gogorra izan da, uda osoa entrenatzen aritu garelako pistan. Peio Etxabe nire entrenatzailea egunero egon da nire ondoan, eta asko eskertzen diot. Orain denboraldia bukatu da, pentsatu baino askoz hobeto, eta orain gogoz denboraldi berria hasteko. Astebeteko atsedena hartu eta gero pista estaliko denboraldirako entrenatzen hasiko gara.

Datorrenari begira ze asmo dituzu?

Espero dudana da pista estalian Espainiako sailkapenean lehen postuan mantentzea. Dena ematen saiatuko gara, gozatzea espero dugu, eta ea zer emaitza ateratzen diren.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!