Adineko pertsonen bakardadeari aurre egiteko urrats bat gehiago

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko urr. 2a, 11:58

Adiskidetasun harremanen bitartez bakardade egoeran dauden adineko pertsonen ongizatea hobetzea helburu duen laguntza-programa bat da Adinkide. Atzo goizean, programaren aurkezpena egin zuten Tolosako Udaletxean.

Tolosako Udalak urteak daramatza zahartzaro aktibo eta osasuntsua sustatzen. Estrategia horren baitan kokatzen da atzo goizean, Adineko Pertsonen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, aurkeztu zuten Adinkide laguntza programa berria. Olatz Peon alkatea eta Mercedes Villegas Adinkideko zuzendaria izan ziren, bakartasun egoeran dauden adinekoei laguntzeko proiektuaren nondik norakoak azaltzen.

Adinkiderentzat, oro har erakundeen, eta zehazki, Tolosako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza eta babesa "oso garrantzitsuak" direla adierazi zuen Villegasek. "Horrela, Gizarte Zerbitzuekin eta lurraldeko eragileekin modu koordinatuan lan egin ahal dugu”.

Tolosaren kasuan, herritarren %22ak 65 urtetik gora ditu, eta gehienak gainera, emakumezkoak dira (%59). "Biztanleriaren zahartzea da aurrean dugun erronkarik nagusienetarikoa, horregatik, beharrezkoa da estrategia publiko-komunitarioak bultzatzea, adinekoen ongizatea eta autonomia bermatzeko eta bakardade egoerei aurre hartu nahiz aurre egiteko", azaldu zuen alkateak.

Erantzun koordinatua

Berez, martxoan abiarazi behar zuten Adinkide programa, baina koronabirusaren ondorioz, atzeratu egin behar izan dute aurkezpena. "ala ere, Adinkideko boluntarioak Tolosan bakarrik bizi diren 70 urtetik gorako pertsonei telefono bidezko laguntza eskaintzen aritu dira itxialdian zehar", adierazi zuen Peonek.

Hortaz, dagoeneko Adinkidek harremanetan jarri ditu lehen parte-hartzaileak. Gaur egun, 5 boluntario eta 5 adineko pertsona ari dira programan parte hartzen. Aurrena, adineko pertsonak eta boluntarioak elkarrizketatzen ditu Adinkideko taldeak, norberaren zaletasunak, beharrak eta lehentasunak ezagutzeko. Profilak eta hurbiltasun geografikoa kontuan izanda osatzen dira bikoteak, adiskidetasun-harremanak sortu asmoz.

Pertsonen osasun fisiko eta mentalean eragin zuzena du bakardadeak. Sozialki aktibo egotea da bakardadearen eta isolamenduaren ondorioei aurre hartzeko modurik onenetarikoa. "Adinkideren asmo nagusia adinekoen bakardadeari aurre egitea da, auzoetan laguntza espazioak eta sareak sortuz eta adiskidetasun harremanak bultzatuz, baina gizartea sentsibilizatzea ere helburu dugu", nabarmendu zuen Villegasek.

Parte hartzeko moduak

Modu ezberdinetara parte hartu daiteke Adinkiden. Batetik, aurrez aurreko laguntzaren aukera dago. Astean gutxienez bi orduz elkartzen dira adineko pertsona (bere etxean edo egoitza batean bizi dena) eta Adinkideko boluntarioa, paseatzeko, hitz egiteko... Modu honetara, lotura afektiboa sortzen da bi partaideen artean. Programa malgua bada ere, harreman horiek adinekoen ohiko bizilekutik kanpo egin daitezen sustatzen da, adineko pertsonen sozializazioa eta parte-hartzea sustatzeko.

Bestetik, telefono bidezko laguntza ere eskaini daiteke. Adinekoek eta boluntarioek adiskidetasun harremanak sortzen dituzte telefono, bideo-dei edo posta bidez. "Bizi dugun ezohiko egoeran laguntza eskaintzeko eta jarraipena egiteko modu egokia da hau", nabarmentzen dute udaletik.

Bi modu horiez gain, Bizilagun handiak izeneko egitasmoa dago. Honen bidez, bizilagun eta auzotarren arteko harremanak berreskuratu nahi dira, bakardadeari aurre egiteko adineko pertsonak beren inguruan bizi diren bizilagun boluntariorekin harremanetan jarriz.

Ekintza-talde bateko kide

Programa jakin batean parte hartzeaz gain, ekintza-talde bateko kide izango dira parte hartzaile guztiak. "Adinkide elkarteak antolatzen dituen auzo-topaketetan edo irteera kulturaletan parte hartu ahal izango dute denek, adineko pertsonen sozializazioa sustatu eta lagun sarea zabaltzeko, konfiantzazko eremu bat sortze aldera", zioen Villegasek. "Gainera, jarduerak adineko pertsonen iritziak kontuan izanda eta taldekideek proposatuta antolatzen dira".

Adinkide taldea harremanetan dago adineko pertsonen alorrean lan egiten duten profesional eta eragileekin. "Erkidego-mailan eskaintzen diren zerbitzu, baliabide edota laguntzen berri eman diezaiekete adineko pertsonei edota zerbitzu horietara sarbidea erraztu. Izan ere, behar izanez gero, anbulatoriora edota izapideak egitera ere lagun diezaiekete boluntarioek".

Parte hartzeko edo informazio gehiago eskatzeko, interesa duten herritarrek 676 197 354 telefono zenbakira deitu, tolosa@adinkide.org helbide elektronikora mezu bat idatzi beharko du. Bestela, Emeterio Arrese kalean kokatuta dagoen Adinkideko bulegora bertaratu daiteke, ondorengo ordutegian: astelehenetan eta asteazkenetan 10:00etatik 14:00etara; astearteetan 16:00etatik 20:00etara; ostegunetan 15:00etatik 19:00etara; eta ostiraletan 10:00etatik 13:00etara. Informazio gehiago nahi izanez gero, www.adinkide.org webgunea bisitatu daiteke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!