Botikinaren eskaera lantzeko batzordea sortu dute Amarotzen

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko urr. 1a, 11:59

60 auzotar inguru elkartu dira ezohiko batzarrean, besteren artean, botikinaren inguruan eztabaidatzeko; aurrerago herri mailako mobilizazioak egingo dituztela iragarri dute.

Amarotz auzoko dozenaka bizilagunek ezohiko batzarra egin zuten, pasa den ostegunean, Auzoetxe eraberrituan. Premiazko zenbait gairi buruz hitz egiteko bildu ziren. Auzoaren egoera sozio-ekonomikoaren berri emateaz gain, zenbait arazoren inguruan eztabaidatu zuten.

Besteak beste, auzoko botikinaren inguruan aritu ziren. 2019ko uda hasieran, Azpiroz farmazia Larramendi auzora lekualdatuko zela jakin zuten Amarotz auzoko bizilagunek. Haren ordez, baina, Eusko Jaurlaritzari botikin bat jartzea eskatu zioten, «bertan mediku bat dugunez, zerbitzu hori izan genezan», azaldu du Marian Urruzola auzotarrak. Eskaera hori Tolosako Udalaren bidez egin behar zutenez, berehala jarri ziren eurekin harremanetan, egin beharreko lan guztiak bidera zitzaten. 2019ko ekainean izan zuten lehen bilera, alkatea tartean zela. Irailean, ordea, eskaera idatzi baten bidez aurkeztu behar zutela ohartarazi zieten. «Denbora ugari galdu genuen. Hiru hilabete igaro ziren, eta guretzat premiazkoa zen tramiteak egitea».

2020ko urtarrilaren 29an, berriz, Tolosako Udalaren idatzi bat sartu zen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailean, auzoan botikin bat jartzea egokia zen aztertzeko eskatuz. Otsailaren 17an, udalak aurkeztutako dokumentazioaren kopia helarazi zitzaion Gipuzkoako Farmazien Elkargo Ofizialari. Martxoaren 3an, Tolosako Udaltzaingoaren txostena aintzat hartuta, eta urruntasunaren eta zailtasunaren irizpidea kontuan izanda, kontrako txostena egin zuen elkargoak, botikin bat irekitzea ez zela egokia adieraziz. «Legearen arabera, gertuen dagoen farmaziak autoz 10 minutura egon behar du, nahiz eta berez ez den betetzen».

Horma baten kontra

Martxoan bertan, guztioi eragin digun pandemia etorri zen. «Alarma egoera ezarri zen eta dena bertan behera utzi zuten». Maiatzaren 20an, udalari jakinarazi zitzaion aurkeztutako informazioa eta jasotako txostenak aztertuta, botikina baimentzea ez ziola egoki irizten. Auzotarrak ekainaren 8an bildu ziren udalarekin, baina ordura arte ez zuten erabakien inguruko berririk jaso. «Kezkatuta geunden, eta auzotarren interesa ikusirik, galdetzea erabaki genuen. Orduan izan genuen ezezkoaren berri».

Halaber, ekainaren 12ra arteko epea eman zioten udalari alegazioak aurkezteko. «Alegazioa ekainaren 12an elektronikoki erregistratu zutela jakinarazi ziguten, hain justu, epearen azken egunean. Gainera, antza denez, atzera bota zieten eskaera, sartu behar ez zuten plataforma batean sartzeagatik. Hori dela eta, ez ziren epearen barruan izapidetu. Uztailaren 10ean berriz aurkeztu zuten alegazioa, eta orduan zuzen erregistratu zen. Horregatik diogu udaletxearen kudeaketa ez dela batere ona izan, eta frustrazio handia sentitzen dugu. Denbora ugari galdu dugu eta hanka-sartze larriak egin dituzte. Ez dute auzoarekiko inolako errespeturik izan, eta guk horma baten kontra jo dugu behin eta berriro».

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legeari jarraituz, eta bertako 29. artikuluak esaten duenez, ezarritako epe mugak eta epeak bete beharrekoak dira gaiak izapidetzeko eskumena duten administrazio publikoetako agintari eta langileentzat, eta gai horietako interesdunentzat. Hala ere, ebazpenaren arabera, Osasun Administrazio eta Finantzaketa sailburuordearen aurkako errekurtsoa jar daiteke hilabeteko epean. «Errekurtso hau egina du udalak, eta oso ondo argudiatuta dago», aitortzen du Urruzolak. «Erantzunaren zain gaude, baina ezin dugu geldirik geratu».

Ondorioz, hirurogei bat auzotarrek botikinaren aldarrikapenak lantzeko batzordea sortzea adostu zuten. Estrategia ezberdinak garatzea izango da helburua, eta aurrerago herri mailako mobilizazioak egiteko asmoa dute. «Egoera tamalgarria da, Berazubira joan behar dugulako zerbitzua behar dugun bakoitzean. Jaurlaritzak emandako ezezkoa distantzian soilik oinarritzen da, eta gure ustez hori ez da balizko argudioa. Dekretu baten arabera, distantzia neurriak bete ez arren, auzoan baldintza bereziak badira, posible da botikin bat zabaltzea. Gainera, badira zerbitzua eskaini ahal izateko baliabideak. Beraz, borondate kontua da, besterik ez».

Auzotarrekin eskertuta

Auzo Elkartearen egoera ekonomikoaren berri ere eman zien auzotarrei batzarrean. Orduan, udaletxeak 2019ko azkeneko ordaina zor zion Auzo Elkarteari, baina pasa den larunbatean jaso zuten diru kantitate hori. «Lasaiago gaude, zenbait eragile eta hornitzailerekin zorrak genituelako». 2020koa, ordea, ez dute jaso, eta horrek kolokan jartzen ditu auzoan antolatutako jarduera sozio-kulturalak. «Auzotarrei esker, gutxieneko diru kantitate bat dugu gordeta, udalak emandako laguntza gure gastuen %70 inguru izaten baita. Hortaz, erabat eskertzekoa da auzotarren ahalegina».

Urruzola jakitun da Amarotz auzoan duten oztopo handietako bat adineko biztanle kopuru handia dela. Hala ere, auzoan bizi diren gazteetako batzuk hasiak baitira auzo elkartean lanean. «Zaila da odol berria sartzea, oro har oso okupatuta bizi direlako. Hala ere, pozgarria da belaunaldi aldaketa bat gertatzen ari dela ikustea, gazteek ere auzoaren egoerarekiko kezka azaltzen dutelako».

Erlazionatuak

Osasun zerbitzu baten beharrean

Josu Artutxa Dorronsoro 2019 uzt 25 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!