Osasun zerbitzu baten beharrean

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko uzt. 25a, 13:06

Farmaziarik gabe geratuko da Amarotz; zerbitzuak, Larramendi auzora lekualdatzeko baimena lortu duelako. Auzotarrek botikin bat jartzeko eskaera egiten diote udalari, egungo lokala dagoen tokian.

Amarotz auzoa, herriaren gunetik bereizten du N-1 autobideak. Oinezkoek eragozpen handiak izaten dituzte herrigunearekin komunikatzeko, herrian sartzeko edo bertatik irteteko biribilgunea dela eta, ibilgailuen trafiko handiko errepideak direla eta, edota industrialderako errepideak direla eta. Hain justu, auzotarrek hilabetero argitaratzen duten Auzoetxe aldizkarian, gogora ekarri nahi izan dute, ekaina hasieran, oinezko pasabideetako batean auzotar batek ibilgailu batekin izandako istripua.

Bizilagunak, baina, ez dira mugikortasun eta irisgarritasun arazoez soilik mintzatzen. Lehendik ere agerikoak ziren auzoko medikuarekin zituzten ezbeharrak, eta orain osasun arloan beste albiste txar bat jaso dute. Duela aste batzuk, Larramendi auzora lekualdatzeko baimena lortu zuen Amarotz auzoko botikak. Euskal Autonomia Erkidegoko legearen arabera, Amarotzen ezinezkoa da farmazia bulego berri bat jartzea. Ondorioz, farmazia zerbitzurik gabe geratuko dira auzotarrak.

Hori dela eta, bertako bizilagunek, mezu bat bidali nahi diete Tolosako Udalari: Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari Amarotz auzoan botikin bat jartzeko eskatzea. Ez da erraza, ordea. Auzotarrak jakitun dira prozedura konplexua dela, eta horregatik, zenbait legeetan oinarritu dira eskaera egiterako orduan.

Farmaziaren leku berean

Batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Farmazia Ordenamenduak, helburu gisa finkatzen du, herritar guztiei farmazia zerbitzu egoki eta homogeneoa bermatzea. Legeriak ezartzen duenez, farmazia zerbitzu egoki batek esan nahi du, botika erraz eta azkar eskuratzeko ahalmena izatea, eta botika hori, kontrol bermearekin eta beharrezko informazioarekin eskuratzea.

Horiez gain, botikinak jardunean jartzeko baimen, baldintza eta jardunbiderako erregimena ezartzeko dekretuaren artikulu batean, botikina izateko eskubidea ezartzen da: «800 biztanle baino gehiagoko udalerriak izan arren eta botika eduki arren, komenigarria da bertako auzo batzuetan establezimendu mota hau edo bestelako osasun zerbitzu bat edukitzea, gertuen dagoena urrun dagoelako, eta hara joateko zailtasunak daudelako, edo biztanleak leku batean aldi baterako bildu direlako».

Halaber, Amarotz auzoko farmazia irekitzeko prozeduran, Auzitegi Gorenak adierazi zuen auzoa populazio gune isolatua zela, eta herrigunetik bereizia. Aurrez aipatutako dekretuko artikulu berean, honakoa zehazten da: «botikinak udalerri bereko botika bati erantsirik egongo dira. Kasu honetan, egun Amarotzeko farmaziaren titularra den Lourdes Azpirozek, Larramendi auzora lekualdatzeko baimena duenak, Amarotzeko farmaziaren azpiegitura botikin modura erabiltzeko aukera eskaini behar die auzotarrei». Era horretan beteko lirateke botikinei exijitzen zaizkien betebehar tekniko-sanitario guztiak.

Era berean, eskaera egiteko, zenbait dokumentu gehiago aurkeztu beharko lituzke udalak: Botikin bat jartzearen eskaeraren gaineko erabakia onartzen duela baieztatzen duen osoko bilkurako akta (udalari dagokiolako botikin zerbitzu bat jartzeko baimena eskuratzeko prozedurari hasiera ematea); Amarotz auzoa herrigunetik bereizita dagoen gunea dela egiaztatzen duen udal ziurtagiria; teknikari eskudunak egindako planoa (Amarotz auzoaren mugak zehaztuta agertzen direna); Amarotz auzoan gutxienez 800 lagun erroldatuta daudela egiaztatzen duen udal ziurtagiria; eta azkenik, gertuen dagoen farmaziarako joan-etorria auto batean, zirkulazio arauak betez eta gertuen dagoen eraikinetik hasita, bataz beste 10 minututik gorakoa dela egiaztatzen duen ziurtagiria.

Etorkizuna "kinka larrian"

Horrez gain, aurrez aipatu bezala, Tolosak, auzoan bertan botikina jartzeko lokal bat baduela, eta beharrezko ezaugarriak, ekipamendua eta baldintzak betetzen dituela baieztatu beharko litzateke, interesaturik legokeen farmazialariak bertan botikin zerbitzua jartzeko. Auzotarrek diotenez, «udalak ez luke arazorik izango. Izan ere, oraingo titularra prest dago lokal hori botikin modura erabiltzeko».

Orain arte aipatutako eskaerez gain, Amarotzeko bizilagunek, beharrezkotzat jotzen dute hainbat aipamen egitea. «Auzoko zatirik handiena orain urte asko egindako eraikinez dago osatuta, eta babes sozialetako etxebizitza kopurua handia da. Horrek erakusten du, bestalde, bataz besteko eros ahalmena baxua dela. Gainera, garraio baliabide propiorik gabeko adineko pertsonen kopurua handia da».

Azkenik, auzoaren etorkizuna «kinka larrian» dagoela aitortzen dute. Zerbitzuak galtzen ari dira, baita krisiagatik, arazo ekonomikoengatik edo erretiroagatik establezimenduak ixten ere. Auzotarrentzat, beraz, «ezbehar handia» izango da farmazia ixtea. Auzoan oso ondo baloratzen dute zerbitzu hori; bereziki, aurrez aipatutako adineko pertsonen sektore jendetsuak. Ondorioz, auzoan botikina irekitzeak, bizilagunen bizi kalitatea mantenduko duela aitortzen dute. «Hain zuzen ere, udalari dagokio hori sustatzea eta bultzatzea. Beharrezkoa da, beraz, udalak auzoan botikin zerbitzua ezartzearen aldeko apustua egitea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!