Eskualdeko mugikortasunaz hausnartzeko aukera

Ataria 2020ko irailaren 30a

Tolosaldeko mugikortasun ereduaren inguruko erakusketa bat jarriko dute larunbatean, Tolosako San Frantzisko pasealekuan. Bertan egongo dira ikusgai Targazki taldearekin batera antolatutako argazki lehiaketan saritutako lanak.

Tolosako San Frantzisko pasealekuan eskualdeko mugikortasunari buruzko erakusketa bat jarriko dute larunbatean. Tolosaldea Garatzenek azaldu duenez, helburua da Tolosaldeko ereduari buruz hausnartzea eta horretarako herritarrak engaiatu nahi dituzte. "Ibilgailu pribatuaren erabilera altua (%54) irauli eta beste garraio iraunkorrago batzuen erabilera sustatzea da eskualdeko erakundeen helburua; garraio publikoa, bizikleta, ibilgailu elektrikoak,...", esan du.

Herritarren artean hausnarketa zabaldu nahi dute eta hori dela eta ostiraletik aurrera zortzi panelez osatutako erakusketa bat jarriko dute Gipuzkoako Artxibo Orokorraren aurrean, eta aurrerago erakusketa hori eskualdeko beste herri batzuetara eramatea da asmoa. "Eskualdearen mugikortasun-erronka nagusiak azaltzeaz gain, gurean nahiz kanpoan martxan jarri dituzten proiektuak ezagutaraziko ditu erakusketak".

Era berean, Targazki taldearen laguntzarekin antolatutako argazki lehiaketako saridunen lanak ikusteko aukera izango da erakusketan. Eli Moreno izan da lehiaketako irabazlea, Patinetan izeneko argazkiarekin, bigarren saria Jon Dorronsorok irabazi du eta hirugarrena Jose Antonio Abaigarrek. Gazteen mailan aldiz, Izaro Lopetegi izan da garaile, Beñat Rodrigo bigarren, eta Amets Azpillikueta hirugarren.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!