Usabal kiroldegiko futbol zelaiko belar artifiziala aldatzen hasi dira

Ataria 2020ko irailaren 29a

Futbol zelaian entrenatzen duten taldeek Berazubiko instalakuntzak edo Usabalgo futbol 7ko zelaiak erabili beharko dituzte lanek irauten duten bitartean. Futbol zelaiaren eta errekaren arteko bidegorri zatia ezingo da erabili hainbat egunez.

Atzo eman zitzaien hasiera Usabal kiroldegiko futbol zelaiko belar artifiziala aldatzeko lanei. Obrak direla eta, egun futbol zelaia erabiltzen duten taldeek Berazubin edo Usabalgo futbol 7 zelaian (solariuma) egin beharko dituzte entrenamenduak. Tolosa CF-ko taldeek Alegiako futbol zelaia erabili ahal izango dute lanek irauten duten bitartean. "Tolosako Udalak eskerrak eman nahi dizkio Alegiako Udalari eta bertako Intxurre KKE futbol taldeari egingo duten ahaleginaren aurrean", diote udaletik.

Horrez gain, futbol zelaiaren eta errekaren arteko bidegorri zatian ere eragina izango dute lanek. Istripuak ekiditeko, kanpoko igerileku pareko bidegorri zatia ezingo da erabili hainbat egunez. Beraz, bertan jarri diren seinaleei eta lanean ari diren langileen argibideei kasu egiteko eskatzen zaie bidegorriaren erabiltzaileei, arriskurik sortu ez dadin.

Herritarrei kalitatezko kirol ekipamenduak eskaintzeko lanean jarraitzen dutela adierazten dute udaletik. "Hainbat izan dira azken urteetan berritu, konpondu edo egokitu diren instalakuntzak, tartean, esaterako, Uzturpe eta Beotibar frontoiak, edo Berazubi estadioan egin diren berritze lanak, besteak beste, harmailak, padel pistak, frontoia, bulego berriak, aldagelak eta dutxak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!