Elkarrizketa

«Hamaika desira dira, kateak hautsi nahi dituzten norbanakoen begietatik kontatutakoak»

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko ira. 24a, 19:59

Hilotz taldeak 'Aske' izeneko hirugarren lana kaleratu du, bere hamargarren urteurrenean; gogortasun ukituak izan arren, melodia harmonikoa duela dio: «Jendeak metalaz duen ikuspegitik harago doan diskoa da».

2014an batu zen Hilotz taldera Etxahun Urkizu Arsuaga (Tolosa, 1992) bateria jotzailea. Azken bost urteetan, taldean ez da aldaketarik izan, eta identitate finko bat dutela nabarmentzen du. Hala ere, hiru urteko prozesu luze baten emaitza da irailaren 15ean aurkeztu zuten Aske lana.

Noiztik dator disko hau prestatzearen ideia?

Uste dut gauza bera gertatzen zaigula talde guztiei. Disko bat amaitzen duzunean, beste bat prestatzen hasten zarela, alegia. Aurreko diskoan sartu gabe geratu ziren kantuak gordeta dituzu, eta kantu berriak ere egiten dituzu. Hala ere, ideia gauzatu arte, hau da, kantuak osorik egin eta entseatu arte ez zara lanaz kontziente. Gure kasuan, behintzat, aurreko diskoaren aurkezpen kontzertuak amaitzean hasi ginen ideia garatzen.

Eta nolakoa izan da grabaketaren prozesua?

Luzea. Hiru urte iraun ditu. Iazko Aste Santuan grabatu genuen diskoa, baina aurretik, kantuak egiteko ere denbora dezente behar izan genuen, lan kontuak eta bestelako arrazoiak zirela eta.

Zergatik izan da hain luzea?

Hasieran, presaka ibili nahi genuen, abestiak genituelako eta erritmoa lortu genuelako. Iazko Durangoko Azokarako kaleratu nahi genuen. Gerora, baina, filosofia apur batekin hartu nahi izan genuen, eta uste dut erabaki ona izan zela prozesua moteltzearena, batez ere, gure diskoa editatuko zuen zigilua aurkitzeko. Aipatu behar da, inoiz ez dugula zigilurik izan, eta behar bezalako promozio lana egiteko aukera ematen duela.

Nondik dator 'Aske' izena?

Mikel Yarza taldeko abeslariak diskoa zerbait kontzeptuala izatea nahi zuen. Gure diskoak, oro har, ildo musikala baino ildo filosofiko handiagoa du. Hastapenetan baziren askatasunaren inguruko bi kantu, eta gerora, diskoko kantu gehienak aske izan nahi duen ororen begietatik sortutakoak dira. Beraz, gure helburua islatzen duen hitza da aske.

Zer da, bada, askatasuna?

Diskoa bera da askatasuna. Gizarteak inkontzienteki edo nahigabe eraikitako muga mentalak ditugu denok. Hala ere, guk egiten dugun musika guztiz askea izan dadin saiatzen gara. Gero, egia da, guk kentzen eta ematen diogula gure buruari askatasuna. Itxialdian, gainera, ez dugu aske izatea lortu; beraz, oraindik ere badu zentzua izenak.

Enpatia ariketa bat egin duzuela diozue. Erraza izan al da?

Ez, zaila izan da. Aske izan nahi dutenen larruazalean jartzeko ahalegina egin dugu, baina uste dut ezingo dugula inoiz lortu, egoera horietan aurkitzen ez bagara behintzat. Beraiek sentitzen duten hori adierazten saiatu gara, eta guk eragiten dieguna adierazi nahi izan dugu. Izua su kantuan, adibidez, emakumeen azalean jarri nahi izan dugu, letra emakumezko batek idatzia eta abestua baita. Etorkinen kasuan zailagoa da letrak egitea, halakorik gertu ez dugulako.

Hamaika abestiz osatzen da diskoa, eta estilo ugari uztartzen ditu. Aniztasuna badu, beraz.

Metal estiloa oso gustuko dugu, baina estilo horren barruan azpi-genero gehiago daude. Horietako asko entzuten ditugu, baita bestelako estiloak ere. Orduan, gure influentziek asko markatzen gaituzte, eta entzuten dugun hori aurki daiteke diskoan. Hamaika begirada, zalantza edota desira dira, kateak hautsi nahi dituzten norbanakoen begietatik kontatutakoak. Jendeak metalaz duen ikuspegitik harago doan diskoa da. Ez dira soilik oihuak entzuten; melodia ugari du diskoak, oso harmonikoa da, zati malenkoniatsuekin. Aldi berean, gogortasun ukituak ditu.

Zein mezu nabarmendu nahi izan duzue zuen kantuetan?

Animalien askapena, emakumezkoen zapalkuntza, etorkinen bazterketa... oro har, kritika soziala egin nahian idazten ditugu abestiak. Berdintasunera bidean, oraindik ere badira aldatu beharreko gauzak. Bitartean, horiei buruz idazten jarraituko dugu. Gizarte hobe baten bidean, musikaren bidez laguntzea da gure nahia, eta jendeak hausnartu dezala horri buruz.

Diskoko azken bi kantuek, 'Betirako atsedena' eta 'Agur' dute izena. Despedida al da?

[Barreak] Ez, ez. Hain justu, kantu instrumentalak dira, letrarik gabeak. Letrarik ez duten kantuen kasuan, gustuko dugu entzuleen interpretazio librearen berri izatea, askotan ez baita bat etortzen zuk idatzitako ideia horrekin. Betirako atsedena eutanasiari lotutako kantua da. Bizitzaren amaiera etorriko balitz bezala, baina hiltzen uzten ez dizutenean. Badu kontraesana zure bizitzaren jabe ez izateak. Agur kantua, berriz, aurreskuaren moldaketa bat da, diskoari amaiera emateko hautatutakoa.

'Agur' kantuaren bideoklipak zeresan handia eman zuen, estilo nahasketagatik.

Bai, eta orotariko kritikak jaso ditugu, gehienak eraikitzaileak. Zorion mezuak ere jaso ditugu. Ez genuen arrazoi jakin batekin egin. Aurreskuaren melodia oso iluna iruditu zitzaigun. Donostiako danborradako melodiak metal estilora eramatea ere pentsatu genuen. Halaber, diskoan dugun estetika ilun hori ere islatzen da bideoklipeko irudietan.

Diskoan, gainera, hainbat tolosarren laguntza izan duzue.

Hala da, bai. Hain zuzen, Agur kantuan Xanti Nazabalek grabatu zuen txistua, eta bera da bideoklipeko dantzarietako bat. Nire arreba Itzea Urkizuk, berriz, lehen aipatutako Izua su kantua idatzi zuen, eta Natalia Garmendiak jarri zion ahotsa. Azkenik, Ander Zubillagaren laguntza ere izan dugu. Denei eskerrak eman beharrean gara, sekulako lana egin dute eta. Urrutira joan gabe, produktua ona bada, inguruan badira kalitate handiko artistak. Tolosaren kasuan, alde horretatik, zorte handia dugu.

Diskoko kantu bat aukeratzekotan, zein eta zergatik?

Zuk egindako musikan oso zaila da hautatzea, guztiak direlako kuttunak. Auhen eta Diktadore zintzoa aukeratuko nituzke, gitarraren linea melodikoak nik idatziak direlako.

Orain, aldiz, ez da erraza izango diskoa nonahi aurkeztea.

Ez, noski. Hala ere, esperantza haize bat izan daiteke gu baino askatasun gutxiago duen horren azalean jartzea. Bizi dugun egoera honetan, jendeak hausnartu dezan nahi dugu. Hala ere, aitortu beharra dut, zuzenean jotzea dugula gustuko, eta hori lortu nahian gabiltza. Bitartean, promozio lanetan jarraituko dugu, behintzat horretan jarri nahi ditugu gure indarrak.

Erlazionatuak

Agurra, metal estiloan

Tolosaldeko Ataria 2020 ira 03 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!