«Minbiziaren alor guztiak jorratu behar dira; ez soilik diagnostikoa, teknika edota tratamendua»

Irati Saizar Artola 2020ko ira. 27a, 07:59

Ikerkuntzak aurrerapausoak ematea dakar berarekin eta tratamenduen ikuspuntutik, azken urteetan, aurrerapen handiak lortzen ari direla aitortu du Izaskun Zeberio hemato-onkologoak; hala ere, prebentzioan eta pazientearen bizi kalitatean egiteko asko dagoela dio tolosarrak.

Hogetia bost urte daramatza Izaskun Zeberiok (Tolosa, 1970) minbiziaren inguruan lanean. Donostiako Ospitaleko hemato-onkologoa da eta minbiziaren diagnostiko eta tratamendutik harago, ikuspegi zabalago batean begiratu nahiko lioke gaiari. Jendartea zientziak eta ikerkuntzak gizartea eraldatzeko duen gaitasuna baloratzen hasi dela dio.

Minbiziari aurre egiteko, lehenik ikertu egin behar. Horretan baduzu esperientzia?

Odoleko gaitzaren ondorioz sortzen diren minbiziak artatzen ditugu Donostiako Ospitalean, eta ikerkuntza, tamalez, ez dugu gehiegi egiten. Badauzkagu zenbait proiektu atxikita Donostiako Ospitaleari, Biodonostia Ikerkuntza Zentroan, eta beraiekin zenbait proiektu konpartitzen ditugu, baina nahi baino gutxiago, asistentziak jan egiten gaituelako. Asistentzia mailan, entsegu klinikoak egiten ditugu, hau da, farmakoak komertzializatu aurretik, aukera ematen diegu entsegu kliniko bitartez zenbait pazientek aukera izan dezaten tratamendu horiek jasotzeko.


Ikerketa ukitu bai, baina egunerokoan zein da zuen lana?

Nire kasuan, hematologia barnean, ingresatzen ez dituzten eta minbizia duten pazienteak artatzen ditut. Bertan, diagnosia egiten diegu, tratamenduko plana gero, eta jarraipena ere egiten diegu. Bereziki zenbait pazienteengan, zenbait ikerkuntza paraleloki egiten ditugu.

Minbizia zein puntutan dagoela esango zenuke?

Aurreikuspen bat dago mundu mailan, 2030 urterako minbizia izango dela gure gizartean heriotzaren lehen arrazoia. Alde batetik, biziraupena asko igo da; minbizia jende gazte askok pairatzen du, eta bereziki zahartzearen prozesuaren barne dator. Eta beraz, biziraupena igotzen den heinean, minbizi gehiago ikusiko dugu. Baina beti diagnostikoan eta tratamenduan soilik pentsatu ohi dugu, eta nik uste ikerkuntzak ikuspuntu askozaz zabalago bat duela, pertsonaren ikuspegi integral bat, holistikoa. Hor sartuko litzateke minbiziaren prebentzioan zer lan egin dezakegun, diagnostiko azkarrean, baita tratamenduan ere. Minbizi asko gaur egun ez dira sendatzen, eta bertan, garrantzitsua da baita ere pazienteak gaizki daudenean fase horiek zaintzea. Fase hoberena, azken batean, sendatzearena da, baina sendatzen ez denean, edo minbiziagatik heriotza datorrenean, interbentzio asko egin daitezke pazientearen bizi kalitatea eta gaixotasunaren bizipena hobetzeko. Hor ere ikerkuntza handia egin behar izaten da.

Sendatzea izaten da gaixoaren nahia. Baina prebentzioan ere indarra egiten duzue.

Euskal gobernuak badu minbiziaren plan integral bat eta bertan parte hartu izan dut. Hor alor ezberdinak daude eta prebentzioa alor garrantzitsu bat da. Nik zuzenean hor ez dut parte hartzen, baina minbizia artatzeko garaian oso garrantzitsua da betiere diziplina anitzeko tratamendu bat ematea. Pentsatzen da minbiziaren %50a prebentzioarekin ekidin daitekeela, beraz, gure indarrak ere horretan jarri behar ditugu. Elikadura, bizi ohiturak, zenbait txerto... jende asko ari da lan horretan. Gauza bera gertatzen da diagnostiko azkarrean. Badakigunean familiako kasuak izan dituela aurrez, edo adin batetik aurrera ohikoak diren minbiziak badaudenez, diagnostiko azkarra egiteak askotan sendatu ahal izatea bermatuko du.

Zientzia bizkor doa. Zuek hari jarraika egiten duzue lan?

Norberaren lanean norberak ikusi behar du noraino iritsi nahi duen. Guri inork ez digu exijitzen berrikuntza guztiez jakinaren gainean egotea, baina, nik uste, konpromiso handia daukagula pazienteekiko, eta adibidez ez dut ulertzen asistentzia soilik eginda pazienteak artatzea. Nire denboraren zati bat ikasteari dedikatzen diot, eguneratzeari, eta zorionez, teknologia berriek erraztasun hori eman digute. Garai batean oso zaila zen liburutegira joan eta artikuluak lortzea, baina, momentu honetan, dagoen datu baseari esker, informazioa online dago eta berrikuntza garrantzitsuenak epe motzean guregana iristen dira. Gainera gaitasuna daukagu gure artera ekarri eta diagnostikoan edo tratamenduan hobekuntza horiek gure pazienteei eskaintzeko.


Baliabide nahikorik duzue lan egiteko?

Zorte izugarria daukagu, eta ez dakit kontziente garen. Pandemia egoera honek gauza txar asko ekarri dizkigu, baina onak ere bai. Eta bat da gure zerbitzu publikoak ze gaitasuna ematen digun, onartuta dauden diagnostiko prozedurak, tratamenduak eta abar, gure pazienteei eskaini ahal izateko. Hori sekulako altxorra da. Guk teknika berriren bat edo tratamenduan efikazia agertu duen farmakoren bat aurkitzen dugunean, oso denbora gutxian gaitasuna daukagu gure pazienteei eskaintzeko, eta hori herrialde askotan ez da gertatzen. Garai batean Ameriketako Estatu Batuetan egon nintzen, eta haiei ahoa betetzen zaie bertako osasunak duen ikerkuntzaz aritzean. Baina tamalez, Amerikan, tratamendu eta teknika berri horiek populazio oso mugatu batera iristen dira: aberatsetara eta seguru pribatu oso onak dituztenetara. Diferentzia sozial eta ekonomikoak izugarriak dira, eta ikerkuntza asko daude esaten dutenak Amerikan afro-amerikarrak Afrikako antzeko baldintzetan tratatzen direla, eta hori lotsagarria da. Guk, zorionez, aukera daukagu asistentzia unibertsal eta bidezko bat emateko. Oso kontziente izan behar dugu horretaz, eta zaindu.

Alde nabarmena topatu zenuen, beraz.

Amerikan izugarria da ikerkuntza maila. Baina hori gertatzen da bertara doazelako munduko ikertzaile hoberenak. Inbertsio oso handi bat dago ikerkuntzarako. Horri esker aurrerapenak agertzen dira. Nik uste hemen ezin dugu lehiatu haiekin, baina elkarlana aurkitu behar dugu. Guk ez daukagu beraiek daukaten inbertsioa, ezta ekipoak ere, baina kolaborazio polita egin dezakegu. Zientzia mailan, klinikoki, esperientzia handia daukagu eta beraien proiektuetan parte har dezakegu. Nik uste ikerkuntzan oso garrantzitsua dela elkarlan internazionala bilatzea, bai Europan eta baita Amerikan ere.

«Heriotzarena hor dago; noski askoz ederragoa dela gaixo bat benetan sendatzen denean, baina sendatzen ez denean ere gure lana hor dago»


Azken urteetan aurrerapenik eman da minbiziaren inguruan?

Minbizia iraultza bat izaten ari da azken urteetan. Batez ere, ikuspegi askozaz integralagoa behar dugulako, pertsonarena. Alor guztiak jorratu behar dira, ez soilik diagnostikoa, teknika edo tratamendua, baizik eta prebentzioa, kronifikazioa, bizi kalitatea... orain arte jorratu gabeko alor asko. Horretan ari gara lanean.

Tratamenduen ikuspuntutik guztiz aldatu da tratamenduen zuzenbidea. Garai batean, tratamendu guztia zelula tumoralak erradikatzea zen, eta azken bost urteetan izugarrizko garapena jaso du esaterako immunoterapiak; hau da, tratamendu ezberdinak ez doaz zuzenduta pazientearen zelula tumoralak erradikatzera, baizik eta inguruan dauden zelula immune edo defentsak hartuta, horiek erabiltzen ditugu tumorea deuseztatzeko. Horrek aukera eman du tratamendu askoz efikazagoak erabili ahal izateko, eta orokorrean tratamendu horiek pazientearen bizi kalitatea askoz hobeto bermatzen dute. Tratamendu atseginagoak dira, eta aldatu egin da gure tratamenduen paradigma.

Tratamendu berriekin aldaketak hobera doaz, beraz.

Azken terapia garrantzitsuena eta iraultza bat izango dena, eta nik uste hurrengo medikuntzako Nobel Saria emango diotena terapia zelularra izango da. Pertsonaren linfozitoak atera eta laborategi batean eraldatu egiten dira, eta zelula horiek minbiziaren kontra zuzentzen dira gero. Momentu honetan, zelula horiek linfoma eta leuzemiaren aurka borrokatzeko bakarrik lortu dira, eta paziente horiengan ari gara aplikatzen. Espero da beste tumoreetan etorkizunean ere lortuko dugula.

«Fase hoberena sendatzearena da, baina sendatu ez eta heriotza datorrenean, interbentzio asko egin daitezke bizi kalitatea eta gaixotasunaren bizipena hobetzeko»


Terapia zelularraren teknikak edota immunoterapiarenak orain gutxi lortu dituzte emaitza garrantzitsuak, eta orain hasi gara gure pazienteetan aplikatzen. Duela bi urte lortu zuten immunoterapia teknikarengatik bi pertsonek Nobel Saria, eta haiek azken 25 urteak ikerkuntzan pasa dituzte. Bidean ikerkuntza asko geratzen dira egiteke, batetik emaitzak ez direlako onak, baina bestetik ez dagoelako interesik industriaren aldetik. Ateratzen diren gutxiak, lan sakon baten ondorio dira. Nobel Saria aipatu dut, ikerkuntzako gure sari preziatuena delako, baina niri, momentu hauetan, anakronismo izugarria iruditzen zait Nobel Saria pertsona batzuei ematea. Pertsona horiek dudarik gabe, proiektu horien buru izango dira, baina talde gabe ez dira inor horrelako ikerkuntza sakon eta konplexuak aurrera eramateko, beraz, nik uste, Nobel Sariak aldatu egin beharko liratekeela eta taldeei edo proiektuei eman.

Ikertzeko dirua beharko da, eta ez gutxi.


Arazo potoloa da hori. Horretarako benetako politikak behar dira. Limosnetatik bizitzen jarraitzen dugu, zenbait zientzialari oso soldata kaxkarrarekin daude izugarrizko lana egiten eta horrek aldatu egin behar du. Garrantzitsua da kontzientzia soziala sortzea, dibulgatzea, guztia gizartearengana iristea, eta minbiziaren ikerkuntzaren egun hau, horretarako da. Hori, ordea, ez da nahikoa. Programa politikoetan hori sartuta egon beharko luke, eta adibidez, telemaratoiak egiten direnean interesgarriak iruditzen zaizkit kontzientzia sortzeko, baina horiek limosnak dira, eta horiekin ezin dira benetako proiektuak finantzatu. Norbaitek pentsatu du abiadura handiko trena telemaratoi batekin finantzatu daitekeela? Aurrekontuak gauzak erabakitzen diren lekutik doaz, eta gauza bera izan beharko luke beste gauzetarako ere.


Minbizia gaixotasun gogor modura deskriba daiteke. Nola ikusten duzu zuk?

Minbizia diagnostiko izugarria da. Zorionez, nik uste, kontzientzia sozial bat sortzen ari dela, eta gauza hauek egunez egun gehiago hitz egiten direla. Norberarentzat, ordea, izugarria da. Hori aurrera eramateko, tratamendua jasotzeko, lan asko egin behar da. Minbiziak suposatzen du, askotan, gaixo dagoen pertsona familia burua bada ekonomikoki sekulako jipoia jasotzea familian. Hori ere landu egin behar da. Badira zenbait pertsona lan egiten zebiltzanak fabriketan eta minbiziaren ondoren ezin izan dutenak bere lanbide normaletara bueltatu. Zorionez sendatuta daude edo bizi daitezke gaixotasunarekin ere, eta orduan, gaixotasunaren alor sozial hori izugarri landu behar da. Horregatik, ikerkuntza horretan hori ere sartu behar dugu eta diziplina anitzeko taldeetan ere gizarte langileak egon behar dute. Lan horretan jardun behar dugu medikuok, gizarte langileek, erizainak, etxera joaten diren medikuak eta abar.

Minbizia duten pertsonentzat aingeru guardakoak izango zarete.

Gure onena ematen saiatzen gara. Aingeru guardakoak edo... Nik askotan pentsatzen dut paziente bat ikusten dudanean gogorarazi egiten diodala pasa izandakoa. Edo batzuetan, pazientea hiltzen denean, familiakoak kalean ikusten dituzu, eta orokorrean, esker ona handia da, baina era berean zu zara garai horiek gogorarazten dizkiozun pertsona. Orokorrean oso harreman politak egiten ditugu, baina, gogorra da neurri berean.

«'Telemaratoiak' interesgarriak dira kontzientzia sortzeko, baina, horiek limosnak soilik dira»


Heriotzetik gertu dagoen gaixotasun bat da minbizia.

Gaixotasun bakoitza ikusi behar da, zer hedapena duen, pazienteak zer adin duen, nola jasoko duen tratamendua. Orokorrean, esaten da minbiziaren %50a sendatzen dela; badira minbiziak sendatzen direnak eta beste hainbat neurri baxuagoan. Heriotzarena hor dago. Noski askoz ederragoa dela gaixo bat benetan sendatzen denean, baina sendatzen ez denean ere gure lana hor dago. Nik garai batean frustrazio handiarekin bizitzen nuen egun hori, baina gure umiltasuna izan behar dugu eta ikusi behar dugu ez garela gai guztiak sendatzeko. Etorkizunean lortu nahiko genuke, baina bitartean, sendatuko ez diren horiengan ere lan asko egin dezakegu. Bide hori xamurragoa egiten badugu lana.

Zer-nolako etorkizuna du minbiziak?

Nik uste prebentzioa garrantzitsua dela eta garai batean baino kontzientzia gehiago dagoela. Gogoratzen naiz gure gurasoek kontatzen zutela 12 urterekin ia zigarro bat ematen zizutela gurasoek. Gaur egun, norberaren aukera izan daiteke erretzen jarraitzea edo ez, baina badaude zenbait minbizi prebentzio lanekin saihestu daitezkeenak. Beste batzuk, ordea, ez. Hor daude, eta saiatuko gara ikerkuntzaren bidez sendatzen. Guztia ez da beti sendatuko, baina egia da tratamendu berriekin seguru asko garai batean sendatzeko aukerarik ez zuten pazienteak sendatu egingo direla, baina beti egongo dira bestelakoak ere.

Erlazionatuak

Ikerkuntza, minbizia menderatu nahian

Irati Saizar Artola 2020 ira 27 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!