Ikerkuntza, minbizia menderatu nahian

Irati Saizar Artola 2020ko ira. 27a, 07:58

Osasun Sailak emandako azken datuen arabera, 2001etik 2017ra bitartean behera egin du minbiziak eragindako heriotza tasak EAEn. Nabarmen jaitsi da gizonen heriotza tasa, eta neurri txikiagoan egin du behera emakumeen heriotza kopuruak.

Minbiziaren ikerketaren mundu eguna zen irailaren 24a. Minbiziaren aurkako egun gehiago ospatu ohi dira urtean zehar, baina, ostegunean, bereziki ikerkuntzaren aldekoa zen. Adituek diote 2030erako minbizia izango dela heriotza kausa nagusia mundu mailan; 1,8 minutuero minbizia kasu berri bat egongo dela, eta heriotza kasu bat 3,8 minutuero.

Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak, aurreikuspen horren aurrean, gizarte osoa kontzientziatu nahi du «ikerketa onkologikoak eta aurrera egin ahal izateko babesa emateko beharrak» duten garrantziaren inguruan. «Premiaz jardun behar da minbiziak eragindako heriotza kopurua eta sufrimendua saihesteko; eta baita gaixotasun horrek ekonomian eta gizartean eragiten duen inpaktua txikitzeko ere».

Minbiziaren Mundu Egunaren bueltan, otsailean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak EAEn minbiziak eragindako heriotza tasaren datuak argitaratu zituen. 2001etik 2017rako tartea aztertu dute eta heriotza tasak tarte horretan behera egin duela ondorioztatu dute; nabarmen gizonezkoen kasuan, eta neurri txikiagoan emakumeenean. Nahiz eta positiboki baloratu datu horiek, Nekane Murga orduko Osasun sailburuak esana du «heriotza-tasa murrizten jarraitzeko ahaleginean sakontzeko beharra» dagoela, «biziraupena areagotzeko eta pazienteenganako arreta hobetzeko».

Gizonen minbiziaren ondoriozko heriotza tasaren beherakada etengabea izan da, 2001ean hasi zenetik (428,9 heriotza, 100.000 biztanleko). Baina bereziki nabarmena da 2012tik aurrera, %2ko murrizketa izan baitu urtero: 2012an, 403,2 heriotza 100.000 biztanleko, eta 2017an, 363 heriotza 100.000 biztanleko. Gizonetan, nabarmen jaitsi da laringeko, esofagoko, aho-barrunbeko eta faringeko, urdaileko, biriketako eta prostatako minbiziaren ondoriozko heriotza tasa. Kolon eta ondesteko minbiziak nabarmen egin du behera 2012az gero. Aitzitik, gizonen heriotza-tasak nabarmen egin du gora mesoteliomaren, nerbio sistema zentraleko minbiziaren, pankreen, leuzemien eta gibelaren kasuan.

Emakumeen heriotza tasaren beherakada ez da estatistikoki esanguratsua izan: 100.000 biztanleko 177,3koa zen 2001ean, eta 164,6koa 2017an. Nabarmen jaitsi da besikulako eta behazun bideetako eta urdaileko minbiziaren ondoriozko heriotza. Eta nabarmen handitu da biriketako, aho-barrunbeko, faringeko eta pankreako minbizian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!