Bi karpa jarri dira Usabal kiroldegian, jende pilaketak ekiditeko

Tolosaldeko Ataria 2020ko ira. 22a, 16:59

Sarreran kokatu dituzte, erabiltzaileek zein haurren gurasoek elkarren artean beharrezko segurtasun tartea mantendu dezaten. 

Usabal kiroldegian egokitzapenak egiten jarraitzen dute, bazkideen eta erabiltzaileen zein haien senideen osasuna babesteko. Hala, azken hilabeteetan zenbait aldaketa egin dira, legediak eskatutako araudira egokituz, eta zehaztutako segurtasun protokoloari jarraituz. Orain, berriz, bi karpa jarri dira sarreran.

Gaur egungo araudira egokitzeko egindako aldaketak direla eta, kiroldegiko harreran zehaztutako sarrera eta irteera protokoloek bertan zain egoteko eremua murriztu dute. Hori dela eta, datozen egunetan hasiko diren ikastaroen atarian, kiroldegian sor litezkeen jende pilaketak ekiditeko jarri dira aipatutako bi karpak, bertara doazen bazkideen, erabiltzaileen zein gurasoen artean beharrezko segurtasun distantzia mantendu eta haien segurtasuna eta osasuna babesteko helburuarekin.

Haurren igeriketa ikastaroetan bada lekua

Haurrei zuzendutako igeriketa ikastaroetako hainbat mailatan, oraindik ere lekua badagoela jakinarazten dute kiroldegitik. Beraz, dagoeneko izena emanda duen norbaitek bigarren egun batean ere ikastarora joan nahiko balu, horretarako aukera izango du. Usabal kiroldegiko harreran edo 943 536 400 telefono zenbakira deituz eskura daiteke libre dauden ordutegiei buruzko informazio gehiago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!