Oinezkoek lehentasuna duten Mugikortasun Plan berria martxan da

Tolosaldeko Ataria 2020ko ira. 19a, 07:59

"Etorkizuneko Tolosa" marrazten duela azaldu du Olatz Peon Tolosako alkateak; epe labur, ertain eta luzerako ekintzak jasotzen ditu eta hainbat legealditan garatuko da.

Mugikortasun Asteko egitarauren aurkezpena baliatu du Tolosako Udalak Mugikortasun Plan berria ezagutzera emateko. Oinezkoei lehentasuna ematen dien proiektu eta neurriak aurreikusten ditu. Neurri batzuk ezartzen hasia da udala, eta gainerakoak epe labur, ertain nahiz luzera burutuko direla adierazi du.

Gea21 taldeak herritarren parte hartzearekin gauzatutako Tolosa Badabil Mugikortasun Jasangarri eta Berdintasunerako Plana udalean aurkeztu zenetik, gobernu-taldea planean jasotako edukia sakonki aztertzen aritu da lehentasunak ezartzeko eta, batez ere, dokumentuan jasotako ekintzak 2019-2023 Legegintzaldirako Kudeaketa Planarekin lerrokatzeko. Bada, azterketa horren ondoren, gobernu-taldeak legegintzaldi honetarako hainbat neurri eta proiektu lehenetsi ditu.

Olatz Peon Tolosako alkateak azpimarratu duenez, "anbizio handiko plana da, estrategikoa guretzat, etorkizunean Tolosa udalerri atseginagoa, seguruagoa, eraginkorragoa, jasangarriagoa eta berdeagoa izan dadin ekintza ugari jasotzen dituena; horregatik epe labur, ertain eta luzera begirako proiektuak aurreikusten ditu”. 


Proiektu eta neurri guztiek oinezkoei "lehentasuna" emango diete, herriko joan etorrietan oinezko zein txirrindularien mugikortasuna errazteko eta motordun trafikoari espazioa irabazteko, "emisioak gutxitu eta kutsadura murrizteko helburuarekin". 

Proiektuak eta ekintza txikiak "mugikortasun eredu berriak sustatzeko"

"Oinezkoentzat espazioak berreskuratzen jarraitzeko eta espazio publikoaren kalitatea hobetzeko", Tolosako udal gobernu taldeak ondorengo hirigintza proiektu eta neurriak lehenetsi ditu legealdi honetarako: 

Zumardi Txikia: espazio hau herritarrentzat berreskuratuko da oinezkoentzako pasealeku eta gune berde bihurtuz. Egungo bidegorria zabaldu egingo da. 
Hiribus elektrikoa eta kargarako-puntuak: Zerbitzua autobus elektriko bidez eskainiko da emisioak gutxitzeko eta karga elektrikorako puntuak jarriko dira herritarren artean ere auto elektrikoen erabilera sustatzeko. 
Laskorain kalearen eta Gernikako Arbolaren berritzea: oinezkoek leku gehiago izango dute; espaloiak zabaldu egingo dira eta espaloi zein errepidea maila berean jarriko dira irisgarritasuna hobetzeko. Laskorain kalea elkarbizitzarako gune izendatuko da eta S28 kartelak jarriko dira. Eremu honetan oinezkoek lehentasun osoa izango dute eta autoek abiadura murriztu beharko dute. 
Oinezkoei lehentasuna Paper kalean eta Oria kalean: Paper kalea berrituko da oinezkoek leku gehiago izan dezaten eta bidegorriak lekualdatuko dira. Oria kalean espaloietako bat zabalduko da, aparkaleku lerro bat kenduta.
Oinezkoentzako zubia Larramendi-Belaten: Larramendi eta Belate artean oinezkoentzako pasabide berria eraikiko da udalerriko oinezko ibilbide ardatzak hobetzeko.
Gorriti plazan aurrerapausoak: Oiarbideko eraikina eraitsitakoan espazioa egokituko da, eta sarbidea eta aparkalekua mugatuko dira, oinezkoentzat kalitate handiagoko espazioa izan dadin.

Hirigintza-proiektu handietatik harago, "mugikortasun-eredu jasangarriago eta inklusiboago baterantz" pauso sendoak ematen joateko neurri txikiago batzuk ere aurreikusi ditu udal gobernu taldeak: 

  • Bidegurutzeetan biribilguneak eta oinezkoentzako pasabide gehiago ezartzea, fluxuak hobetu eta oinezkoen ibilbideak hobetzeko.
  • 30 km/h-ko muga ezartzea, oro har, erdigune osoan eta elkarbizitzarako gunea sortzea S28 kartelekin seinaleztatuta. 
  • Argiztapena hobetzea azpiko pasabideetan eta Usabalgo oinezkoentzako zubian.
  • Seinaleztapena hobetzea eta oinezkoentzako ibilbide-sarea indartzea.
  • Txirrinduentzako aparkaleku gehiago jartzea.
  • Mugikortasunaren Mahaia sortzea eta Mugikortasunaren Ordenantza berria egitea.
  • Kontzientziazio-, sentsibilizazio- eta formakuntza-kanpainak, haur eta gazteen, zein herritarren artean mugikortasun-ohitura osasungarriak sustatzeko; emakumeen artean bizikletaren erabilera indartzeko; autoaren erabilera partekatua sustatzeko edo bizikidetza hobetzeko, elkar-errespetuan oinarritutako kanpainen bitartez. 


Olatz Peonek azaldu duenez, erdigunera motordun sarbidea mugatzea edo Rondilla-San Frantzisko- Nafarroa etorbidea ardatzak erabat oinezko egitea ere aurreikusten du planak. "Epe luzerako ikuspegia du planak, etorkizuneko Tolosa marrazten du, eta hortaz, hainbat legealditan garatuko da".

Behin behineko biribilgunea Larramendin
Oinezko zein txirrindularien mugikortasuna "sustatu eta hobetzeko helburuarekin",  udalak planean jasotako ekintza batzuk gauzatu ditu dagoeneko. Hain justu, hainbat bidegorri berritu eta asfaltatu dituzte, eta herritarren eskura dauden oinezko eta mendiko ibilbideak biltzen dituen esku-orria argitaratu da. 

Hala, Mugikortasunaren Astearen harira, proba modura, irailaren 21 eta 22an, Larramendi-Ibaiondo arteko bidegurutzea biribilgune bihurtuko da. 
"Ekintza hau planean jasotako eskaeretako bat da; eremu hau arriskutsutzat jotzen baita, izan ere pertsona askok gaizki gurutzatzen dute distantziak murrizteko, eta  gainera, bidegorriaren ondoko espaloietako bat estua denez, batzuetan, txirrindulari eta oinezkoen artean tirabirak sortzen dira” azaldu du Patxi Amantegi, ingurumen zinegotziak. Horregatik, behin-behineko biribilgune honen helburua "inguruko segurtasuna hobetzea eta fluxuak arintzea da". Proba honen emaitzak "erabakigarriak" izango dira ingurune honetan zein neurri hartu adosteko.


Mugikortasun Astea

Mugikortasunarekin lotutako proba horretaz gain, Mugikortasuna Astearekin lotutako hainbat ekimen ere eman ditu jakitera Tolosako Udalak. 
Urtero bezala, irailaren 23, 24 eta 25ean, udaltzainek bide-heziketa eskolak emango dizkiete LH6ko ikasleei. Saio praktikoen bitartez bizikletaz ibiltzean bete beharreko arauak eta jokaera zuzenak landuko dira. Irene Caminos trial rider-ak hartuko du parte saioetan.

Bestalde, egungo testuinguruagatik ezinezkoa dela bizi-bira egitea adierazi dute, eta horren ordez, LH5eko eskola ezberdineko gazteekin 11 pase labur egingo dituzte, 10- 15 minutukoak irailaren 22an, Kotxerik Gabeko Nazioarteko Egunean. Alondegiko plazan egingo dira, San Frantzisko elizatik abiatuta anbulatoriora, eta talde bakoitzak bere tutorearekin parte hartuko du.


Halaber, autoen, "oinezkoen eta txirrindularien arteko elkarbizitza hobetzeko eta elkarrekiko errespetua sustatzeko", Irene Caminosek parte hartuko duen sentsibilizazio-bideo bat sortu eta zabalduko da, tolosarrak kontzientziatzeko. 
Azkenik, Tolosaldea Garatzenekin batera, mugikortasunari buruzko argazki lehiaketa antolatu da eta erakusketa ibiltari bat eskainiko da kalean.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!