Eskuhartze familiarra eta lagun egite zerbitzuen ebaluazioa egingo du udalak

Ataria 2020ko irailaren 11

Erabiltzaileen iritzia jakin nahi da; horretarako, galdetegi bat jasoko dute etxean, eta galdetegi hori beteta udaletxean aurkeztu dezakete irailaren 18ra bitarte.

Eskuhartze familiarra eta lagun egite zerbitzuen ebaluazioa egingo du Tolosako Udalak datozen asteetan. Zerbitzuen erabiltzaileei bi galdetegi bidali zaizkie etxera balorazioa egiteko, programa bakoitzeko bat, eta, nahi izanez gero, telematikoki ere bete ditzakete www.tolosa.eus webgunean. Zerbitzuak baloratu nahi dituzten herritarrek ere bete ditzakete galdetegiak.

Galdetegiak fisikoki betetzen dituztenek udaletxean utzi ditzakete irailaren 18ra bitarte, Gizarte Zerbitzuen bulegoan jarri den kaxan, astelehen, astearte eta asteazkenetan 10:00etatik 11:00etara. Dena den, helbide elektronikoz ere bidali daitezke gizartezerbitzuak@tolosa.eus helbidera.

Tolosako Udala aurten udaleko zerbitzuen ebaluazioa egiten ari da, eta marko horretan kokatzen dira galdetegi hauek. Uztailean egin zen etxez etxeko laguntza zerbitzuaren ebaluazioa, eta etorkizunean zerbitzu gehiago ebaluatzea aurreikusten da. Oraingo honetan, irailaren 21etik aurrera aztertuko ditu erantzunak, ondorioak ateratzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!