Gaur irekiko dute Gazte Topagunea

Tolosaldeko Ataria 2020ko ira. 10a, 14:11

Segurtasun protokolo zorrotz batekin eta egungo egoerara egokituta hasiko da ikasturtea; gehienez ere 20 gazte egon ahalko dira une berean.  Topagunera joan nahi duten gazteek aurrez abisua eman beharko dute hezitzaileekin harremanetan jarriz.

Gaur hasiko da ikasturte berria Gazte Topagunean. Segurtasun protokolo zorrotz batekin eta egungo egoerara egokituta, gazteen zein hezitzaileen osasuna babesteko. Hala, Topagunera joan nahi duten gazteen aurrez jakinarazi beharko dute, hezitzaileekin harremanetan jarriz. Horretarako, 605 706 937 telefono zenbakira deitu beharko da, edo kultur etxeko harrerako pertsonari jakinarazi beharko zaio, hark hezitzaileei jakinarazteko. Instagram bidez ere jarri ahalko da hezitzaileekin harremanetan, @topaguneatolosa helbidetik. Galarazita egongo da Topagunearen sarreran zain egotea, segurtasun arrazoiengatik. 

Gehienez ere 20 gazte egon ahalko dira Topagunean une berean. Bertara sartu aurretik, gainera, fitxa bat bete beharko du gazte bakoitzak, honako datuekin: izen-abizenak, ikastetxea eta harremanetan jartzeko telefono zenbaki bat. Gazte bakoitza Topagunera zein ordutan joan den ere apuntatuko dute hezitzaileek. Modu horretan, Covid-19 kasuren bat emanez gero, protokoloa modu eraginkorrean jarri ahalko da martxan. 

Horrez gainera, nerabe bakoitza ordubetez egon ahal izango da Topagunean, norbait sartzeko zain badago hari lekua egin eta Topagunera joan nahi duten gazte guztiek horretarako aukera dutela bermatzeko. Topagunean antolatutako eremuak eta txokoak erabili aurretik, hezitzaileei jakinarazi beharko zaie pilaketak saihesteko eta erabilitako materiala desinfektatu dela ziurtatzeko.

Protokolo zorrotza jarraituko da

Gazte Topagunearen irekierarako eta bertan parte hartzen duten gazteen zein hezitzaileen osasuna babesteko, jarduteko protokolo zorrotza osatu du Tolosako Udalak. Hala, ahal den neurrian, ekintzak aire zabalean egingo dira. Barruan egin behar diren kasuetan, berriz, espazioak sarri aireztatuko dira. 

Horrez gain, sarrerak eta irteerak mailakatu egingo dira, eta ekipamendu barruan zirkulatzeko neurriak zehaztu dira, pertsonen arteko segurtasun distantzia bermatzeko. Nahitaezkoa izango da zehaztutako zirkulazio neurriak jarraitzea. Topagunera joaten diren gazteek une oro musukoa jarrita eduki beharko dute, eskuak sarri garbitu, eta erabilitako materiala desinfektatu beharko dute. 

Ekintza guztietan bi metroko distantzia mantenduko da nerabeen artean, ekintzak egingo diren lekuetan eta leku komunetan eskuak zein materiala desinfektatzeko beharrezko materiala egongo da, eta janaria eta ekintzetako materiala ezingo dira partekatu. 

Irekiera jaia urrian

Gazte Topagunea martxan gaur jarriko bada ere, urtero egin ohi den irekiera jaia edo ekitaldia atzeratu egingo da aurten, eta urrian egingo da. Gaur egungo egoera kontuan hartuta, zuhurtziaz jokatu nahi du Tolosako Udalak, eta horregatik erabaki da ekitaldiaren data atzeratzea. Aurrerago jakinaraziko da ekitaldia noiz eta nola egingo den. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!