Usabal kiroldegiko bazkideek dagoeneko eman dezakete izena ikasturteko ikastaroetan

Tolosaldeko Ataria 2020ko ira. 9a, 18:55

Bazkide ez direnentzat irailaren 14an irekiko da izena emateko epea. Helduen ikastaroak irailaren 21ean hasiko dira eta haurrenak eta gaztetxoenak irailaren 28an. Osasun larrialdia dela eta, protokolo zorrotza zehaztu dute, eta kiroldegira joaten diren guztiek jarraitu beharko dute.

Usabal kiroldegiak ikasturte berriari ekingo dio laster, eskaintza anitzarekin. Guztira 26 ikastaro eskainiko dira ikasturte honetan, 20 ikastaro 15 urtetik gorakoentzat eta 6 ikastaro haur eta gazteentzat.

Ikasturtea irailaren 21ean hasiko da eta dagoeneko bazkide direnek izena eman dezakete; bazkide ez direnek aldiz, hilaren 14tik aurrera eman ahalko dute izena. Bi kasuetan izen ematea Usabalen gauzatu daiteke. Bazkide direnek, ordea, telefonoz, web orriaren bitartez edota Facebook sarearen bidez ere egin dezakete.

Haurren eta gaztetxoen ikastaroak irailaren 28an hasiko dira, eskola kirolari ekiteko, udalak, herriko beste kirol taldeekin batera bateratu duen datan.

Ekaina bitarteko iraupena

Orain bi urte ikasturte osoko izen-emate sistema berria txertatu zen, ikastaroetan parte hartzen zuten pertsona askoren iradokizunei jarraituz, erraztasunak emateko helburuarekin. Geroztik, irailean eginiko izen emateak ekaina bitarteko iraupena dute inongo izen emate berririk egin gabe, plaza ziurtatuta.

Edonola ere, hiruhilabete bakoitzaren amaieran baja emateko epea zabalduko da eta izena emandako ikastaroetan jarraitu nahi ez duten guztiek bertan behera utzi dezakete beren izen ematea. Horretarako ohiko bideak erabili beharko dira. Orain arte bezala, hiruhilero egingo da ordainketa.

Segurtasun eta prebentzio protokolo zorrotza

COVID-19ak eragin duen egoeraren aurrean, Usabal kiroldegiko kudeatzaileek segurtasun eta prebentzio protokolo zorrotza osatu dute. Kiroldegira doazen pertsona guztiek jarraitu beharko dute araudia.

Batetik, gaixo daudenaren sintomarik duten erabiltzaileei kiroldegira ez joateko eskatzen zaie (sukarra, eztula, mina…). Bestetik, ikastaroetara etxetik kirola egiteko arroparekin joateko eskatzen da, aldagelak ahalik eta gutxien erabiltzeko; izan ere, aldagelak dira kiroldegian COVID-19a transmititzeko lekurik arriskutsuenetako bat. Horregatik, eta arriskua murrizteko, egunero, 17:00etatik 20:00etara, gune lehorreko aldagelak itxi egingo dira eta gune hezeetan ezingo da dutxatu.

Gainera, ikastaroak egingo diren geletara musukoa jantzita joan beharko da nahitaez, eta geletarako joan-etorriak lurrean markatutako ibilbideak erabiliz egin beharko dira. Geletara sartu aurretik atean zain egon behar den uneetan, pertsonen arteko segurtasun distantzia mantentzea nahitaezkoa izango da, eta, era berean, ezinbestekoa izango da gela bakoitzera sartu aurretik eskuak hidrogelarekin garbitzea.

Halaber, ikastaroetan erabiltzen den material guztia norberak desinfektatu beharko du saio bakoitzaren amaieran, horretarako gela bakoitzean jarriko diren produktuak erabilita. Esterila behar den kasuetan, norberak berea etxetik eramateko aholkatzen da; ezin den kasuetan, erabiltzaileak esterila osoa estaltzen duen eskuoihal bat eraman beharko du kiroldegiko esterilen gainean jartzeko.

Edozein zalantza argitzeko edota ikastaro eskaintza guztia ezagutzeko interesa dutenek, 943 536 400 telefono zenbakira deituz, www.usabalkiroldegia.com-en edota Facebook bitartez jar daitezke harremanetan Usabal kiroldegiarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!