Beharbada, Txinan laborategi batek erlauntza batek bezain ondo funtzionatu dezake. Ez da inoiz gelditzen. Pertsona bakoitza bere lanaren zatia burutzeaz arduratzen da, eta zati guztiak elkartuz proiektua aurrera eramatea lortzen da. Ondo koipeztutako motor bat bezala funtzionatzeko, ordea, baliabide materialak eta giza baliabideak ezinbestekoak dira. Eta tamalez, gurean, nire esperientziak dio bietatik falta zaigula. Azken finean, zientziaren mantra nagusia entsegu-akats delakoa da. Hau da, seguruenik, COVIDaren aurkako txerto bat kaleratzen denerako, laborategi-mailan funtzionatu ez duten beste 999 txerto probatu dira. Eta zalantzarik gabe, entsegu-akats estrategiak denbora eta dirua eskatzen ditu, baina gurean ikerkuntza akademikoan egiten den inbertsioa ez da handia, urtez urte talde batek baino gehiagok beraien ikerketa jarraitzeko zailtasunak dituztelarik. No money, no party beraz. Gainera, ni bezalako doktoregaiei dagokienez, azken urteetan finantzaketa lortzeko baldintzak ikaragarri zaildu dira, zientziagatik gaztetasuna sakrifikatzeko prest gauden gazte bat baino gehiagori hegoak moztuz. Ez baita bidezkoa tesia soldatarik kobratu gabe egin behar izatea, baina bati baino gehiagori ez zaio beste aukerarik gelditzen…
[...] 'Made in Basque Country' txertoa non dagoen galdetzen duten guztientzat gurean ikerkuntza akademikoaren errealitatea zein den azaldu nahi nuke
Era berean, ikerketa-talde asko oso talde txikiak dira, beharbada hiru edo lau pertsonaz osatuak, ikerkuntza-lana ia-ia zerbait heroikoa bihurtuz. Imajinatu, txertoaren ikerketan hamar pertsona besterik ez egotea. Zortzi hilabete ez, beharbada 80 urte beharko genituzke! Ez daukat zalantzarik ikerkuntzan jende azkarra eta langile fina dagoela, baina egunak 24 ordu besterik ez ditu. Gainera, azken urteetan aldizkari zientifikoetan egindako lana argitaratzeko presioa gero eta handiagoa da ikerlarien gainean, artikuluak argitaratzeak finantzaketa lortzeko bidea irekitzen baitu. Dirua eskatzeko lan egin, lan egiteko dirua lortzeko… Eta azkenean, zirkulu bizioso honek ikerlaria guztiz erretzen bukatzen du.
Hala ere, optimista izan nahi dut (edo idealista agian). Zientziaren zeruertzean ekaitz-hodei beltzak marraztu badizkizuet ere, benetan uste dut zientziak merezi duela. Ez da erraza, baina sinetsi nahi dut gure lanaren fruituak gizarteari ekarpenen bat egingo diola. Eta hala ez bada, saiatu naiz… Porrotak porrota, egindakotik beti ikasten baita zerbait, batzuetan desesperazioan erortzen banaiz ere (Eh! Tratamenduak ez ditu nire zelulak hiltzen!). Beraz, txertoa izateko irrikatan zaudetenontzat, pazientzia. Ziur nago iritsiko dela, eta bitartean, zaindu!