Koronabirusa

«Begiek eta gorputz espresioek sekulako garrantzia izango dute»

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko ira. 2a, 07:59

Ezohiko moduan hasiko den ikasturte berriak erretiroa hartuta harrapatu du Karmen Sanz tolosarra; azken 13 ikasturteetan aholkulari modura aritu da Tolosako Samaniego eskolan.

Unibertsitatean psikologia eta irakasle ikasketak burutu ondoren, Tolosako Samaniego eskolan eta Ordiziako Urdanetan irakaslea izan zen Karmen Sanz Hernando (Tolosa, 1960). Musukoarekin edo hura gabe ere, haurrentzat beti izaten du irribarrea gordeta. Ikastetxeetan ezarritako neurri berriei buruz, «egokitzea besterik ez dagoela» dio.

Ezinbestekoa zen aurrez aurreko klaseetara itzultzea?

Bai. Onena izango litzake. Iazko ikasturtea telematikoki amaitzeak ez zuen gaizki funtzionatu, baina ezinbestekoa iruditzen zait aurrez aurrekora itzultzea. Bestela, arreta galtzeko aukera handia dute ikasleek. Eskolak, gainera, funtzio ugari betetzen ditu, besteak beste, heztea, zaintzea eta harremanak indartzea. Ikasleek ikasleak behar dituzte, elkarrekin egon behar dute.

Erraza izan al zen azken ikasturtean telematikoki aritzea?

Aitortu beharra dago, irakasleek sekulako lana egin zutela. Etxe edo familia bakoitzean, gainera, egoera oso ezberdinak bizi dituzte. Modu horretara, eskola erdibideko zubi moduko bat da. Haur batzuentzat erraza izan zen etxetik lan egitea, baita harremanetan jarraitzea ere, nahiz eta birtualak izan, baina hori irakasleen lanari esker lortu zuten. Hala ere, haurrek aitortzen zuten eskolara itzuli nahi zutela.

Martxoaz geroztik ez zen erraza izan ikasgai berriak ematea. Zenbait kasutan gurasoak bihurtu dira irakasle, eta egokia iruditzen zait, baina askotan gurasoek ez dituzte haurren abileziak nahiz emozioak ezagutzen, eta horrela zaila da haur hori heztea eta gauza berriak irakastea.

Haur batzuek, gainera, behar edo premia bereziak dituzte.

Aniztasun ikaragarria dago gizartean, eta hori eskolan islatzen da. Ikasle horien gurasoek ere esfortzu handia egin dute. Nik, adibidez, etengabeko harremana izan nuen ikasle batekin, emozionalki ez zelako ondo aurkitzen. Bideo-dei bidez egon gara kontaktuan, eta sekulakoa izan da. Oso gustura sentitu naiz. Ezohiko egoera bat izan da niretzat, eta asko ikasi dut.

Besteak beste, metro eta erdiko segurtasun distantzia mantenduz hasiko da ikasturte berria. Nola eragin dezake neurri horrek?

Azken urteetan martxan jarri ditugun metodologien aurka doan neurri bat da. Asko landu izan dira talde-lana nahiz mugimendu autonomoa. Badirudi neurri eraginkorra izan daitekeela, etxetik lan egitea baina hobea izango da behintzat. Lehen Hezkuntzako ikasleentzat errazagoa izango da egoera ulertzea, baina lau urte dituztenentzat? Irakasleek polizia modura ere aritu behar al dute? Osasun adituek diotenaren arabera, adin horretako haurrek kutsatzeko arrisku txikiagoa dute. Irakasleentzako, ordea, ardura handia da elkarren arteko kontakturik egon ez dadin kontrolatzea.

Harremanak desegonkortu ditzake?

Haurrak berehala egokitzen dira egoera berrietara. Gu ere bai, baina beraiek bestelako erraztasun bat dute. Guztiok behar dugu kontaktua, elkar komunikatzea, harremanak sendotzeko. Orain beste modu batzuk bilatu beharko dituzte.

Gainera, musukoa jantzita egon beharko dute.

Ulermenerako arazo ugari sor ditzakeen tresna izan daiteke. Beharrezkoa da ikasleentzat aurpegiko espresioak ikustea, batez ere haurrentzat. Horrela jakiten dutelako egiten ari direna ondo egiten ari diren ala ez. Hortaz, begiek eta gorputz espresioek sekulako garrantzia izango dute. Irakasleak sormen handiko pertsonak izaten dira, eta beraz, ikasleekin elkar ulertu nahiz elkarri emozioak adierazteko trikimailu ezberdinak asmatu eta garatu beharko dituzte.

Emozioak aipatzen dituzu. Zeintzuk azalera daitezke egoera honetan?

Guztiak irrikaz beterik egongo dira ikasgelara itzultzeko. Hala ere, kezkaz eta zalantzaz betetako hasiera izango da. Zer egin dezaket? Horrela ondo ari naiz? Galdera ugari izango dira ikasle eta irakasleen buruetan. Amorrua ere sentituko dute batzuk, beti behar dutelako norbait ondoan izatea. Haserrea, tristura...

Beharrezkoa al da ikasleekin COVID-19aren gaiari buruz hitz egitea?

Oso garrantzitsua da garbi hitz egitea, haur batzuk beldurtuta daudelako. 6 hilabeteko eten bat izan dugu, eta ezin da ezer gertatu ez balitz bezala utzi. Emozionalki ere, familia bakoitzaren egoeraren arabera, haur batzuk beste batzuk baino hobeto sentituko dira. Sentimendu nahasiak izango dituzte askok.

Eta zein izango da irakasleen papera egoera berri honetan?

Ziurtasun handia eman behar du ikasgelan. Ikasleei poza, grina eta segurtasuna transmititu behar die, baina babesa eta atxikimendua ere sentiarazi beharko diete. Hori dela eta, beharrezkoa izango da irakasleekin ere emozioak lantzea. Betaurreko bereziak jantzi beharko dituzte, baita gainerako irakasleekin koordinazio lan handia egin ere. Azkenik, harreman estua izan behar dute gurasoekin.

Zer esango zenieke gurasoei?

Hasieratik oso garbi azaldu behar zaie nola egongo diren euren seme-alabak, nola zainduko diren eta zein neurri hartuko diren. Gurasoak lasai egonez gero, ikasleak lasai egongo dira. Elkarri konfiantza ematea oso garrantzitsua izango da.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!