Ikastetxeak prest, inoizko ikasturte berezienari ekiteko

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko ira. 1a, 07:59

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2020-2021 ikasturteari buruzko argibideak eman zituen ostiralean; astelehenean joango dira lehen ikasleak eskoletara   

Heldu da iraila, eta horrekin batera, astelehenean hasiko da haur eta nerabe askorentzat ikasturte berria. Ez da erraza izango, baina bestelako aukerarik ezean, heldu da ezohiko egoerari ere aurre egiten ikasteko unea. 6 hilabete dira ikasle askok azken aldiz euren ikastetxea zapaldu zutela. Luze jo du itxaronaldiak, baina azkenean, astelehenean irekiko dituzte ateak zenbait hezkuntza zentrok.

Arraroa eta berezia izango da, neurri berriz betetakoa. Hezkuntza presentziala izango da eta ordutegia ez da jarraitua izango HHko eta LHko ikasleentzat. Aldaketa nagusietako bat hasteko data da: Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, DBH1eko eta DBH2ko ikasleak irailaren 7an hasiko badira ere, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailakoek eta Batxilergokoek hilaren 15ean ekingo diote ikasturteari.

Lanbide Heziketan ere ez dute hasiera data mantenduko. Goi mailako zikloetan, 14an hasiko dira bigarren mailakoak eta 16an, lehen mailakoak. Erdi mailako zikloak beranduago hasiko dira: bigarren mailakoak hilaren 21ean, eta lehen mailakoak 23an.

MUSUKOA, LH1-ETIK GORAKOEK

Musukoaren erabilerari dagokionez, LH1etik gorako umeek erabili beharko dute, baita 1,5 metroko tartea mantendutakoan ere. Salbuespen bat egingo dute: LH1eko eta LH2ko bizikidetza talde egonkorretan musukoa kendu ahal izango dute aire zabaleko ekintzetan, ikasleen artean kontakturik ez badago.

Musukoa jantzita azalpenak ematea erabat berria izango da irakasleentzat, baita ikasleentzat ere. Zenbait kasutan, gainera, gerta daiteke ulermen arazoak izatea, batez ere, atzerriko hizkuntza batean aritzean. «Aurrez, baina, alderdi emozionala landu behar dugu ikasleekin. Lan handia dugu, egoerara birmoldatu beharko dutelako. Nola helduko dira?», galdetzen du Ana Santamaria Zubimusu Ikastolako zuzendariak.

Neurri guztiak betetzeko, eskolek baliabide gehiago beharko dituzte. Eusko Jaurlaritzak mila irakasle gehiago kontratatzea aurreikusi du geletan ikasle gehien dituzten ikastetxeetarako. Hezkuntza Sailak, gainera, laguntza deialdi bat egingo du itunpeko ikastetxeentzat. Horrez gain, areagotu egingo dituzte baliabide teknologikoak.

ESPAZIOAK ERABILTZEN IKASIZ

Espazioaren erabileran ere aldaketak izango dira zenbait ikastetxeetan. Inmakulada Lanbide Heziketako Ikastetxean, paretak bota eta 50 ikaslerentzat 200 metro karratuko gelak sortu dituztela dio Ana Monge zuzendariak. Berastegiko Muñagorri Eskolan, berriz, ez dituzte adin ezberdinetako ikasleak nahastuko. «Kopuruz talde handiak ez badira ere, adin-tarte handia barne biltzen dute. Euren arteko kontaktua ekidin nahi dugu, inkontzienteki mugimendu asko izaten direlako. Badakigu gero kalean elkarrekin jolasean ariko direla, baina hori ez dago gure esku», dio Maite Amundarain irakasleak.

Horrez gain, ikasleen sarrerak eta irteerak kontrolatuko dituzte eskualdeko ikastetxe guztietan, pilaketak ekidin eta ikasleak euren artean ez gurutzatzeko. Horretarako, erabilgarri dituzten sarbide guztiak erabiliko dituzte.

Ikasleak pilatu ohi diren beste eremu bat jolastokiak izaten dira. Tolosako Samaniego eskolan, adibidez, gelaka irtengo dira jolastokira. «Bertan, gainera, gela bakoitzak bere espazio propioa izango du, egunero aldatuz joango dena», diote. Bestetik, Herrikide ikastetxetik adierazi dutenez, jolas-ordu ezberdinak sortu dituzte. «Lehen guztiak batera ateratzen ginen, baina orain horien arabera ere aldatu ditugu maila bakoitzeko ordutegiak», dio Gartxot Agirre Bigarren Hezkuntzako arduradunak.

Eskola garraioari dagokionez, 6 urtetik gorako haurrak musukoarekin joango dira. Ikasle bakoitzak bere eserlekua izatea gomendatu du Jaurlaritzak. Jantokian ere modu horretan ariko dira, eta 1,5 metroko distantzia mantenduko dute bizikidetza talde egonkorretakoak ez direnek. Bestalde, eskolaz kanpoko jarduerak ez antolatzea gomendatu du.

NOLA JOKATU POSITIBOEKIN?

Espero daiteke geletan ere positibo berriak atzematea. Jaurlaritzaren arabera, positibo emandako haurra bizikidetza talde egonkorrekoa denean, kontaktu estutzat hartuko dituzte taldeko guztiak; ez denean, berriz, eskolako harreman estuak identifikatuko dituzte. Horiek etxean egon beharko dute berrogeialdian.

Agerralditzat hartuko dute hiru pertsonak edo gehiagok positibo ematea. Hiru egoera aurreikusi dituzte: agerraldi «kontrolatuak» edo noizbehinkako kasuak, agerraldi «konplexuak», eta «kontrolik gabeko» transmisio komunitarioa egotea. Hirugarren egoera horretan, beste neurri batzuk hartzea aztertuko dute, eta, azkenik, baita ikastetxeko eremu bat edo ikastetxea bera ixtea ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!