Koronabirusa

Hiru taberna berriro zabalduko dute, positiboa "faltsua" izan zela argitu ondoren

Ataria 2020ko uztailaren 20a

Hiru tabernako langile guztiek negatibo eman dute. Osalanekin hitz egin ondoren, taberna berriro zabaltzeko arazorik ez dagoela jakinarazi diote Hiruko arduradunari. Ondorioz, Tolosako tabernak bihar zabalduko ditu berriro ateak.

Larunbatean, 03:00ak inguruan, etxean zegoen Hiru-ko langile batek mezu bidez jakin zuen COVID-19aren proban positibo eman zuela. Hori jakitean, Hiru-ko jabeak igandean taberna ez irekitzea erabaki zuen, "borondatez, prebentzio neurri bezala". Horrez gain, sare sozialetan egoeraren berri eman zuen, ondorengo mezuarekin amaituz: "Bihotz bihotzez sentitzen dugu egoera honek sortzu ditzaken eragozpenak".

Berria segidan zabaldu zen, eta Tolosako Udalak ere alkatearen mezua kaleratu zuen. Ataria-k ere albistearen berri eman zuen. Igandean, Hiru-ko lantalde osoak PCR probak egin zituen, baita ustez positiboa eman zuen langileak ere. Gaur jaso dituzte emaitzak eta esan diote positiboa "faltsua" zela. Lantalde osoak, gainera, negatibo eman du.

Hiru-ko arduradunak Osalanekin hitz egin du gaur, eta taberna berriro zabaltzeko arazorik ez dagoela esan diote. Ondorioz, bihartik aurrera Tolosako Hiru tabernak berriro ateak zabalduko ditu; berme batekin gainera, lantalde osoak COVID-19aren probetan negatibo eman baitu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!