"Oinarrizko bizi baldintzak ziurtatuko dituen plan bat behar dugu"

IƱigo Terradillos/Jon Miranda 2020ko uzt. 9a, 11:59

Aldaketaren beharra izan du ahotan Iriartek; errezeta zaharren aurrean bizitzak erdigunean jarri eta herritarren oinarrizko beharrizanak asetzeko plan bat proposatu du. Osasun zerbitzu publikoa eskatu du eskualdearentzat.

EH Bilduk Maddalen Iriarte buru duen zerrenda aurkeztu du Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara Gipuzkoan. Hautagaien zerrendan, 6. postuan dago Tolosako alkate izandako Ibai Iriarte San Vicente (Tolosa, 1983).

Osasun krisiaren kudeaketaz zer balantze egiten duzue?

Balantzea negatiboa da. Zaharkitua dagoen gobernantza eredu baten isla izan da. Arazoak etorri dira, burua lur azpian sartu dute eta arazoak bakarrik konponduko zirela uste izan dute. Gobernu honek ez du egoerari erantzuteko gaitasunik izan, baina ez hori bakarrik, egoerari erantzuteko grinez eutsi dioten eragile eta norbanakoei hegoak moztu dizkiete. Aipatzekoa da, besteak beste, EHUko ikerlariek PCR probak egiteko sortu duten protokoloa nola behin eta berriro blokeatu duten. Adinekoen egoitzetan gertatu dena lotsagarria da, esate baterako, Iurreamendin. Gure ustez, administrazioak eman dituen erantzunak, edo egokiago esanda eman ez dituenak, erantzukizun politikoa dute.

Jaurlaritzaren azken legealdiko kudeaketaz zer nabarmentzen duzue?

Ortuzar eta Urkullu maiz agertzen dira esaten Europako autogobernu maila altuena duen herrialdea dela gurea eta kuriosoa da ikustea nola Sanchezen adierazpen bat nahikoa den 40 urteetan bete ez den estatutu bat bertan behera uzteko. Horrek erakusten du, kasu honetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrok dugun burujabetza maila. Gobernu hau ez da herritarren oinarrizko bizi baldintzak ziurtatzeko gai izan, eta gainera, lehentasunak beste batzuk izan ditu. Adibidez, azpiegitura handiak. Legealdi honetan, gainera, alderdi jeltzalearen izaera klientelistaren zenbait auzi ikusi ditugu: Montai, De Migel edota Osakidetzakoak. Horrek erakusten du gobernuan 40 urte daramatzan alderdiaren estiloa zein den.

Errealitate berria nola ikusten duzue?

Urruntze sozialaz hitz egiten digute, baina niri ez zait horrela izan behar duenik iruditzen, urruntzeak, izatekotan, fisikoa izan behar du. Inoiz baino elkarrenganako beharrezkoagoak garela geratu da agerian. Bestalde krisi ekonomikoa badatorrenaren mamuarekin ari zaizkigu agintariak. Errezeta zaharren bidez erantzungo dio Urkulluk: pribatizazioekin, prekarizazioarekin edota sektore publikoaren suntsipenarekin. Hori da neoliberalismoaren formula eta hori da EAJk darabilena. COVID-19ak inoiz baino garbiago utzi digu, benetan garrantzitsuak diren sektoreak, langile sektoreak direla. Emakume langile isil horiek gelditzen direnean, mundua gelditzen da.

Ekonomiari dagokionean, osasun krisiak eragin handia izan du. Zer neurri proposatzen dituzue, eta lehentasuna non jartzen duzue?

Gizartearen eta pertsonen bizi baldintzak duintzeko eta pobrezia poltsa guzti horiek deuseztatzeko garaia da. Ezinbestekoak dira, 1.200 euroko gutxieneko soldata, Madrilen adostu genuen lan erreforma ez aplikatzeko konpromisoa, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, gazteen emantzipaziorako 300 euroko oinarrizko errenta eta haur eta gazteentzako hilean 120 euroko oinarrizko errenta unibertsala. Azken batean oinarrizko bizi baldintzak ziurtatuko dituen talka plan bat planteatzen dugu.

Euskalgintzan, eta zehatza izateko, euskal hedabideetan, kezka handia dago, eragina nabaria izan delako, eta diru laguntzei dagokionez, zalantza handiak daudelako.

Gure ustez, euskararen lege berri bat, euskaldunon eskubideak bermatu dituen legedi bat garatzea ezinbestekoa da. Euskaldun gisa ditugun hizkuntz eskubideak bermatzeko, baina baita euskarak berak, bere izatean duen eskubidea delako, libre bizi eta libre garatzekoa.

Pentsiodunek kezkatuta egoteko arrazoiak badituztela uste duzue?

Larritzeko garaia dela uste dugu. Oinarrizko pentsioa 1.080 eurokoa izan behar duela argi dugu eta hori gauzatzeko neurriak hartuko ditugu legebiltzarrean. Batez ere kontuan hartuta, bizitzeko beharrezkoak diren gutxieneko 1.080 euro horietatik urrutien dauden pentsiodunak, emakumeak eta alargunak direla.

Tolosaldeko osasun sistema eztabaidarako gai izan da azken urteetan. Zer da zuek proposatzen duzuena?

Guk eskatzen duguna da kudeaketa %100 publikoa izango duen osasun zerbitzu publiko bat. Finean, beste eskualdeek duten osasun zerbitzu bera eskatzen dugu, ez beste ezer. Ulertzen dugu, hori eskaini ahal izateko, ospitale publiko bat beharko genukeela. Guk, honenbestez, ez genuke nahi beste leku batzuetan egin duten bezala, soilik porlanezko eraikin berri bat, gero hutsik mantentzeko, edo bertatik espezialistak kentzen joateko.

Ingurumenari begira pandemiaren ondorioz kutsadura murriztu dela ere ikusi dugu. Alor honetan zeri ematen diozue lehentasuna?

Alde batetik, azpiegitura erraldoiei moratoria eskatzen dugu. AHTa daukagu hemen, irla bat bilakatzen ari dena, Urkullu-Tapia tandemaren buru gogorkeriari esker. Bestalde, Euskadi Zero Karbono 2040 konpromisoa hartzen dugu. C02 isurketen murrizketa plana planteatu beharra dago eta plan horrek integrala izan behar du.

Zein alderdirekin duzue hauteskundeen ostean itunak egiteko lehentasuna?

Alderdietan baino proiektuetan jarriko dugu arreta. Benetako negoziazio terminoetan hasten garenean oso-oso deseroso nabaritzen dugu Urkullu, ez dagoelako ohituta ideien inguruan eztabaidatzen eta bere modura pentsatzen ez dutenen iritziak erasotzat hartzen dituelako. Zaila da ezer adostea horrela pentsatzen dutenekin.

Gainerako alderdiak nola deskribatuko zenituzke?

PP eta Ciudadanosen arteko koalizioa Madrileko esperimentu atzerakoi eta atzeratua da, ultra kontserbadorea. Elkarrekin Podemos haize orratz batekin alderatzen dut, haizeak nondik jotzen dion diskurtsoa aldatzen du. Madrileko haizeen menpe dabil aspaldian. PSE-EE, berriz, EAJk paseatzera ateratzen den zakurra bezala ikusten dut, agian, alderdi sozialistak soka horretatik askatu beharko luke noizbait. Eta bukatzeko, EAJ, iragana da. Grisa, klientelista, bertikala, maskulinoa eta txuleskoa den sistema baten erakusle.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!