Osasungintza izan dute hizpide Gipuzkoako EH Bilduko zenbait hautagaiek, Zerkausiko terrazan. Osasun publikoaren inguruko proposamenak eta konpromisoak mahaigaineratzeko agerraldia izan da. «Pandemia honetan argi ikusi da osasungintzako langileek, Osakidetzako mediku eta erizainek, izan duten profesionaltasuna; txalotzekoa izan da. Argi ikusi da egin duten esfortzua, baina baita duten gabezia ere», adierazi du Ibai Iriartek. «Aldi berean, ez dugu ikusi Urkullu jauna, gabezia horiei autokritika egiten», gehitu du.
Tolosaldea, oraindik, ospitale publiko bat ez duen Euskal Herriko eskualde bakarra dela gogorarazi du. «Gure konpromisoa agertzen dugu, eskualde honek merezi duen osasun arreta publikoa izateko, eta hori, ospitale publiko baten bidez gauzatuko da. Ezinbestekoa da kalitatezkoa eta publikoa izango den osasun arreta eskaintzea. Horretarako, inbertsioetan jarri behar ditugu indar guztiak».
Gobernuak egindako murrizketek gertuko osasungintzan «eragin handia izan dutela» nabarmendu du. «Azken urteetan murrizketa gogorrak jasan ditu Osakidetzak, Eusko Legebiltzarreko Gobernuaren bidez. Urkullu gobernuan sartu zenean, BPG-aren 5,12a inbertitzen zen Osakidetzan; gaur egun, % 4,78a», gaineratu du.
Prekarietate egoeran dauden 7.000 lanpostuak egonkortzea, ezinbestekoa den lehen arreta horietan 300 profesional berri kontratatzea, eta Tolosaldean ospitale publiko bat ezartzea dira EH Bilduk egiten dituen proposamenetako batzuk, «gurean ere, gainerako eskualdeetan dagoen osasun zerbitzu bera eskaintzeko», esan du Iriartek. Eta honakoa gaineratu du: «Ez digu balio kanpainan ospitale publikoaren aldeko aldarria egin, eta gero hitza ez betetzea».