Adineko herritarrengan jarri nahi dute fokua

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko uztailaren 7a

Gipuzkoako PP+Cs-ko zerrendaburua den Muriel Larrea Tolosan izan da goizean; «pandemiak gehien kaltetu dituenak dira adinekoak», adierazi du.

PP+Cs alderdiko zenbait kidek, agerraldia egin dute, goizean, Tolosan. Bertan izan da Muriel Larrea Gipuzkoako zerrendaburua. COVID-19aren pandemian, adineko herritarrak «gehien ahaztuak» izan direla nabarmendu du. «Orain artean, kalera ateratzeko inolako arazorik ez zuten pertsonak ziren, erresidentzi eta eguneko zentroetan artatu eta zaintzen zituztenak».

Eusko Legebiltzarrerako hautatua izanez gero, bere egitekoa «sektore honen ardura hartzea» izango dela gaineratu du. «Lan zaila izango da, Euskal Herrian biztanleriaren gehiengoa delako. Baina, ezin dugu ahaztu zer nolako lana egin zuten, beraiei esker baitugu dugun herria».

Horretarako, «politika instituzionala egitea» proposatzen du. «Kontuan izan beharko lirateke hiru lurraldeetako aldundiak, adinekoen erresidentzien sistema berrindartzeko. Arreta pertsonalizatuagoa eskaini behar zaie, beraiek gu tratatu gaituzten errespetu berarekin tratatu behar ditugulako». Osasungintzari dagokionez, «oso garrantzitsua» iruditzen zaio osasun langileak zaintzea, «osasun sistemak behar bezala funtzionatu dezan».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!