Argazki galeria

Eskualdeko bluesaren izarrak

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko uztailaren 4a

TolosandBlues jaialdiko hirugarren kontzertuaren txanda izan da eguerdian, Star Blues taldearen eskutik, Lopez Mendizabal plazan. Alaia bezain txalotua izan da eskualdeko nahiz Goierriko kideez osatutako taldearen emanaldia.

2010ean sortutako taldea da Star Blues. Jatorria Goierri aldean badu ere, bertako lau kideetatik hiru eskualdekoak dira. Jon Labaien teklatu jotzailea eta Fermin Etxeberria bateria jotzailea tolosarrak dira, eta Urko Ruiz de Apodaka baxu jotzailearen lekua hartu berri duen Mikel Atxega anoetarra da. Azkenik, Jon Barreros gitarra jotzailea eta abeslaria da goierritar bakarra, beasaindarra baita.

Duela bi hilabete ez zekiten noiz itzuliko ziren oholtzetara. Bada, gaurkoan horretarako zortea izan dute. Ez da oholtza batean izan, baina luzaroan geldirik egon ondoren, kontzertu bat eskaini ahal izan dute. Ez dira profesionalak, baina euren kantuak dituzte, baita bi disko ere. Gainera, musika estilo honetan euskaraz abesten duten gutxienetakoak izango dira, euren izaera propioa ematen diotelarik.

Gaurko saioan, bi disko horietako zenbait kantu jo dituzte, eta horiez gain, bertsio ezagunak ere entzun ahal izan ditu publikoak. Ederki asko gozatu dute ikus-entzuleek, hori nabari baitzen musikarien lana txaloz eskertzean.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!