«Ez gara profesionalak, baina ilusio berdina daukagu»

Irati Saizar Artola 2020ko mai. 10a, 18:59

Otsailean kaleratu zuen bigarren diskoa StarBlues taldeak; aurkezpen kontzertuaren ostetik, beste taldeen gisan, ez dute oholtzetara bueltatzeko aukerarik izan. Jon Barrerosek Ataria-ren galderei erantzun die.

Blues doinuak oinarrian, Hitz Gatibuak izeneko diskoa kaleratu du StarBlues taldeak. Aurkezpen kontzertua egin eta berehala hamar emanaldi lotu zituela azaldu du Jon Barreros (Beasain, 1978) StarBlues taldeko gitarrista eta ahotsak. Orain, ordea, ez dakite noiz itzuliko diren oholtzetara. Bitartean, sare sozialen bidez ari dira beren musika zabaltzen.

Barreros bera goierritarra da, baina gainerako hiru kideak eskualdekoak ditu: Jon Labaien teklatu jotzailea eta Fermin Etxeberria bateria jotzailea tolosarrak dira, eta Urko Ruiz de Apodaka baxu jotzailearen lekua hartu berri duen Mikel Atxega anoetarra da. 

Hamar urte beteko ditu arten taldeak. 

Hau guztia 2010eko irailean hasi zen. Urko Ruiz de Apodaka eta biok Ordiziako musika eskolan genbiltzan, jazz mundu horretan murgilduta. Denbora librean, bien artean blues estiloko zerbait egiten hasi gintezkeela pentsatu genuen, eta horrela hasi ziren. Bateria jotzaile bat lortu genuen, eta ondoren, gaur egun gure teklatu jotzailea den Jon Labaien sartu zen taldean. Bateria jotzaile horrek hiru-lau urteetara taldea utzi behar izan zuen lan kontuak medio, eta gaur egun taldekidea den Fermin Etxeberriak hartu zuen bateria jotzeko ardura. Aurreneko lauzpabost urte horietan sendotu zen taldea eta hor sortu genituen gure abesti propioak, hamar inguru, eta bertsio batzuk. Zuzenekoak emateari ekin genion ondoren eta lehen disko hura grabatu genuen 2016an.

Zer jaso zenuten lehen disko hartan?

Taldea sortu eta sei urte horietan konposatutako abesti mordo bat geneuzkan. Nonbait jaso nahi genituen, eta hasieran, maketatxo bat grabatzea pentsatu genuen, baina konturatu ginen maketa egitearena ia ez dela existitzen, duela hogei urteko kontua dela hori. Maketa ez, diskoa egiten da orain. Buru-belarri sartu ginen abestiei txukunketa batzuk egiten, ondo lantzen eta abestietan gehiago sakontzen, eta estudiora sartu ginen. Zortzi aukeratu genituen, gutxi gorabehera antzeko linea zeramatenak, blues estilotik gehien hurbiltzen zirenak. Gainerakoak, funkiagoak, rockeroagoak ziren, eta iruditu zitzaigun ez zutela bat egiten beste abestiekin.

«Musikari bat faltako balitz, seguru ez lukeela orain daukan soinua izango gure diskoak»

Blues doinuak dituzue oinarri, baina beste estiloak ere ukitzen dituzue?

Beste estiloak ere ukitzen ditugu. Laukotea gara eta bakoitza adar batetik dator: Ruiz de Apodaka baxu jotzailea punk-rocketik zetorren, ni rock nahiko gogorretik, Labaien teklatu jotzailea jazz, pop, latin eta beste estilo batzuetatik, eta bateria jotzailea ere pop eta rock taldeetan egon izan da. Denen artean konposatzen hasten garenean, eta ideiari forma eman nahi diozunean, gauza bitxiak ateratzen dira, zeren bakoitzak bere ikuspuntutik bere puntua ematen dio, eta hori oso aberasgarria da.

Eta aurtengo otsailean etorri da bigarren diskoa. 

Espresuki disko bat sortzeko kantak konposatu ditugu. 2016tik 2019 bukaera arte diskoa aurkezten aritu ginen, baina momentu bat iritsi zitzaigun, non abesti horiek zaharrak geratzen zirela iruditu zitzaigula. Inflexio puntu bat egin genuen taldean, eta denok ados jarri ginen airean genituen ideia horiekin zerbait berria sortzen hasteko; bereziki, taldea ez oxidatzeko eta lokalean aire freskoa sartzeko.

Gaztelupeko Hotsa diskoetxearen zigiluarekin sinatu genuen 2016ko lehen diskoa eta bigarrena ere halaxe egin dugu. Iazko azarorako hamar abesti osatuta genituen, eta estudiora sartu ginen.

Konposatze lanetan guztiok hartzen duzue parte? 

Gitarra eta ahotsa lantzen ditudanez, normalean ni izaten naiz melodia nagusia ateratzen duena, eta Labaienek ere tekla batzuk joaz melodia eta erritmo asko ateratzen ditu. Baina gero, behin estudioan lantzen hasita, bakoitzak bere puntua ematen dio. Denen arteko enpaste bat da, ideia nagusi horri forma ematen diogu. Azken batean, lan talde bat da nahiz eta bakarrak ideia nagusia eraman. Musikari bat faltako balitz, seguru ez lukeela orain daukan soinua izango gure diskoak.

Eta letrei dagokienez? 

Letrak neronek egiten ditut. Abesti asko daude, melodia atera orduko atzetik letra ipintzen diedanak, segur aski buruan daukadalako ideia zertaz hitz egin. Gai asko ukitu ditugu, aurreko diskoan baino askoz ere aberatsagoak eta landuagoak dira oraingo diskokoak. Gizarte gai gehiagori egin diegu kasu, eta nik uste disko onetan askoz gehiago landu ditugula.

Disko berria zerotik hasita grabatu duzue. Badu aldaketa nabarmenik aurreko lanarekin konparatuta? 

Poliki-poliki talde bezala gure nortasuna lantzen ari gara. Lehen diskoan linea nahiko planoa mantendu genuen, blues klasikoa egin genuen. Oraingoan ordea, konposatu ahala ateratzen ari ziren ideiak elkarren oso desberdinak zirela ikusi genuen. Bat oso funkia, bestea oso bluesa, besteak latin puntu inportante bat dauka, bestea poperoagoa da. Lehen mugatu egin genuen geure burua, eta oraingoan ez dugu hainbeste mugatu. Diskoa izan dadila kolore gehiago edukitzeko, abesti estilo gehiago. Eta erantzunarekin oso gustura gaude. Badute elkarren artean lotura, baina batetik bestera ezberdintasunak daude, beraz, entzuten ari denarentzat ere komodoagoa izan daiteke. Abesti bat entzuten duenak ea hurrengo abestiak nolako soinua izango duen pentsatu du. Jendea harrapatu nahi dugu, baina hori natural atera zaigu.

Aurkezpen kontzertua eman eta berehala etorri da osasun larrialdia. Zer pasa zaizue burutik? 

Gu ez gara profesionalak, hobby bezala egiten dugu, baina ilusioa berdina izaten da. Kontua da, gure itxaropenak kontzertuak lortzea, estudio batean inbertitu ahal izatea eta azkenean gauza erdi profesional bat egitea direla. Otsailean aurkezpen kontzertua egin eta hortik hogei egunetarako hamar kontzertu lotuta genituen urte bukaerara bitartean. Oso-oso pozik geunden, eta bestalde, diskoa oso harrera ona izaten ari zen jendartean. Orain, pena askorekin baina izorratu egin behar. Pena da hitza. Horrelako proiektu bat egindakoan, nahiz eta profesionalak ez izan, hain bihotzetik atera zaizun lantxoa, hainbeste ordu dedikatu diozun diskoa oharkabean pasatzeak pena ematen du. Egoera zaila da, baina gu animatuta gaude aurrera jarraitzeko. Entseguak egiten uzten badigute behintzat, ez da gutxi izango.

«Gure itxaropenak kontzertuak lortzea eta estudio batean inbertitu ahal izatea dira»

Ez zarete besoak gurutzatuta geratu. Disko berriko abesti bat formatu akustikoan grabatu duzue, bakoitzak bere etxetik.

Diskoa aurkeztuta genuenez, eta bideoklipa ere sare sozialetan aurkeztu genuenez, ezin genuela isilik geratu pentsatu genuen. Disko berriko Zerua ukituz abestia grabatu dugu, bakoitzak bere etxean mugikorrarekin bere zatia grabatuta. Aurikularretatik abesti originala entzuten genuen, tempoa eta erritmoa mantentzeko. Ondoren, programa batekin etxean editatu dut eta gure Youtube kanalean zabaldu dugu; baita beste sare sozialetan ere. Nolabait, bizirik gaudela erakutsi nahi izan dugu.

Jendea etxean dagoenez, sare sozialak eta aktibo izatea garrantzitsua ikusten duzu? 

Ez gara Su Ta Gar edo Berri Txarrak, talde xume bat gara eta hor egon nahi dugu gure hurbilekoentzat. Ezagunen artean eta familiartekoen ondoan egon nahi dugu. Kontua da diskoa aurkeztu eta berehala izan dela, beraz, promozio erdian zerbait egin beharrean ikusten ginen. Gaur egun sare sozialetan ez bazaude, zoritxarrez, sistema horrela doalako edo, jendea zutaz ez ahaztu, baina bai albo batera uzten zaituela edo garrantzirik ez dizu ematen. Beraz, ahal den neurrian hor egotea gustatzen zaigu.

STARBLUES


HITZ GATIBUAK

Kideak: Jon Barreros (ahotsa eta gitarra), Jon Labaien (teklatua), Mikel Atxega (baxua) eta Fermin Etxeberria (bateria).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!