Greziar jogurtarekin melokotoia

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Artola 2020ko eka. 30a, 16:25

Azkenburuko freskagarri bat ekarri digu Aintzane Artolak: Greziar jogurtarekin melokotoia. Era berean, etxean jogurta egiten ere ikasiko dugu.

Azkenbururako freskagarri bat da gaurko proposamena, familia eta lagunekin berriro elkartzeko aukera dugun honetan. Postre berezi, sinple eta jende gehienari gustatuko zaiona: greziar jogurtarekin melokotoia.

Lehen pausoan jogurta etxean nola egin ikasiko dugu. Normalean jogurtak erosi egiten badira ere, etxean egitea oso erraza da. Dirua aurreztu eta plastikozko ontziak ez kontsumitzea lortuko dugu honela. Egia da, zaporera ohitu behar dugula. Izan ere, ohituta gaude azukre askoko jogurtak jatera.

Ontzi batean esnea berotzen jarriko dugu, suabe-suabe, 37-40 gradu artean, behatza sartu eta erretzen ez digula. Esnea tenperatura horretan dugula, sua itzali eta esne-gaina eta esne hautsa gehitu eta nahastuko ditugu. Barila batzuk erabiliz, ondo-ondo nahastuko dugu. Behin nahastuta, likido itxuran geldituko zaigu. Nahasketa hori ontzietan botako dugu. Litro esnearekin, gutxi gorabehera hamar bat bote lortuko ditugu. Tapa jarriko diegu ontzi hauei, adibidez kontserba poteak erabili ahal ditugu. Gainera, gainetik trapu batez ere estaliko ditugu, tenperatura mantendu ahal izateko. Tenperatura hori ideala baita bakteriak bizirik mantentzeko, xomorrotxoek orduan guk jateko moduko jogurta sortuko dute eta. Trapu edo jertse batekin tapatzeaz gain, mugituko ez ditugun toki batean kokatuko ditugu, gutxienez sei orduz mantendu beharko ditugu eta. Denbora hau pasata, hozkailuan sartuko genituzke eta aste-aste t'erdiz jateko moduan izango ditugu gure jogurtak. Behin hozkailuan sartzerakoan, hozterakoan, solidifikatzen joango da gure jogurta.

Melokotoiaren txanda da segidan. Labea 180 gradutan jarriko dugu berotzen. Berotu bitartean, melokotoiak zuritzen hasiko gara eta ondoren, dadotxoetan moztuko ditugu. Labeko erretilu batean prestatuko ditugu, ondo sakabanatuta eta gainetik azukrea botako diegu. Ordu erdiz labean izango dugu. Melokotoia bigunduko da, eta marmelada moduko bat lortuko dugu.

Ontziak prest ditugula, lehenik melokotoi hauek botako ditugu, azpialdean utziz. Gainean prestatuta dugun greziar jogurta botako diogu eta azkenik, gainetik, gailetak botako dizkiogu, zanpatuta. Kanela gustukoa duenak, gainetik puntutxo bat botatzea dauka. Mundiala gure gaurko postrea!

OSAGAIAK
Jogurt bat.

Litro bat esne.

Bi koilarakada esne hautsa.

250 ml. arroz esne-gaia.

Bi melokotoi.

Kanaberako azukrea.

Gailetak.

Kanela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!