Hitza betetzeko prest azaldu da EH Bildu

Ataria 2020ko uzt. 2a, 15:16

EH Bilduk hauteskunde kanpainako ekitaldi ofiziala egin zuen, atzo, Tolosako Trianguloa plazan. Bertan izan ziren Maddalen Iriarte lehendakarigaia eta Nerea Kortajarena Gipuzkoako zerrendako hautagaia. Biek ere, "hitza ez betetzea" leporatu zioten EAJ-PNV eta PSE-EE alderdiek osatzen duten gobernuari.

Herritarrekiko hartutako konpromisoen balioa aldarrikatu zuen Iriartek. Hitza izan behar dutela eta hitzezkoak izan behar dutela nabarmendu zuen behin eta berriz. “Herri gisara ariko gara, inor bazterrean utzi gabe. EH Bilduk ez ditu hauteskunde promesak egiten, konpromisoak hartzen ditu, eta betetzen ditu. Madrilen PP kanporatuko genuela esan genuen, eta hala egin genuen; Maroto Gasteizko udaletxetik aterako genuela esan genuen, eta hala egin genuen; UPN Nafarroako Gobernutik aterako genuela esan genuen, eta hala egin genuen. Lan erreforma bertan behera uzteko konpromisoa Madrilera eramango genuela esan genuen, eta hitza bete dugu”.

Iñigo Urkullurentzat ere mezu bat utzi zuen. “EH Bilduk eta EAJ-k akordio bat lortu zuten erabakitzeko eskubidearen inguruan, eta orain hitza jan dute. Orain ez daude honetan, ez dute honi buruz ezer jakin nahi. Urkullu jaunak esan du ez duela murrizketarik egingo. Baina, esan orduko hitza jana zuen. Murrizketarik ez duela egingo esan, eta osasun arloan murrizketak egin dituelako, gizarte politikak murriztu egin dituelako, eta hezkuntzan murrizketak egin dituelako. Ez dauka sinesgarritasunik. Aste honetan bertan, haserre ikusi ditugu irakasleak, baita sindikatuak ere”.

Zelofana kentzearen beharra

Kanpaina garaian, alderdi politikoak euren proposamenak herritarrei helarazten saiatzen direla adierazi zuen Kortajarenak. “Zelofan handia dago, baina zelofan hori kentzen dugunean, oso labur azaldu daiteke zein den EAJ-ren programa. Burujabetza? Ez dago erabakitzeko eskubiderik. Osasuna eta hezkuntza? Murrizketak. Enplegu politikak? Confebaskek esaten duena. Eta industria politiketan, hobe errentetatik bizitzea. Finean, ez erabakitzeko eskubiderik, ezta herri honek bere kideak zaindu eta babesteko behar dituen gizarte politika aurreratuak.

Kortajarenak, gainera, "oso zorteko" sentitzen dela aitortu zuen. "Oso zorteko sentitzen naiz, herri honi alternatiba sendo bat eskaintzen dion proiektu politiko bakarraren partaide sentitzen naizelako, herri hau nahi bezain urruti eramateko gaitasuna duen, bizitzak erdigunean jarri eta feminista den, eta inor bazterrean uzten ez duen proiektu bateko partaide sentitzen naizelako".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!