"Positiboa izan daiteke beste alderdiekin gauzak adostea"

IƱigo Terradillos/Irati Saizar 2020ko uzt. 2a, 12:00

Villanuevaren ustez, ekonomia suspertzeko eta enpleguari eusteko, talka plan bat aurrera eramatea da egokiena; mugikortasunari dagokionez, 'euskal Y'-aren beharra ikusten du eta berehala amaitzeko eskatu du.

PSE-EEk Eneko Andueza buru duen zerrenda aurkeztu du Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara. Hautagaien zerrendan, 15. postuan dago Tolosan zinegotzi den Joxe Mari Villanueva (Tolosa, 1960).

Osasun krisiaren kudeaketaz zer balantze egiten duzue?

Inor ez zegoen prest horrelako egoera bati aurre egiteko. Espainian ez zen antzeko osasun krisirik izan 1918az geroztik. Pedro Sanchezek izan duen ausardia baloratzen dut. Egoera honek zer zekarren jakin gabe, neurri gogorrak hartu ditu, baina denbora pasata konturatu gara hartu dituen erabakiak garrantzitsuak eta eraginkorrak izan direla. Sendotasun bat eskatzen zuen egoera horrek, eta zorionez, Gobernuak emandako erantzunak efektiboak izan dira.

Jaurlaritzaren azken legealdiko kudeaketaz zer nabarmentzen duzue?

Legegintzaldian, sozialistok Eusko Jaurlaritzako kide izan gara. Sozialistok konpromisoa erakutsi izan dugu: Eusko Legebiltzarrean ditugun eserlekuek balio izan dute euskal herritarren premia larrienei erantzuteko, eta baita ekonomia eta enplegua suspertu, eta kolektibo ahulenei elkartasun eta berdintasun printzipioen arabera erantzuteko ere. Kudeaketa guzti horrek bere argi-ilunak izan ditu, baina helburu garrantzitsuak lortu ditugu. EAJk eta sozialistek programa bat adosten dutenean, ikusten dugu gure herria gora joaten dela.

Errealitate berria nola ikusten duzue?

Aldaketa ikaragarriak datoz, eta nik uste ezinbestekoa dela plangintza bat sortzea. Konpromiso eta ekintza instituzionalak eskatuko ditu egoerak, eta erakundeek jarrera aktiboa izan beharko dute sektore publikoan garatu beharreko politikak lehenesteko. Azpiegitura soziosanitarioa mantentzea, indartzea eta berrantolatzea ezinbestekoa izango da. Eta gainera, lankidetza pribatu eta publikoen oreka hori mantenduz. Nik uste, osasun sistema, adinekoen sistema eta hezkuntza sistema ezinbestekoak direla, eta esfortzua egin beharko dela horretan. Baina sistema horiek ez dute funtzionatzen ekonomiak funtzionatzen ez badu.

Ekonomiari dagokionean, osasun krisiak eragin handia izan du. Zer neurri proposatzen dituzue?

Gure enpresak indartsuagoak izan daitezen laguntzak bideratu behar ditugu. Enplegu duinak eustearen aldeko apustu bat egin behar da, jarraipen zuzen bat eginez, prekarietateari aurre eginez eta gure ekonomia produktiboa suspertuz. Langileek eta enpresek eutsi eta suspertzeko helburua partekatu behar dute eta hori lortzeko, Elkarrizketa Sozialerako Mahaiak neurriak adosteko eremua izan behar du. Ekintza horiekin batera, DSBEaz osatutako bizitzeko gutxieneko diru sarreraren neurria funtsezko elementua da pobreziaren arrakala ez areagotzeko. Sozialistok talka plan bat proposatzen dugu, enpleguari epe laburrean eusteko eta ekonomia epe ertainean suspertzeko.

Euskalgintzan, eta zehatzago izateko, euskal hedabideetan, kezka handia dago, eragina nabaria izan delako eta diru laguntzei dagokienez, zalantza handiak daudelako.

Pandemiak agerian utzi du baliabide teknologikoen erabilerak komunikabide digitaletan eragin handia izan duela. Euskarazko hedabideen kasuan, ekonomia eta kultura arloko enpresa gisa, beraien jarduerari eusteko laguntzak ezinbestekoak dira. Eusko Jaurlaritzatik, Gipuzkoako Foru Aldunditik eta udaletatik euskarazko kultur ekoizpena mantentzearen eta indartzearen alde egiten jarraituko dugu.

Pentsiodunek kezkatuta egoteko arrazoiak badituztela uste duzu?

Egoera kezkagarria da, izan ere, ekonomiak behera egiten badu, eta zergen bitartez dirurik biltzen ez bada, ezin dira zenbait gauza ziurtatu. Baina 2018an, Pedro Sanchez gobernuko presidentearen lehen ekintza atzeraeraginezko izaera duen KPIa igotzea izan zen. Ordutik aurrera, pentsioak igo egin dira koefiziente horren arabera. Euskal Herriko eta Espainiako biztanle guztiek badakigu PSOE Espainiako Gobernuan dagoen bitartean pentsioen sistema publikoari eutsiko diola eta KPIaren arabera igoko direla.

Tolosaldeko osasun sistema eztabaidarako gai izan da azken urteetan. Zer da zuek proposatzen duzuena?

Gauzak ez dira zuriak eta ez dira beltzak. Errazena da esatea ospitale publiko bat eraiki behar dudala bi urtean, baina gure bailarako egoera are konplexuagoa da. 2019ko martxoan, Legebiltzarreko Osasun batzordearekin izandako bileran, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailari behar diren neurriak har zitzala eskatu genion, eta Tolosaldeko herritar guztientzat osasun laguntza publikoa, unibertsala eta kalitatezkoa eskaini zezatela. Argi dugu, itundutako zerbitzuak betetzen ez badira, kudeaketa publiko eta zuzenaren aldeko aldarria egingo dugula.

Ingurumenari begira pandemiaren ondorioz kutsadura murriztu dela ere ikusi dugu. Alor honetan zeri ematen diozue lehentasuna?

Sozialistok jasangarritasunaren aldeko apustu garbia egiten dugu. Baita garraio publikoaren aldekoa ere; mugikortasun jasangarria lortzeko, euskal Y-a bezalako azpiegitura baten beharra ulertzen dugu. Azpiegitura hori ahalik eta azkarren amaitu behar da.

Zuekin batera EAJ-k osatzen du Jaurlaritzako gobernua. Horrela ikusten duzue hurrengo legealdia ere?

Gure esperientzia EAJrekin aberasgarria izan da. Hala ere, positiboa izan daiteke beste alderdirekin gauzak adostea, baina oinarri etiko ukaezin bat onartzen dutenekin soilik partekatu ahal izango dugu gobernua. ETAren historiarekin zainak oraindik irekita ditugu, eta nik uste diskurtso etiko bat oraindik beharrezkoa dela.

Gainerako alderdiak nola deskribatuko zenituzke?

Alderdi Popularrak Espainiako Gobernuan dagoen bitartean du indarra Euskal Herrian. EAJri dagokionez, desberdintasun ideologiko handiak ditugu, baina funtsezko gaietan akordioak lortzeko gai gara. EH Bilduk itxura instituzionala du, funts nazionala soilik eta parlamentuko bere eginkizuna EAJ neurtzea izan da. Podemos beheraka doa, eta kontraesanak dituzte: Espainian sozialistekin akordio batera iritsi dira, baina Euskal Herrian beti distantzia markatzen dute.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!