«Inprobisatzeko gaitasunak berezi bihurtzen du bluesa»

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko uzt. 3a, 17:00

Igandean, 18:00etatik aurrera, TolosandBlues jaialdiko azken kontzertua eskainiko du Iker Piris tolosarrak, Txurreriako terrazan. Besteak beste, bere azken diskoko kantuak joko ditu.

Konfinamenduko hiru hilabeteetan emanaldi ugari bertan behera utzi behar izan zituen Iker Pirisek (Tolosa, 1979), besteak beste, Bilbon edota Miarritzen. Azken aldian, hala ere, zenbait kontzertu eskaintzen dihardu. «Martxa hartuta, gogotsu nago», dio. Formatuari dagokionez, gehienetan taldearekin, eta batzuetan beste musikari batekin bikotea osatuz eskaintzen ditu kontzertuak. Igandean, ordea, bakarka ariko da. «Poz handia ematen du antolatzaileak bertako musikari batez oroitzeak», aitortzen du.

Zer moduz aurkitzen zara herrian jotzeko aukera izanda?

Oso pozik nago. Urte asko dira ez nuela TolosandBlues jaialdian jotzen. Duela zazpi urte aritu nintzen azkenengoz, 2013ko edizioan.

Zuretzako ardura handia da jaialdi honetan aritzea?

Ez nuke esango ardura handia denik. Beti da berezia senitarteko nahiz lagunen aurrean jotzea. Normalean, etxean baino gehiago aritzen naiz kanpoan, eta beraz, arrunta egingo ez zaidan arren, erraztasun gehiago ematen dituela esango nuke, alde guztietatik.

Ze iruditzen zaizu TolosandBlues jaialdia eta bertako antolakuntza?

Oso aberasgarria iruditzen zait Tolosa bezalako herri batek Blues estiloko musikaren jaialdi bat izatea. Euskal Herrian oso zaila da bertako musika estiloetatik kanpo dauden ekitaldiak programatzea, hemengo musika estiloarekin oso harreman estua dugulako. Eskertzekoa eta txalotzekoa da, beraz, bai antolatzaileek baita udalak egiten duten lana, ez delako erraza izaten jada ezarrita dugun egitura finko horretatik ateratzea.

The Romanticos taldea osatu zenuen 2009an. Nolakoa izan da hamarkada honetako zure ibilbidea?

Talde hura sortzea nire proiektu pertsonal bat izan zen. Horrela hasi nintzen merkatuan sartzen, hemen eta han kontzertuak eskaintzen, bidaiatzen nahiz diskoak ekoizten. Gerora, kolaborazioak ere egin izan ditut bakarlari nahiz talde askorekin, eta estatuz kanpoko musikariak ere ekarri ditut nirekin batera aritzeko. Kirolariak bezalakoak gara musikariak, entrenamenduak egiten dituzu, partidak jokatu, eta azkenean, zure fruituak jasotzen dituzu. Hala ere, motelagoa izan ohi da musikarion prozesua.

Duela gutxi, gainera, 'Solo' diskoa kaleratu zenuen.

Bai. Betidanik izan dut bakarkako disko bat grabatzeko gogoa. Hartze bakarrean grabatu nituen kantu guztiak. Bira batean nengoela, Asturias inguruan mota horretako grabaketak egiteko estudio oso apropos bat zegoela jakin nuen. Guztia analogikoa da, eta bi arratsalde behar izan nituen kantu guztien doinuak eta letrak grabatzeko.

Nolako diskoa da? 

Gitarra eta ahotsa bakarrik uztartu ditut. Nik neuk sortutako kantuez gain, badira blues generoko kantu klasiko batzuen moldaketak ere.

Duela laurogei, duela ehun urteko blues doinuak berreskuratu eta ukitu pertsonala ematea zen zure ametsetako bat. Lortu al duzu?

Hori inoiz bukatzen ez den lana da. Margolari batek, esaterako, bere lan guztietan uzten du bere ukitu pertsonala edo bere zigilua, ikusleak antzeman dezan. Nire kasuan gauza bera gertatzen da, hori baita musikari batek izan behar duen helburu garrantzitsuenetako bat.

Igandean bakarrik ariko zara. Presio apur bat sentitzen duzu?

Orain ez. Bakarka jotzen hasi nintzen lehen aldietan bai, noski sentitzen nuela urduritasun edo presio puntu hori. Taldearekin hasi nintzenean baita ere, nahiz eta ondoan helduleku bat izan.

Bakarka, ordea, akatsak eginez gero, errazago antzematen dira...

Akatsak egin arren, horiek ere musikaren parte dira. Beti egongo dira hor. Gainera, akatsak eta inprobisaziorako gaitasunak, genero edo estilo honi berezkotasun ukitu bat ematen dioten ezaugarriak dira, berezi eta aparteko bihurtzen dutenak. Azkenean, zu zara mikrofono aurrean zaudena, eta nola edo hala, trikimailuak aurkitu behar izaten dituzu, publikoarengandik feedback bat lortzeko. Konfinamendua hasi aurretik, esaterako, Galizian izan nintzen lau egunez, bakarlari modura. Oso gustuko dut horrela aritzea; formatu guztiek bezala, bere gauza on eta txarrak ditu.

«Terrazek oso ondo funtzionatzen dute, batez ere, saioak eguna ilundu baino lehen badira»

Txurreria aurrean izango da saioa. Toki berezia, ezta?

Nahiz eta gehienbat agertoki gainean edo plaza handietan aritu izan naizen, horrelako espazioetan ere jo izan dut. Musika jotzeko ez dut toki kutun bat, guztietan oso gustura aritzen naizelako, eta guztiek dutelako xarma berezia. Terrazek, adibidez, oso ondo funtzionatzen dute, batez ere kontzertuak eguna amaitu baino lehen izaten badira, oraindik iluntzen ez duenean. Hala ere, kontzertua toki eta egoera berezi honetara egokitzea izango da nire egitekoa.

Esan duzun moduan, egoera ere berezia izango da, hartu beharreko segurtasun neurriengatik. Erraza izango al da publikoaren 'feedback' hori jasotzea?

Egia esan, ez dakit. Ziur naiz, oso desberdina izango dela. Hala ere, ikusi beharko da publikoa zutik ala eserita egongo den, eguraldiak lagunduko ote duen, eta beraz, zaila da aurreikuspenak egitea.

Nolako kontzertua aurreikusten duzu?

Kasu eta saio berezietarako soilik egin izan dut kantuen zerrenda. Horretarako nahiko anarkikoa kontsideratzen naiz. Diskoko kantuak joko ditut, baina unean bertan bizi dudanaren arabera jotzen dudala jakinda, inprobisaziorako espazio bat ere utzi beharko dut.

Erlazionatuak

Xarma bera mantenduko du

Josu Artutxa Dorronsoro 2020 eka 30 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!