Xarma bera mantenduko du

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko eka. 30a, 09:00

Etzi hasiko da 2020ko TolosandBlues jaialdia, eta igandera arte luzatuko da; sei kontzertu ikusteko aukera egongo da. Orain arteko edizioekin alderatuta oso desberdina izango da, baina tartean Euskal Herriko nahiz estatu mailako artista bikainez gozatu ahalko da.

Hemen da TolosandBlues jaialdiaren edizio berri bat. 2020koa hamaseigarrena izango da. Urtetik urtera, eskaintza hobea izan ohi duen ekitaldia izaten da. Zaila dirudien arren, geroz eta kalitate handiagoko artistek betetzen dituzte Tolosako terrazak nahiz plazak. Gehienak bertakoak nahiz estatukoak, baina izaten dira europar kontinenteko nahiz ozeanoz bestaldeko musikariak ere.

Aurten, ordea, ez da halakorik ikusteko aukerarik izango, COVID-19aren pandemiak eragindako osasun larrialdia dela eta. Hala, talde gonbidatuen artean gehiengoa Euskal Herrikoak izango dira, eta Madrildik eta Bartzelonatik ere gerturatuko dira Tolosara. Guztira, sei kontzertuk osatzen dute eskaintza. Ostegunean hasiko da jaialdia, The Mojo Hand taldearen kontzertuarekin, eta asteburuan ere izango dira saioak.

Izarne Iglesias kultura eta festetako zinegotziak jaialdiaren aurkezpen prentsaurrekoan azaldu zuenez, «herria poliki-poliki normaltasuna berreskuratzen ari da». Hala ere, oraindik arduraz eta zuhurtziaz jokatzen jarraitzearen beharra nabarmendu zuen. «Ukaezina da ezohiko egoerak gogor kolpatu duela kultur sektorea. Horregatik, eta San Joan garaiko egunetarako egin bezala, Suspertu Tolosa planean jasotako lan ildoetako bat izan da kultur jarduera berreskuratzea, babestea eta sustatzea».

Kontzertuetara, gonbidapenekin

Iglesiasek adierazi zuenez, kale dinamizaziorako kultur programazioa lantzen dihardu udalak, herriko eragileekin batera, haien partaidetza lehenetsiz, haien jarduna babesteko. «Udako kultur egitaraua itxita dago, eta udazkenera begira ere lanean jarraituko dugu. Berezia izango da, hartu beharreko segurtasun neurri guztiengatik». Hala, oraingo honetan, TolosandBlues jaialdiko antolatzaileek egin duten lana azpimarratu nahi izan zuen zinegotziak, «zailtasunak zailtasun, egitarauarekin aurrera egiteagatik».

Oraindik ere indarrean dauden segurtasun eta prebentzio neurriak jarraituz egingo dira, aurten, kontzertuak. Hori dela eta, haietara joateko gonbidapena beharko da. Horiek kultur etxeko harreran izan dira eskuragarri egun hauetan, eta dagoeneko guztiak agortuta daude. Hala ere, eta saioak zein tokitan diren ikusirik, udaletik jakitun dira terrazetan jendea izango dela kontzertuez gozatzeko. «Guk plazetako sarrerak kontrolatuko ditugu, eta ikusleen eremura sarrerarekin soilik sartu ahal izango da. Ez gara tabernetako terrazetan bildu daitekeen publikoaren kargu egingo».

Eskaintza laburragoa, baina gozatzeko modukoa

Arestian azaldu bezala, sei kontzertuz gozatzeko aukera izango da aurten. Sei taldek osatzen dute aurtengo kartela, eta sei toki desberdinetan eskainiko dituzte kontzertuak. The Mojo Hand taldea Euskal Herria plazan ariko da etzi. Ostiralean, The Luckymakers taldearen txanda izango da Gipuzkoa Plazan (Leidor atzealdean). Larunbat eguerdian Star Blues taldea ariko da Lopez Mendizabal plazan, arratsaldean, Victor, Fredi eta Noa VD hirukotea Zerkausian, eta gauean, berriz, Big Dani Perez Plaza Berrian. Iker Pirisek itxiko du aurtengo edizioa, igandean, Txurreriako saioarekin.

Iñigo Martin jaialdiko antolatzaileak, talde bakoitzaren inguruko xehetasunak eman zituen prentsaurrekoan. Bertan azaldu zuenez, oso gustura daude lortutakoarekin, eta adierazi zuen, orain emaitza ikustea besterik ez dela geratzen. «Mojo Hand taldea eskarmentu handiko musikariek osatzen dute, eta tartean da Karlos Aranzegi perkusio jotzaile tolosarra». Bestetik, blues, soul eta gospel munduan ibilbide luzea duten musikariek osatzen dute The Luckymakers talde madrildarra. «Nahasketa paregabea eta bikaina eskaini nahi dute, melodiari eta sentikortasunari lehentasuna emanez».

Eskualdeko hiru lagunek eta goierriko beste batek osatzen dute Star Blues taldea. «Profesionalak ez izan arren, bi disko atera dituzte, eta horietako kantu gehienak gainera, beraiek sortuak. Bigarren diskoa, gainera, sendoagoa, landuagoa da», nabarmendu zuen Martinek. Victorrek, Fredik eta Noa VD-k osatutako hirukotea, «aurtengo kutixia» kontsideratzen du. «Inoiz ez dira elkarrekin aritu, baino zein baino zein hobeak dira. Hortaz, bitxia izango da, baina kalitate handiko hiru musikari izango ditugu, doinu klasikoak eta estandarrak uztartuko dituztenak».

Larunbatean, berriz, «egun, Europan dugun saxofoi jotzaile onenetakoa» izango da Tolosan. Swing, rock eta blues doinuak eskainiko ditu Big Dani Perezek. «Bera da aurtengo izarra, esperientzia eta eskarmentu handiko musikaria, oraingo honetan, boskotean datorrena». Jaialdiari amaiera emateko, etxeko musikari bat izango da: Iker Piris tolosarra. Azken urteetan, izan dira bertako nahiz inguruko zenbait talde, eta apustu hori mantendu nahi izan dute, aurten ere, antolatzaileek. «Duela laurogei, laurogeita hamar edota ehun urteko blues doinuak berreskuratu eta ukitu pertsonala ematea da bere ametsetako bat».

2020ko TolosandBlues jaialdiaren egitaraua:

Uztailak 2, osteguna: Mojo Hand taldearen kontzertua, Euskal Herria plazan, 20:00etan.

Uztailak 3, ostirala: The Luckymakers taldearen kontzertua, Gipuzkoa plazan, 19:30ean.

Uztailak 4, larunbata:

  • Star Blues taldearen kontzertua, Lopez Mendizabal plazan, 13:00etan.
  • Victor, Fredi eta Noa VD hirukotearen kontzertua, Zerkausian, 19:30ean.
  • Big Dani Perezen (boskotea) kontzertua, Plaza Berrian, 22:30ean.

Uztailak 5, igandea: Iker Pirisen (bakarka) kontzertua, Txurrerian, 20:00etan. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!