"Agintariei egia, zentzutasuna eta leialtasuna eskatzen diet"

Iñigo Terradillos 2020ko uzt. 1a, 12:30

Atxukarroren iritziz osasun krisiari aurre egiteko, ekonomian eragina duten tresna guztiak martxan jartzea izan beharko luke lehentasuna; gehitu du publikoa izatean baino ematen duen zerbitzuan jarri behar dela arreta.

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen harira, ATARIA-k bost alderdi nagusietako ordezkariekin elkarrizketak egingo ditu eta 2016ko hauteskundeetako Tolosaldeko emaitzen araberako hurrenkeran argitaratuko ditu; PP, PSE, Elkarrekin Podemos, EAJ eta EH Bildu, alegia. Gipuzkoako PP-ren hautagaien zerrendan, 17. postuan dago Pello Atxukarro (Oiartzun, 1955).

Osasun krisiaren kudeaketaz zer balantze egiten duzue?

Dauzkagun datuekin argi ikusten da kudeaketa txarra egin dutela. Beranduegi hasi ziren neurriak hartzen, eta horren ondorioz hildakoak eta kutsatuak izugarri biderkatu dira. Zaila da ulertzen, esaterako, martxoaren 8an egin ziren manifestazioak nola baimendu zituzten eta herritarrak bertan parte hartzera animatu. Osasun zentroak gainezka ikusi ditugu, helduen zentroetan ere berdin. Bazetorren zerbait zela kontuan hartuta, jokabidea tamalgarria izan da, eta ondorioak hor daude. Kudeaketa horrek bere ondorioak izan behar ditu, eta norbaitek erantzun egin beharko du.

Jaurlaritzaren azken legealdiko kudeaketaz zer nabarmentzen duzue?

Estatutu berria azpimarratuko nuke. Katalunian ikusi dugunagatik, eta lehenago Euskal Herrian ere izan zen saiakeragatik, hori nabarmenduko nuke. Ez zaigu batere egokia iruditzen Euskal Herria Espainiatik ateratzeko estatutu berri bat adostea. Gu ez gaude horrekin ados. Uste dugu Euskal Herria Espainia barruan oso ondo dagoela. Komeni zaigu hor egotea, eta geroz eta elkartuago egon hobe. Gure apustua elkartasun hori sendotzea da, eta alderantzizko bidea naturaren kontrakoa iruditzen zaigu.

Errealitate berria nola ikusten duzue?

Positiboa da beharrezkoa baita gizartean galdu genuen askatasuna irabaztea. Dena den, kontuan hartu behar dugu arriskuak hor jarraitzen duela. Osasuna zaintzeko beharra dagoen bezala, eguneroko lanera bueltatzeko beharra dago. Ekonomiarik ez badago bizitzeko behar ditugun zerbitzuak ezin dira mantendu. Alarma egoera bukatu den honetan, eta mugak zabalik daudelarik, kontrolerako neurri hobeak egon beharko lirateke.

Ekonomiari dagokionean, osasun krisiak eragin handia izan du. Zer neurri proposatzen dituzue, eta lehentasuna non jartzen duzue?

Lantokiak martxan jarri eta lanpostuak berreskuratzea da gakoa eta neurriak horretara bideratuta egon behar dute. Aldi berean, osasuna zainduz egin behar da. Europatik laguntza dezente ere espero dugu, eta hori positiboa izango da. Gure lehentasuna ekonomian eragina duten tresna guztiak martxan jartzean dago.

Euskalgintzan, eta zehatzago izateko, euskal hedabideetan, kezka handia dago, eragina nabaria izan delako, eta diru laguntzei dagokienez, zalantza handiak daudelako.

Guztiok ditugu kezkatzeko arrazoiak. Konfinamendua garaian euskal hedabideen kontsumoa igo dela jakiteak pozten nau. Ez daukagu proposamen zehatzik, hori bai, euskarazko komunikabideak beharrezkoak dira euskarak aurrera jarrai dezan. Euskarazko komunikabideek jokatzen duten papera ezin du inork eztabaidatu, beharrezkoak dira. Horregatik, gobernutik kontuan hartu beharko da zer behar eta arazo dituzten, beti ere, dauden aukeren arabera.

Pentsiodunek kezkatuta egoteko arrazoiak badituztela uste duzu?

Bai. Estatuak egungo egoeraren ondorioz arazo ekonomikoak baditu, ez nintzateke harrituko pentsioak ukituko balituzte. Gainera, ez da lehendabiziko aldia, Zapaterok ere izoztu baitzituen pentsioak aurreko krisian. Hala ere, hori jorratzeko dago Toledoko Ituna. Bestalde, pentsioena sistema publiko egonkorra izan behar du, eta horretarako beharrezko neurriak hartu behar dira. Agintariei, beraz, exijitu behar zaie norbere pentsioa jasotzea bermatzea. Are gehiago, pentsiodunak gizarteko sektore zaurgarrienetakoak direla kontuan hartuta.

Tolosaldeko osasun sistema eztabaidarako gai izan da azken urteetan. Zer da zuek proposatzen duzuena?

Gainerako alderdien planteamenduak ezkerreko ikuspegitik joan dira, batez ere. Publikotasunaren alde egin dute. Gu ez gaude publikotasunaren kontra, baina, publikoa izanagatik ez du bermatzen zerbitzua hobea izango denik. Egia da Tolosaldea dela klinika publikoa ez duen eskualde bakarra, baina, ni ez nau itsutzen publikoa izateak edo ez izateak. Hori bai, publikoari bezala, gainerakoei ere, eta kasu honetan Asuncion klinikari, eskatu behar zaio zerbitzuak bermatu behar dituela beste eskualdeetan bezala. Dohainik eta kalitatezko zerbitzua eskaini behar du. Guk hori horrela izan dadin kontrolak egon behar dutela exijitzen dugu jaurlaritzan. Badakigu egiten direla kontrolak, emaitzak hor daude, eta zuzenketak ere bidaltzen zaizkio klinikari.

Ingurumenari begira pandemiaren ondorioz kutsadura murriztu dela ere ikusi dugu. Alor honetan zeri ematen diozue lehentasuna?

Ingurumenari begira lanean jarraitu beharra dago, eta gaur egun guztiok ematen diogu garrantzia.

Zein alderdirekin duzue hauteskundeen ostean itunak egiteko lehentasuna?

Ez dugu lehentasunik une honetan. Ekonomiari begira EAJ-tik gertuago gaude ezkerreko alderdiekin baino, beraz alde horretatik, errazago litzaiguke beraiekin adostasunera iristea. Gobernatzaileei egia, zentzutasuna eta leialtasuna eskatzen diet nik, hori funtsezkoa da niretzat.

Gainerako alderdiak nola deskribatuko zenituzke?

EH Bildurekin desberdintasun handiak ditugu. ETA bukatu zen, prozesua amaitu zen, baina, ez dago erabat bukatua. Oraindik pausoak emateko geratzen zaizkiola iruditzen zait. Podemos ezker ezkerreko komunistek, ez didate batere konfiantzarik ematen, beraien proposamenak ez direlako batere errealistak. PSOE-rekin konfiantza eza handia da, batez ere, Sanchez dagoenetik. EAJ alderdi serioa iruditu zait beti eta beraiekin adostasunetara iristeko erraztasun handiagoak genituela pentsatu izan dut, baina, beraien leialtasun faltak eta nazionalismoari buruz dugun iritziak urrundu egin gaituzte.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!