Lehenik eta behin, jasaten ari garen krisi honen aurrean, pandemia honek eragin digun izugarrizko zauri hau pairatzen ari garen honetan, milioika euro suposatuko duen hauteskunde kanpaina bat datorkigu. Ia biztanle bakoitzeko gastatuko den paper kantitatea itzela da. Alderdi politiko bakoitzeko «beharrezko» diren botorako paperak, hauteslekuan aurkitu ditugunak derrigorrez, nahi eta nahi ez (ez baduzu espresuki horrela eskatzen) zure etxeraino eramango dizkizute, gutun-azal bat hautesle bakoitzeko. Hau da, sei alderdi politiko aurkezten badira lehendakaritzara, gutxienez jasoko ditugun gutun-azal haietatik bost, zakarretara botako ditugu, boto bat bakarrik eman dezakegulako. Beraz, zakarrontzira botako ditugun paper pila ekarriko dizkigute etxera, eta noski, hau dena biztanleriak ordainduta.
Bigarrenik, posta bidezko botoa doakoa dela esaten digutenean, ez da guztiz egia, doakoa da hauteslearentzako baina horrek atzean daraman lan guztia ez da doakoa, eta noski, hori ere, biztanleriak ordaintzen du.
Agiri ofizialak telematikoki atera ditzakegu eta oraindik ez dugu boto digitalean pentsatu?
Eta azkenik, posta bidezko botoari egiten ari zaion kanpaina, alderdi politikoen esanetan segurtasunaren izenean, ez zait bidezkoa iruditzen. Erosketa egitera joan gaitezke, kirola egitera, lanera, tabernetara, terrazetara.... eta ez da segurua botoa ematera joatea? Etxetik lan egin dugu azkenengo hiru hilabeteotan, orain dela lau hilabete pentsaezina izango zena. Agiri ofizialak telematikoki atera ditzakegu eta oraindik ez dugu boto digitalean pentsatu?
Hurrengo asteetan iraingarria iruditzen zaidan gastu ekonomiko eta ekologikoa jasango dugu, gure poltsikoetatik aterako dena, eta bitartean, jendea janari eske egunero elikatu ahal izateko. Nire uste apalean lotsagarria. Hobe genuke kanpaina honetan gastatuko duguna, beste gauza batzuetan gastatzea, askoz ere beharrezkoagoak direnak oraingo egunetan.