Tolosako Araba etorbidean dute egoitza, bertan izan da hitzordua, kideek etxez etxeko azken elikagai banaketa egin eta gero. «Martxoa bukaeran hasi ginen janari banaketa horrela egiten. Martxoaren hasieran ohiko banaketa egin genuen, baina alarma egoera ezarri zenean, etxez etxekoarekin hasi ginen. Peñascaleko eta Auzolanean Tolosako boluntarioen laguntza izan dugu horretarako, eta eskerrak», azaldu du Iruretagoienak.
«200 etxe baino gehiagotara iritsi gara», zehaztu du Lopetegik, eta «modu azkar eta onean erantzun ahal izan diogu eskaerari». Horretarako koordinatuta aritu dira Auzolanean Tolosako boluntarioekin, Peñascaleko kideekin eta Tolosako Udalarekin. «Iristen ziren eskaera guztiak hona bideratu dira, eta deitu egin genien, banan-banan, bakoitzaren egoera ezagutzeko. Horrela, 200 familia, denak oso egoera ezberdinean. Lan gogorra izan da, baina ondo erantzutea lortu dugu».
Momenturen batean elikagairik gabe geratu ziren, baina baita irtenbidea eman ere. «Hasierakoa shock modukoa izan zen. Jendea larrituta, deika, guk ere janari gutxi hemen eta Oiartzungo elikagai bankua itxita», onartu du Lopetegik. Erosketak egin zituzten: «Udalera jo genuen eta laguntzen gaituen Nergroup taldeko Panelfisa lantegira ere bai. Ekarpen ekonomikoekin bi erosketa potolo egin ditugu eta maiatzean elikagai bankua irekitzearekin joan gara berriro ere poliki-poliki osatzen: apirilean, 8.000 kilo janari banatu genituen birritan».
Osagarri gisa eskainitako laguntza ezinbesteko bihurtu da egunotan hainbat familiarentzat: «Elikagai bankutik datorrena normalean laguntza bat da: hilabeterako atun lata bat, hiru litro esne... baina ez dira osatzen hilabete baterako otorduak. Bat-batean, ordea, iturri bakar bihurtu gara, behar-beharrezko», kontatu du Iruretagoienak. Baliabiderik eta inongo diru-sarrerarik gabe geratu diren pertsonengana maiztasun handiagoarekin joan dira. «Ez zuten beste modurik jan freskoa lortzeko. Hemen janari freskoa ez da izaten, eta dauzkaten lanekin zeozer erosteko modua izaten dute, hemen eskuratutakoa osatzeko; baina oraingo honetan freskoa ere eman behar zen, lortutako ekarpenekin saiatu gara eskaintza zabaltzen», gehitu du Lopetegik. Haurren elikadura ere oso aintzat izan dute eta eskertu dute ahalegina.
Etxez etxeko azken banaketa eginda, modu presentzialari berrekingo diote baina ez ohiko moduan. «Asteotako eskari guztiei erantzun zaie, beti ere deitu eta beraien egoera ezagututa. Orain telefonoz egin ditugun kontaktu guztiak ezagutu behar ditugu: beraien egoera aldatu ote den jakin, ezagutu...», aurreikusi du Iruretagoienak, eta Lopetegik gehitu: «Egun gehiagotan egin beharko dugu lana. Bi egunetan, hiru saiotan, egin ohi genuen banaketa; hemen, goiz batean, 60 lagun etor zitezkeen. Momentu honetan ezin dugu hori egin, ilara luzea egingo litzateke». Beraz, lanerako modua egokitu beharko dute; boluntario gehiago izango direlakoan, eskertuta daude.
Izan ere, lehendik ere bazegoen arazoa bistan geratu da, eta jendea gehiago mobilizatu da: «Orain ikusten dugu momentu on batean gaudela edozein aldaketa edo proposamen egiteko eta mugimendu herritar indartsu eta solidario bat sortzeko. Lan handia izan da eta egoera larria, baina pozik gaude gogoa ikusten dugulako: sare indartsu baten hasieran, eta motibazio handiarekin gaude», onartu du Iruretagoienak, eta Lopetegik txanda hartu: «Nolabait elkartu gara sentsibilitate bereko jende dezente, pentsatzen genuena baino gehiago».
Boluntarioek justizia soziala dute buruan beraien aburuz, bere garaian Arantza Iruretagoiena eta Ana Lopetegi elkartera batzera eraman zituen arrazoi bera, finean. 2013an sortu zen elkartea, eta sorreratik dago Iruretagoiena: «Herri mugimendu bezala eragile ezberdinak elkartu ginen, sumatzen genuelako inguruan jendea gaizki pasatzen ari zela, eta eskubide bat zela jatekoa edukitzea. Dena den, elikagai banaketa soiletik harago, gure asmoa zen laguntzea, aholkua eskaintzea,...». 2016an batu zen Lopetegi: «Irakaslea naiz eta ikasleak edota beren gurasoak nazionalitate ezberdinekoak zirela konturatzen nintzen, gero eta gehiago. Tolosa urte gutxian dezente aldatu da, eta nire ondoan egon baina ezagutzen ez nuen errealitate hori ezagutzeko eman nuen pausoa. Ez nion inongo konnotazio erlijiosorik edo politikorik ikusi elkarteari, eta pentsatu nuen nik ere tokia izan nezakeela hemen».
Azken asteotan gerturatutako boluntarioei eustea espero dute. Batean ala bestean, proiektu ezberdinetan, badago laguntzeko sena azaleratzeko aukera.
«70 elkarbizitza unitate baino gehiago, etxebizitzarik gabe geratzeko arriskuan daude»
Argi daukate ez dutela atzera itzuli nahi: «Hau dena gertatzerako, jada aztertzen ari ginen egiten ari garen hau ondo ote dagoen, ez... elikagaia horrela ematea zer da? Ez dugu karitatea egin nahi, baina hala ote da? Nola egin janaria familietara modu duinago batean iristeko?», azaldu du Arantza Iruretagoienak. Pobreziaren Aurkako Jardunaldiak antolatzen dituzte, eta iaz eredu ezberdinak mahairatu zituzten: «Txartel edo bonu solidarioak, adibidez, eta horretan ari gara hausnartzen».
Oinarrian horixe du elkarteak: «Justizia sozialak batu gaitu, ez limosna emateak. Zutani izena horregatik jarri genion: zerbitzu edo proiektu honen barruan parte hartuko zutelako erabiltzaileek beraiek». Hartara, elikagai bila joaten diren erabiltzaileek ere hartzen dute parte egitekoetan: «Kamioia deskargatu behar dela, janaria banatu, kontaketa egin...». Eta janari banaketaz harago elkarteak antolatzen dituen ekintzen eta tailerren bidez ere harreman sare politak eraikitzen dira: «Beraien artean ezagutzen dira, eta herrialde berekoak direla konturatzean sorpresak hartu ere bai».
Justizia sozial horren oinarrian janaria ez ezik, etxebizitza ere badago. «70 elkarbizitza unitate baino gehiago etxebizitzarik gabe geratzeko arriskuan daudela kontabilizatu dugu», esan du Ana Lopetegik. Batzuk dilema hori bizi izan dutela aipatu du Arantza Iruretagoienak: «Batek esan zidan: zer ordainduko dut, alokairua ala jatekoa?». Etxebizitza moten eta haien egoeraren inguruko kezka ere adierazi dute. Honelakoei heltzeko argi dute eragile askoren arteko elkarlana beharrezkoa izango dela. Janariari dagokionez, herriko denda txikiekin eta baserritarrekin ere aritu nahiko lukete: «Azpiegitura handia behar da, ez dakit lortuko dugun, baina ikusiko dugu».