Zu kiroletik, menditik eta bidaiatzetik bizi zara. Nola bizi izan zenuen pandemia honen hasiera?
Halako batean, uste gabeko zerbait iritsi zen, eta ni pozik hemen harrapatu nauelako. Baditut lagunak koronabirusak kanpoan harrapatu dituenak eta etortzeko nahiko lan izan dutenak.
Alde horretatik, zortea izan zenuen, beraz.
Bai. Egon nintekeen Yukonen, Laponian, Senegalen edo beste herrialde batean. Gaixotzekotan ere, hobe hemen beste inon baino.
Zuk bizimodua bidaiatuz ateratzen duzu. Pentsatzen dut aldaketa handia eragingo zizula guzti honek?
Dudarik gabe. Nik ia 40 urte daramatzat munduan barrena: bai nire kabuz, eta baita bestetik, besteen oporrak nire lana direlako ere. Pertsona hauek zeozerengatik taldean joan nahi dute edo ardurak beste batzuek hartzea edo bideak, erabakiak…
Bidaiatzen dugunok, momentu honetan bidaiatu ezinik geratu gara. Bidaiatu ezinik geratzea esatea ez da hain larria; esango nuke lanik gabe geratu naizela edo diru sarrerarik gabe, baina hori ere onartuta daukat nire bizimoduan. Askotan, bidaia bat eginda ere, ez da ondo ateratzen. Ni beti ziurgabetasun batean bizi izan naiz, orduan, egoera hau bat gehiago da horren barruan.
Gida lanetan aritzen zara. Beraz, bidaiaketa bertan behera geldituko zitzaizkizun.
Bai. Aste Santuko asmoak, Senegal alderako asmoak, udara begira atzerrira joateko aukerak murriztu dira eta penintsulan bertan ere, ziur aski. Oporrez hitz egitea pixka bat bigarren mailakoa dirudi orain, ez delako jatea, edatea edo etxe bat edukitzea bezain premiazkoa. Jendeak oporrak egiteko modua aldatu beharko du, eta seguru asko hainbat egoera ere ez dira oso ondo egongo. Lehen gaizki zeuden familietan, gauzek okerrera egingo zuten orain. Pentsatu genuen ez dela nahikoa kexatzea, irtenbideak jarri behar direla, alegia.
Eta egoera honek ekonomikoki ere eragin latza izango zuen, ezta?
Bai. Segurtasun batean ez bizitzea erabaki nuenez, horren barruan sartzen da. Osasuna edukiz gero eta ilusioa gehituz, gauzak egin daitezke, eta horretan ari gara: ideia berriak lantzen, gauzak batzuk mimoz prestatzen…
Inolako laguntzarik jaso al duzue?
Ez. Ni ezin naiz ERTEan sartu. Ni naiz nire nagusi, ni naiz nire langile, sindikatuko… Gauza naizen bitartean, nire bizimodua aurrera ateratzen saiatuko naiz.
Pandemia hau iritsi izan ez balitz, zein asmo zenuen?
Banuen Afrikarako asmoa, baneukan Mediterraneotik joateko asmo bat, Grezia aldera errefuxiatuen kanpalekuetara; banuen Georgia aldera joateko beste plan bat udazkenerako… Egin nuena izan zen hartu munduko mapa eta globo bat bezala erabat hustu, geografia estutu eta pentsatu gure herri txiki honetan. Gure ingurua pribilegiatua da. Munduan oso leku gutxitan joan zaitezke goizean itsas bazterretik eta egun berean Urbian paseatu. Nik urteak pasa ditut hemengoei kanpokoa erakusten, baina uste dut askok ez zutela hemen bertakoa ezagutzen.
Nola bizi izan duzu munduan zehar bidaiatzen egotetik etxean sartuta egon beharrera pasatzea?
Kanpoan egon naizenean ere izan ditut egoera gogorrak. Ez konfinamendua, baizik eta muturreko hotzak eta beroak, mugak, aireportuak, gerra egoerak, errefuxiatu kanpalekuak… Ondo eraman dut. Bost minutu goizetan ateratzen nintzen, eta kito. Gaur egungo gure etxe normal batetik mundua eskura daukagu. Denek pentsatzen dute hau gogorra izan dela, eta egia da esperientzia berria izan dela gehienontzat, baina hau askoz gogorragoa izan zitekeen. Noizbait bizi izan dudan muturreko egoera bat ere pentsatu izan dut beti okerragoa izan zitekeela.
Hala ere, geldirik egon beharrean, pare bat proiektu martxan jartzea erabaki duzue.
Bai. Zumardia elkartea Tolosan sortu zen duela bost bat urte. Lehendik egin ditu piragua ikastaroak; bizikleta; orientazioa; mendi ibilbide laburrak; egun batzuetako mendi ibilbideak; eta umeentzat, gazteentzat eta helduentzat. Ikusten genuen aurten panorama erabat aldatuko dela. Jendeak beharko du zerbait denbora librea iristen denean eta osasun protokolo guztiak bete beharko dira noski, baina edukiko du gogoa piraguaz ibiltzeko edo bizikletaz edo mendira joateko, ezingo baita urrutira joan. Zumardia ondoan dagoen azpiegitura txukuntzen aritu gara egun hauetan, eta hortik antolatuko dira piragua ikastaroak ibaian, ordutegi desberdinetan eta bizikleta ikastaroak. Horrekin batera, pentsatu genuen inguruko mendietan ibilbide batzuk egitea, hiru, lau, bost edo sei eguneko iraupena izango dutenak: Aizkorri, Aralar eta Hernio aldetik. Ez urrutira joanda, bertatik bertara. Beste ideia batzuk ere badauzkagu: ingelesa klase batean eman daiteke edo irteera bat egin daiteke ingelesez hitz eginez, oharrak hartuz, inguruko paisaia, landaretza, bizimodua… Hori Nagore Salaberriak egingo du, eta orain ari da ekintza diseinatzen eta egunak erabakitzen.
Nori zuzenduta izango dira eta noiz egingo dituzue?
Berehala aterako dira ordutegiak. Ekainaren erdi aldetik aurrera uste dut piragua eta bizikleta ikastaroak hasiko direla hainbat adin tarterentzat: eskaini beharko da zerbait 10 urtekoentzat, 14koentzat, nerabezaroan daudenentzat eta helduentzat. Pentsatzen aritu gara mendi ibilbide horietako batzuk familientzat ere izan daitezkeela.
Beharra duena agian ez da etorriko, baina norbaitek atzemango balu norbaiten seme-alaba ezin dela inora joan etxe horretan ez daudelako 100 edo 200 euro, iruditzen zaigu gure printzipioetan horrek ere egon behar duela. Ez dadila 12 urteko edo 17 urteko mutiko edo neskato bat ezer egin gabe gelditu ezin dutelako gurasoek ordaindu. Edo gurasoak izanda, ez daitezela gelditu ezer egin gabe, ez daukatelako aukerarik edo lotsa daukatelako.
Nola begiratzen diozu etorkizunari? Zein asmo duzu udatik harago?
Honek balio beharko luke gauzak birpentsatzeko, gutako bakoitzak hausnartzeko. Balio beharko luke esaten dut, ez baitakit balioko duen. Lehen munduko happy people ginen, eta honek uste dut zalantzan jarri gaituela. Jende batek pentsatzen du goitik behera etorri daitezkeela aldaketak; nik gehiago pentsatzen dut behetik gora edo maila horizontalean etorriko direla.