Maleta edo motxila hartu eta munduan zehar bidaiatzea. Hori da askorentzat Aste Santurako, udarako edo Gabonetarako plana. COVID-19ak, ordea, mugak itxi ditu, hegaldiak bertan behera utzi eta mugikortasuna mugatu. Gauzak horrela, zaila da aurtengo oporrak nolakoak izango diren, edo izango ote diren, pentsatzea.
Baina batzuentzat aisialdia dena, ogibidea da besteentzat, eta haiek ere ezinezkoa dute euren ohiko jardunari eustea. Zer gertatu da gida turistikoekin? Nola iraungo dute atzerrian argazkiak ateratzeaz bizi zirenek? Dezente hitz egin da Euskal Herrian turistarik ez jasotzeak izango duen eraginaz, baina gutxiago atzerrian bidaiatzea bizimodu duten euskal herritarrez. TOLOSALDEKO ATARIAk horrela bizi izan diren hainbat herritarren bizipenak jaso ditu. Egungo egoerara moldatu behar izan dute, eta aurten behintzat, ez dute aukera handirik ikusten orain arte egin izan dituzten lanetara itzultzeko.
Kanpora joateko aukerak murriztu direla eta, beste bide batzuk landu beste aukerarik ez dute, eta horretan ari dira
Kanpora joateko aukerak murriztuko direla eta, beste bide batzuk landu beste aukerarik ez dute, eta horretan ari dira. Esaterako, Zumardia elkartearekin, Nagore Salaberriak astelehenetik ostiralera jarduerak antolatuko ditu, goizetan hiru orduz eta 8-16 urteko haurrentzat eta gazteentzat. «Asmoa da Tolosa eta bere ingurua aprobetxatuz, gazte horiei erakustea hemen dauzkagun bitxikeriak». Naturan oinarrituko dela nabarmendu du eta ekintza horiek ingelesez egingo dituztela. Beraz, pandemia garaia aukeratzat ere badu zenbaitek.