Zein bizimodu zenuen pandemia hau hasi aurretik?
Egia esan, pandemiarekin nire bizia ez da asko aldatu. Egia da, pandemia baino lehen, argazkiak ateratzera kalera joaten nintzela edo lanak kalean egiten nituela, baina ordenagailuan ere ordu asko sartzen nituen. Zer gertatu den pandemiarekin? Udarako nire plan guztiak izorratu egin direla. Buruan neukan guztia egoera berrira moldatu behar izan dut. Adibidez, pentsa argazkilaria izanda, udan ez daudela ezkontzak, bataioak, jaunartzeak, erakusketak kurtsoak ezin dira eman... Orduan, zer egingo dut? Moldatu.
Pandemia hau gertatu izan ez balitz, zein asmo zenuen?
Kurtso bat eman beharra neukan, ezkontzak neuzkan udan eta intentzioa neukan Ekialde Hurbilera bidaia bat egiteko. Ez neukan oso argi nora; lortuko nituen kontaktuen arabera. Jarraipena eman nahi nion Iranen egindako lanari. Ez nekien Iranera, Libanora, bietara, Turkiara… Hori urrian izango zen, baina, orain, burutik kendu dut ideia hori. Egoera hau ez da betiko izango; etorri den bezala joango da. Nik buruan neukana egingo dut, baina beranduago izan beharko du.
Gaur egun, nolakoa da zure egoera?
Kalera atera gaitezkeenez, argazkiak hemen ateratzen ari naiz: pandemiari buruz lanak egiten, baina hemen bertan.
Zein lan egiten dituzu?
Iruditzen zait argazkilari guztiak ospitaleetan sartuta daudela edo gutxi gorabehera berdina egiten, eta ni saiatzen naiz zeozer originalagoa egitenedo. Bilbon daukat lantxo bat pentsatuta, baina oraindik probintzia ezin dugu zeharkatu, eta horren zain nago.
Uda izaten da askotan bidaiatzeko ohiko garaia. Zein argazki atera nahiko zenuke uda honetan?
Izugarrizko kuriositatea daukat hondartzak nola moldatuko diren. Adibidez, Donostiara joan, eta Kontxari argazki bat atera: jendea nola sartzen den, ea nola moldatu duten…
Eta nolako argazkia izango dela uste duzu?
Ez dakit. Horregatik nahi dut atera, ez zaidalako burura etortzen nola sartuko den jendea; semaforoak egongo diren; bideak egongo diren…
Lehen aipatu duzu zure lana gutxitu egin zaizula. Horren aurrean, inolako laguntzarik jaso al duzu?
Ez.
Udarako nire plan guztiak izorratu dira; buruan neukan guztia egoera berrira moldatu behar izan dut
Erakusketak ere egiten dituzu zuk ateratako argazkiekin. Horiek ere bertan behera geldituko ziren, ezta?
Bai. Asmoa neukan Irani buruz egin nuen erakusketa mugitzeko. Justu horretan ari ginela, pandemia iritsi zen. Argazkilaritza munduan, dena bertan behera gelditu da. Orain argazkilari guztiak pandemiari buruzko lanak egiten ari dira, atzerriko komunikabideei saltzen, eta ahal dena egiten.
Hitz egiten duzu beste argazkilariekin zer moduz dabiltzan jakiteko?
Bai: oso larri. Nik bidaiatzen dut, baina ez hainbeste. Badaude beste batzuk kanpoan bertan baino gehiago daudenak, eta orain zer egin ez dakitela geratu dira. Hasi dira pandemiari buruz lanak egiten, baina mundu guztia berdina egiten ari da.
Zu ere aritu zara pandemiari buruzko argazkiak ateratzen?
Bai. Adibidez, Tolosako mojekin ari naiz lanean. Iruditzen zait oso bitxia dela, leku bakarra delako ezer aldatu ez dena. Telebista jartzen duzu eta beti ospitaleak, gaixoak, Gurutze Gorria, laguntza... Ni konfinatuta egon nintzenean -aurretik egin nielako erreportaje bat Tolosako mojei- pila bat lagundu zidan beraiekin pasa nituen egunak gogoratzeak, egun guztia daukatelako antolatuta orduz ordu. Gogoratzen naiz hauxe esaten zidatela: «Guk ez daukagu denborarik aspertzeko». Ni etxean atera gabe egon naizenean, saiatu naiz orduz ordu antolatzen.
Erraza egin al zaizu munduan zehar bidaiatzen aritzetik etxean sartuta egotera pasatzea?
Ez zait zaila egin: konturatu naiz segituan moldatu naizela. Txipa aldatu behar izan dudala; badakit aurten ezingo dudala bidaiatu. Europa mailan, agian bai, baina Ekialde Hurbilera joateko ez dakit pasaporte espainiarrarekin asko egitea daukagun. Ni berrogeialdian ez naiz sartuko herri batean: hori oso argi daukat. Orain ezin ditut bidaiak planifikatu, eta nik, bidaiatzen dudanean, beti oso ikasita eramaten dut dena. Orain, nahiago dut itxaron, hemen moldatu, hemen lan egin… Hori ere ikasketa ona da. Niri beti gustatu izan zait kanpoko gaiak egitea eta bidaiatzea; niretzako etxeko lan on bat da saiatzea bertan egiten.
Beraz, pandemiatik atera duzu ikasgairen bat.
Bai, egoerara moldatzea eta bertako gaiei garrantzi gehiago ematea. Askotan ez gara konturatzen, baina hemen ere badaude gaiak, eta nik ez diet arreta handia jartzen, gustatzen zaidalako kanpora joatea.
Etorkizunera begira, zure lanean zerbait aldatuko dela uste duzu?
Ez zait gustatzen etorkizunean pentsatzea. Iruditzen zait egoera hau, etorri den bezala, bukatu egingo dela; hori pentsatu nahi dut behintzat.