Sekulakoa izan da Suspertu Tolosa kanpainak herritarrengandik jaso duen lehen erantzuna. Covid-19ak eragindako itxialdiaren ondoren Tolosako komertzio eta zerbitzuak babesteko eta laguntzeko helburuarekin 7.000 bonutik gora jarri ziren salgai, larunbat arratsaldetik aurrera. Bada, hasieratik herritar askok egin dute bat bertako merkataritza eta zerbitzuen sektorea suspertzeko deialdiarekin, eta dagoeneko saldu da bonuen laurdena. Erosketa martxan jarri zen unetik gaur goizera arte, 1.900 bonu baino gehiago saldu dira, izena eman duten 147 saltoki eta establezimenduetan erabiltzeko.
Zentzu horretan, udalak herritarren erantzuna txalotu eta eskertu nahi izan ditu. “Kanpainak aurreikuspen guztiak gainditu ditu hasiera honetan. Tolosarron parte hartze, inplikazio eta konpromisoak ezinbestekoak zirela azpimarratu genuen Tolosa elkarrekin eta guztion artean suspertzeko, eta izugarria izan da herritarren erantzuna; ezbairik gabe erakusten du sendoa dela bertako saltokiekiko herrian dagoen konpromisoa eta eskertzekoa eta txalotzekoa da”, azaldu du Nerea Letamendiak, Merkataritza, Azokak eta Turismoa saileko zinegotzi arduradunak.
Webguneko arazoak, konponduta
Herritarren bat-bateko erantzun itzela albiste on bezain pozgarria bada ere, une berean jaso ziren bisitari eta eskari kopuruak hainbat arazo sortu zituen. Hainbesterainokoa izan zen webguneko bisitari eta erosle kopurua, non larunbatean nahiz igandeko lehen orduetan zerbitzua etenda egon baitzen, ordainketa-pasarelak gainezka egin eta gero. Dagoeneko arazo guztiak konpondu dira, beraz, normaltasun osoz erosi ahal izango dira bonoak.
Maiatzaren 29ra arte izango da, gehienez, horretarako aukera, lehenago bonuak agortzen ez badira behintzat. Erosketan zailtasunik izanez gero, edota laguntza behar izanez gero, merkataritza sailak laguntza eskainiko du 943 69 75 21 telefonoan edota merkataritza@tolosa.eus posta elektronikoaren bitartez.