Herriko eragile ekonomikoekin bildu eta egoeraren diagnosia egin ostean, COVID-19aren pandemiak eragindako krisiari aurre egiteko plana garatzeari ekin dio Tolosako Udalak. Horretarako, eta lehen urrats moduan, Suspertu Tolosa kanpaina jarri zuen abian, herria sozialki, ekonomikoki eta kulturalki biziberritu, eta krisiak gehien kolpatu dituen sektoreak babesteko asmoz.
Merkataritza, Azokak eta Turismoa Saileko zinegotzi arduraduna den Nerea Letamendiak prentsaurrekoa eskaini du, goizean, Tolosako Udaleko pleno aretoan. Bertan azaldu duenez, merkataritza eta zerbitzuen sektorea da Suspertu Tolosa proiektuaren lehen lan-ildoa, ateak itxi behar izan dituzten tokiko establezimenduei bultzada emateko.
Horretarako, eta Tolosa&Co elkartearekin lankidetzan, tokiko establezimenduetan kontsumitzeko erosketa-bonuak jarri dira herritarren eskura. "Beharrezkoa zen udaletik horrelako proiektu bat aurrera eramatea", adierazi du Letamendiak. Bonuak salgai jarri aurretik, baina, kanpainan parte hartzeko prest zeuden saltoki eta zerbitzuak zeintzuk ziren jakin nahi zuten. Bada, ia 150 establezimenduk eman dute izena. "Guztiak ere, anitzak dira; gehienak arropa dendak eta osagarrienak, zerbitzu ugari ere badira", azpimarratu du Letamendiak.
Non eta nola erosi ahal dira bonuak?
Bihar, 20:00etatik aurrera jarriko dira salgai bonuak www.suspertutolosa.eus webgunean. Guztira 7118 bonu jarriko dira salgai. Ezinbestekoa izango da izena ematea; gainera, hasieratik zehaztu beharko da bonuak zein saltokitan erabiliko diren, eta ezingo da aldatu. Saltoki bakoitzeko bonu bakarra erosi ahal izango du pertsona batek, eta, gehienez ere, lau bonu erosi ahal izango dira pertsonako. Erosketa prozesu bakoitzeko, berriz, bonu bana eskuratu ahal izango da. Bonua erosterakoan NAN zenbakia eman beharko da, eta komertzioetan bonuak erabiltzean ere nahitaezkoa izango da NANa erakustea.
Bonuak aurrez erosi beharko dira. Gaur ireki da epea eta maiatzaren 29ra bitarte dago aukera. Bonuak erosi ondoren, posta elektronikoz jasoko dira eta horiek inprimatu egin beharko dira dendetan erabili ahal izateko. Erosketa egin den unetik 24 ordu pasatakoan aktibatuko da bonu bakoitza, eta une horretatik aurrera izango da erabilgarri, 2020ko abenduaren 31ra bitarte. Internet bidez bonuak erosteko zailtasunik izanez gero, edota horiek erosteko laguntza behar badute herritarrek, merkataritza sailark laguntza eskainiko du 943 69 75 21 telefonora deituta edota merkataritza@tolosa.eus posta elektronikora idatzita.
10, 20 eta 30 euroko bonuak erosi ahal izango dira eta bono bakoitzari diru gehiago gehituko dio udalak: 5, 10, eta 15 euro gehituko dizkie hurrenez-hurren. Tolosarrek, beraz, 15, 30 eta 45 euro izango dituzte erosketa-bonu bakoitzeko. Guztira 80.000 euro bideratu ditu udalak ekimen honetara, nahiz eta egitasmoaren inpaktu ekonomiko erreala 240.000 eurokoa izatea aurreikusten duten. "Era horretara, udalak saltokiei diru bat aurreratzeko aukera izango duela aurrikusten dugu, likidazioari aurre egiteko", azaldu du Letamendiak.
Hortaz, helburu bikoitza du egitasmoak, batetik tokiko kontsumoa sustatzea, eta bestetik, herritarrak eta familiak babestu eta laguntzea. Saltokiak bultzatu ez ezik, herritarrak ere izango baitira beste onuradunak, udalak bonu bakoitzari gehituko dion diruari esker, gastatzeko kopuru handiagoa izango baitute. Bonuen inguruko informazio gehiago jasotzeko, lehen aipatutako webguneko ohiko galderen atalera jo daiteke.
Eusko Jaurlaritzak, duela urte batzuk, Gabonetan jarri zuen martxan azkenekoz bonuen kanpaina bat. "Orain ez dakigu zerbait egingo duten; hala ere, guk egitea erabaki dugu, ezinbestekoa ikusten genuelako". Eusko Jaurlaritzak antzeko kanpaina bat martxan jarriz gero zer gertatu daitekeen galdetuta, "ikusiko da zer nolako erantzuna izaten duen gure ekimenak. Harrera ona izanez gero, aurrera joko dugu. Bi kanpainak bateragarriak eta osagarriak badira, biak uztartuko ditugu", aitortu du zinegotziak. Une honetan, gainera, Eusko Jaurlaritzatik nahiz Foru Aldunditik heldu daitezkeen laguntzen zain daude udal ordezkariak.
"Gure saltokiak, gure bizilagunak"
Kanpainak herritarrak bidelagun izan behar dituela nabarmendu du Nerea Letamendiak. "Kanpaina honek ez du zentzurik, herritarren inplikazio, konpromiso eta elkartasuna lortzen ez badugu. Elkarrekin eta indarrak batuta lan egin behar dugulako Tolosa biziberritzeko, eta gure tokiko saltoki eta establezimenduak babesteko".
Izaera soziala izango duen kanpaina dela ere nabarmendu nahi izan du. "Gure saltokiak, gure bizilagunak ere badirelako, kaleak bizirik mantentzeko ahalegina egin behar dugu. Gaurko, biharko edota etziko keinua, izan dadila ekonomia berpizteko epe ertain edota luzera begirako pauso motz bat. Hau abiapuntu bat besterik ez da, baino aurrerago gehiago izango dira".
Era berean, herritarrei arduraz eta zentzuz jokatzeko dei egiten die udal zinegotziak. "Urduritasuna nabaria da, ez-jakintasuna ere handia da, eta erraz esaten den arren, pazientzia izan dezaten eskatzen diegu herritarrei. Errealitatea oso gordina den arren, orain arteko erantzuna oso ona izan da".
Hurrena, ostalaritza
Amaitzeko Letamendiak berretsi du, elkarlanetik jaiotako kanpaina dela eta herritarren parte hartzea ezinbestekoa izango dela, guztion artean, Tolosa berriz ere martxan jartzeko. "Orain inoiz baino gehiago jarri behar ditugu balioan eta babestu behar ditugu gure herriak berezkoak dituen ezaugarriak: merkataritza, ostalaritza, zerbitzuen sektorea, azokak, kultura... horregatik, merkataritzaz gain, Suspertu Tolosa proiektuaren barruan sektore gehiagori begirako laguntza-lerroak jarriko dira martxan datozen asteotan”.
Herriko ostalariak, ordea, bere kabuz jarri ziren elkarrekin harremanetan, eta horrela hasi ziren inoiz ezagutu gabeko multzo berri bat osatzen. Aurrerantzean, ostalaritzako bi ordezkari batuko dira udalak eragile ekonomiko desberdinekin batera egiten dituen bileretara. "Elkartu izana oso albiste ona izan da guretzat. Jakin dugunez, gainera, 15 bat ostalarik dute astelehenetik aurrera taberna ireki eta terrazak jartzeko asmoa. Hortaz, aurrerantzean saiatuko gara bere beharrei ere erantzuten".