Indarkeria matxista jasaten duten emakumeei bideratutako laguntza telefonoetara egindako deiek "ezohiko moduan" egin dute gora Covid-19aren pandemiak eragin duen osasun alarmagatik ezarritako konfinamenduaren ondorioz. "Orain arte indarkeria matxista identifikatzeko zeuden zailtasunei, hainbat egoera normaltzat hartzeko jokabideei eta inpunitate sozialari, ezohiko egoerak eragin duen ziurgabetasuna gehitu behar zaio".
Ahalduntze Eskoletatik, Emakumeen Etxeetatik, boluntario taldeetatik, emakume elkarteetatik eta talde feministetatik laguntza sareen zein telefono mugikorretan sortutako taldeen bidez azken asteetan eskaini den laguntza "funtsezkoa ari da izaten, indarkeria egoera batean bizi diren emakumeei babesa emateko".
Horren guztiaren eraginez, eta emakume horien segurtasuna bermatzeko, beharrezkotzat jotzen du udalak telefono bidezko arreta emateaz gain, emakume horiengana iristeko bide digitalak ugaritzea eta mezuak ikuspegi komunitario batetik zabaltzea. "Bide horretan, emakumeek online baliabideak eskura izatea, wifi librea esaterako, nahiz sare sozial edota WhatsApp bidezko komunikazioak ugaritzea ere ezinbestekoak izango dira aurrerantzean, baita mezuak, indarkeria egoera batean bizi diren emakumeei bideratzeaz gain, komunitateari eta auzotarrei bideratzea ere".
Kontrol sentsazioa areagotu da
Etxeko konfinamenduak ere indarkeria matxista kasuetan "modu zuzenean" eragin duela azpimarratzen du. "Telefono bidezko arretak nabarmen egin du gora, baina kalera irteteko zailtasunek murriztu egin dute salaketa kopurua. Horrez gain, kontuan izan behar da jartzen diren salaketa asko bikote ohiaren aurkakoak izaten direla, indarkeria kasu asko kontrolaren aterkipean ematen direla, eta konfinamendu garai honek erasotzaileek emakumeenganako duten kontrol sentsazioa areagotu egiten duela".
Halako egoeran bizi diren emakume askok haien burua zein etxeko gainerako senideak babesteko eta indarkeria egoerak saihesteko "egiten duten ahalegina eta hartzen duten sumisio jarrera" azpimarratu nahi izan du. "Gaia sakonagotik aztertuta, ondorioztatu da konfinamendua haien erasotzaileekin igarotzen ari diren emakumeak psikologikoki egiten ari diren ahaleginak larritasun ugaritako ondorioak sorrarazten ari dela".
Horregatik, konfinamendutik irteteko faseetan ere lanean jarraituko du udalak, eta "ezinbestekotzat" jotzen du indarkeria jasan duten emakume horiei arreta emateko guneak sortzea, "bizitako egoerak sorrarazi dizkien ondorioak identifikatu, artatu eta erreparatzeko. Horretarako, emakume horiek elkarbizitza eta bizitza sostengatzeko egin duten ahalegina gizartean eta erakundeetan ikusarazi behar da".