Koronabirusa

Indarkeria matxistak ez du berrogeialdirik

Ataria 2020ko mar. 30a, 19:59

Konfinamendu egoerak indarkeria matxista areagotu dezake, eta hainbat udalek herritarren eskura jarri dituzte laguntza eta telefono zenbakiak.

Ez da berria etxean egotera behartu dituela herritarrak koronabirusaren gaitzak, eta kezka sortu du, indarkeria matxistak ez duelako berrogeialdiaz ulertzen. Hau da, elkarbizitzara behartu ditu herritarrak, eta isolamenduak egoera ezatseginak areagotu ditzake. Horren aurrean, indarkeria egoerak salatzeko hainbat udalek telefono zenbakiak jarri dituzte herritarren eskura.

Esaterako, Ibarran, indarkeria matxistaren aurkako protokoloa egina dute, eta martxan dago. Garbi dute, konfinamendu egoera honetan indarkeria egoerak biziko direla, eta «konfinamendu egoera hau bizi dugulako behintzat, ez daitezela gelditu abisatu edota salatu gabe», azpimarratu du Xabier Jauregi gizarte langileak. «Antena guztiak martxan jarrita ditugu, eta lanean gaude. Sare guztia martxan dugu: adineko, menpeko pertsona,...». Udala lanean dagoela ekarri du gogora, eta gizarte zerbitzuak eta udaltzaingoa, besteak beste, herritarren beharrei erantzuteko lanean ari direla. Ibarrako Udalaren telefono zenbakia 943 67 11 38 herritarren eskura jarri dute.

Tolosako Udalak ere lanketa egin du egoeraren aurrean: «Kontziente gara COVID-19ak sortu duen isolamendu egoeraren ondorioz indarkeria matxista egoerak areagotu daitezkeela, eta hori kontuan izanik, indarkeria matxista egoeran dauden emakumeen arreta zerbitzua indartu egin dugu».

«Zerbitzu eta profesional ezberdinekin koordinatuta, 24 orduko zerbitzu-arreta eskaintzen ari gara. Indarkeria matxista jasaten duten emakumeek, une oro eta edozein egoera edo larrialdiaren aurrean, Tolosako Udalera 010 edo 943 65 44 66 (Herritarren Arreta Zerbitzua) edo Udaltzaingora 943 67 58 58 deitu dezakete».

Arreta integral bat emateko, «beharrezkoa da konfinamendu egoera honek sortu ditzakeen arrisku egoera eta faktore berriak antzematea, eta emakume bakoitzak izan ditzakeen beharrak identifikatzea», azaldu dute. Horretarako, bereizketa bat egin dute: alde batetik, horrelako egoera batean bizi diren eta jada Gizarte Zerbitzuetatik identifikatuta dituzten emakumeak daude, eta beste aldetik, identifikatu gabe dituztenak. Identifikatuta dituztenen arreta eta jarraipena indartu egin dituzte, irizpide ezberdinak kontuan hartuta: erasotzailearekin elkarbizitza dagoen edo ez; segurtasun neurriak dituzten edo ez; arreta psikologikoa duten, edota adin txikikoak dituzten.

Beste aldetik daude identifikatu gabeko emakumeak: «Hauengana iristeko komunikabide ezberdinetatik mezua zabaldu da horrelako egoera batean aurkituz gero martxan jarri diren telefono zenbakietara deitzeko».

Tolosako herritarrei deialdia egin diete mezua zabaltzen laguntzeko, ahalik eta pertsona gehienengana iritsi dadin mezua: «Modu honetan, aukera gehiago izango dugulako telefono zenbaki horiek emakume hauen eskuetara iristeko. Gainera, azpimarratu nahi dugu horrelako egoera batean aurkitzen den emakume bat ezagutuz gero, gurekin harremanetan jarri daitekeela edozein herritar telefono zenbaki horietara deituz».

Indarkeria matxista jasaten duen emakume baten senidea edo laguna izanez gero, eta ez bazara harekin bizi, laguntzeko hainbat gauza egin ditzakezula gogoratu dute Tolosako Udaletik: «Telefonoz edo mugikorraren bidez deitu egunero hainbat aldiz, eta jakinarazi berarekin zaudela; ez dagoela bakarrik. Ondo dagoela ziurtatu, eta antzematen baduzu arrisku larrian dagoela eta bizitza galduko duen beldur bazara, Gizarte Zerbitzuetara, Ertzaintzara edo Tolosako Udaltzaingora deitu».

ZEIN PAUSO EMAN

Etxean erasotzailearekin bizi den emakume bati gomendioak ematea ez dela erraza onartzen du udalak, baina horrelako egoera batean dagoen emakumeak, «ahal duen neurrian, ondo pentsatu behar du zer estrategia garatu edo zer pauso eman. Garrantzitsua da izua erabakiez ez jabetzea, litekeena da-eta horrek bizitza arrisku handiagoan jartzea», diote.

«Garrantzitsua da, era berean, bizitzen ari den tratu txar horien zantzuak edo seinale ikusgarrienak identifikatzea. Esate baterako, bikotekideak beldurtu egiten du edo haserretu egingo den beldur da emakumea; edo bere buruarekiko mesfidantza sortzen dio; edo konfiantzako taldetik edo gertun dituen lagunengandik isolatzen saiatzen da; edo egiten duen guztia kontrolatzen dio, hau da, norekin hitz egiten duen, zenbat aldiz, eta abar; edo bere gorputzarekin gaizki sentiarazten du; edo bere gorputzarekin gaizki sentiaraz dadin saiatzen da; edo emakumearen emozioen edo osasunaren erantzukizuna hartzen du bikotekideak edota isiltasuna zigor gisa erabiltzen du».

Garrantzitsua da, halaber, «bere burua egoera okerrenean ikusten saiatzea, hala, egoera larri bat gertatzen bada, zer egin dezakeen jakiteko eta baita bikotekideak erabiltzen duen indarkeria mugatzeko ere», azpimarratu dute.

Eta garrantzitsutzat dute, era berean, «mugikorra aldean izatea denbora guztian».

Azkenik, «gogoan izan behar du etxetik ihes egiteko estrategia», argitu dute. Arrisku egoeran dagoela pentsatzen badu erasotuak, laguntza eskatu beharko du, 010 telefono zenbakira deituta. «Hala ere, indarkeria fisikoa gertatzen bada eta etxetik ezin bada atera -haurrak edo mendeko pertsonak harekin badaude- saiatu leku seguru batean egoten, eta 'sua, sua' oihukatu», aholkatu dute.

ZIBERINDARKERIA

Prebentzioa dela babesteko modu nagusia azpimarratu dute Tolosako Udaletik, eta segurtasun neurri praktiko batzuk aipatu dituzte: gailu mugikorrak eta ordenagailuak pasahitzarekin blokeatzea; gailu elektronikoetan birusen aurkako softwarea instalatzea, gordeta dagoen edozein informazio konfidentzial hobeto babesteko; eta, batez ere, webcam-a erabiltzerakoan, hura estaltzea. Sexting argazkiak bidaltzeari edo pasahitzak partekatzeari dagokionez, aholkua argia da: besterik gabe, ez da egin behar». Eta, gehitu dute: «Bikote baten haustura baten ondoren, gailu guztien pasahitzak aldatu egin behar dira».

Azken aholku bati jarri diote azpimarra: «Baldin eta edozein eratako ziberindarkeria jasaten ari bada norbait, garrantzitsua da gogoan izatea berak ez duela egoera hori eragin, eta, beraz, senide eta lagunei jakinarazi egin behar die zer gertatzen ari zaion, jakitun izan daitezen. Eta gogorarazi behar da, era berean, erasoa salatu egin behar dela, fisikoa izan, digitala izan, eta ez dela inolako frogarik suntsitu behar, nahiz eta oso konprometitua izan». 

900 840 111

INFORMAZIOA ETA ARRETA

Etxeko indarkeria edo sexu erasoen biktima diren emakumeentzako informazioa eta arreta zenbakia da. Edozein motako indarkeria fisiko, psikologiko eta sexualen biktima diren emakume guztientzako da. Eguneko 24 orduetan. Nor zaren galdetu gabe, arretaz entzungo dizute. Deia doakoa da, eta ez da fakturan agertuko. Familiakoei, ingurukoei eta profesionalei ere erantzuten diete.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!