Tolosako Udalak asteak daramatza herriko eragile ekonomikoekin biltzen eta elkarlanean. Lehenik, galdetegi bat kaleratu zuten, herriko ekoizle, dendari eta merkatarien informazioa bilduz, datu-base bat osatzeko. Hala, apirilaren 17an sortu zen Hiri Ekonomiaren Mahaia, beharren azterketa bateratuarekin, krisiari aurre egiteko plana zehaztu eta garatzeko. Krisiak gehien kolpatu dituen sektore eta kolektiboak babestu eta horien beharrei erantzutea da helburua.
Suspertze planak hiru ardatz nagusi izango ditu: soziala, ekonomikoa eta kulturala. Olatz Peon alkateak dioenez, «herritarren ongizatea bermatzen jarraituko dugu, eta lehentasunezkoa izango da, baita suspertze ekonomiko eta kulturala ere. Izan ere, ekintzen faktoria bat da Tolosa, kultura-aberastasun izugarria dugu eta urtean zehar egiten diren jarduera eta ekimenek eragin zuzena eta erabat onuragarria dute gure hiri ekonomiaren ekosisteman». Horrela, Suspertu Tolosa izeneko kanpaina abiarazi du udalak, herritarrekin elkarlanean. «Tolosa berriz ere martxan jartzea nahi dugu», gaineratu du Peonek.
Krisi honek gogor kolpatu ditu arlo soziala eta baita ekonomikoa ere, eta modu berezian eragin die gainera, tokiko merkataritzari eta ateak itxi behar izan dituzten negozio guztiei. Horregatik, kanpainako lehen ekintzak establezimendu horiei guztiei laguntza eta bultzada ematea du helburu.
BERTAN EREIN, BERTAN JASO
Eta zein izango da ekintza hori? Bada, udalak, Tolosa&Co elkartearekin lankidetzan, erosketa-bonuak jarri ditu abian. «Helburu bikoitza izango dute: batetik, Tolosako herritarrei eta familiei laguntzea, eta bestetik, tokiko kontsumoa sustatzea, herritarren artean kontsumo kontzientzia bultzatu asmoz. Beraz, kanpaina soziala izatea nahi da».
Aurrez ordaintzeko bonuak merkatariei eta zerbitzuen sektoreko langileei epe motzeko diru-sarrerak bermatzeko baliatu nahi dituzte. Era berean, tokiko saltokiek hasieran izan dezaketen likidezia faltari aurre egiten lagunduko dute. Hortaz, tokiko merkataritzan eta zerbitzuetan jarriko du arreta proiektuaren lehen ekintzak, eta udalak 80.000 euro bideratuko ditu horretara. Epe motz-ertainera, bonuen salerosketarekin 240.000 euroko inpaktu ekonomikoa sortzea aurreikusten da.
Udalak bihartik aurrera eman nahi dio indarra kanpainari. Orduan jarriko dira bonuak salgai, eta maiatzaren 29ra bitarte izango da aukera. Erosketa egiterakoan, bezeroak bonua zein dendatan gastatu nahi duen adierazi behar du. Hiru bonu mota egongo dira: 10, 20 eta 30 eurokoak. Udalak beste 5, 10 eta 15 euro gehituko dizkie. Beraz, dendetan erabiliko den zenbatekoa 15, 30 edota 45 eurokoa izango da. Bakoitzak bonu bat eros dezake denda bakoitzean, eta gehienez ere, lau bonu eros daitezke, laurak denda desberdinetan erabiltzeko. Bonuen balioa erosten den unetik 24 ordutara aktibatuko da.
Bonuen salmenten lehen fasea herri mailan egingo bada ere, bigarren fasean eskualdera mugitzeko nahia azaldu du udalak. Hala ere, asmo horien inguruko informazioa aurrerago helaraziko dutela adierazi dute udaletik. Interesa dutenek, www.suspertutolosa.eus/faqs helbidera jo dezakete, bonuen informazio gehiago izateko.
AZKEN EGUNA SALTOKIENTZAT
Gaur amaitzen da kanpainan izena emateko epea. Parte hartu nahi duten saltoki eta zerbitzu guztiek, gaurko 15:00rak baino lehen eman beharko dute izena www.suspertutolosa.eus webgunean. Parte hartzaileek ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, hala nola, Tolosan gutxienez establezimendu bat izatea, alarma-egoeran itxita egon edo fakturazioa gutxienez %75 murriztu izana, zehaztutako ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafeen barruan egotea eta 15 langile baino gutxiago izatea.
Arestian aipatu bezala, merkataritza izango da Suspertu Tolosa proiektuaren lehen lan lerroa. Baina ez da bakarra izango. Bonuez gain, saltoki eta establezimenduetan homologatutako babes-pantailak banatu ditu udalak, eta hala egiten jarraituko du horiek irekitzen joan ahala.
EKINTZA GEHIAGOKO KANPAINA
Merkataritzaren egin bezala, ostalaritzari, turismoari eta kulturari zuzendutako laguntza-lerroak ere lantzen ari da udala, eta laster horiek ere martxan jartzea aurreikusten dute. Datozen aste eta hilabeteetan, krisiaren aurkako plana aurkezteaz gain, Suspertu Tolosa kanpainaren baitan esparru desberdinei lotuta antolatutako ekintza zehatzak ere abiaraziko ditu udalak. «Tolosar guztien babesa, inplikazioa eta konpromisoa beharko ditu ekimen honek, gure herriak berezkoa duen bizia berreskuratu dezan, elkarrekin eta elkarlanean lan eginez», diote udaletik.
Era berean, aurtengo aurrekontua behar eta lehentasun berrietara berregokitzen ari da udala, baita 2019ko likidazioa egiten ere, eskura dituen baliabide guztiak Covid-19ak utzitako ondorio sozio-ekonomikoei aurre egitera bideratzeko. Erakundeen laguntzak ere aztertzen ari da (Foru Funtsetik %20-25 gutxiago jasoko da), horiek osatzeko helburuarekin, herritarrei erantzun integrala emateko; martxan jarritako neurriak eraginkorrak izan daitezen.