Josu Lopez Gazpiok CAF-Elhuyar saria irabazi du

Ataria 2020ko api. 29a, 11:44

Zientzia-kazetaritzako lanen kategorian epaimahaiak aho batez erabaki du saria tolosarrari ematea, 'Musikaren zientzia' lanarengatik.

Lopez Gazpioren lana zientzia-dibulgazioaren adibide aproposa dela iruditu zaio epaimahaiari. Musikaren eta zientziaren arteko erlazioa oso ongi azaltzen duela aipatu du, eta, aldi berean, ongi adierazten duela musikaren idiosinkrasia hortik harago dagoela. "Entretenigarria eta erakargarria" dela ere azpimarratu du.

Lopez Gazpiorekin batera, dibulgazio-artikulu orokorren kategorian, Galder Gonzalez Larrañaga wikilari zarauztarraren Io eta argiaren abiadura artikulua aukeratu du epaimahaiak eta egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluen kategorian, berriz, Polimero birziklatu aurreratuen garapena: plastiko-hondakinei bizi berri bat emanez artikuluak irabazi du saria. Leire Sangroniz Agudo kimikako doktorea elgetarra da egilea.

Ezohikoa den osasun-larrialdian ezohiko moduan eman dira jakitera aurtengo saridunak, ez baita sari-banaketarako ekitaldirik izan, eta oraingoz ez egitea erabaki dute antolatzaileek. Hala ere, saridunek jasoko dute 2.000 euroko diru-saria eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bana. 

41 lan jaso dira aurten, eta parte hartzaileen artean genero-oreka egon dela aipatu dute antolatzaileek. Aldi berean, Neiker sari berezia (lehen sektoreko lan onena saritzen duena) eta Zientzia Gizartean sorkuntza-beka eman gabe uztea erabaki du epaimahaiak, aurkeztu diren lanek ez dutelako sarituak izateko adinako kalitaterik.

Merezimendu saria

Ana Zubiaga Elordieta genetikako katedradunak jaso du Elhuyar Fundazioaren Merezimendu Saria, euskara normalizatzen eta zientzia gizarteratzen egindako lanarengatik. 

Zubiagak Giza Genetikako eskola teorikoak eta praktikoak ematen ditu EHUn. Irakasle izateaz gain, ikertzaile ere bada, eta, hain zuzen, Minbiziaren Biologia Molekularra ikerketa-taldearen arduraduna da. Horrez gain, EHUko Ikerkuntzarako Zerbitzu Orokorretako Adierazpen Genikoko Unitatearen arduraduna da, eta Animalien Ongizaterako Etika Batzordeko kidea, besteak beste.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!