Udalak azaldu nahi izan du egia dela Lanbide Heziketa Eskolatik proposamen bat jaso zutela Bedaiora banda zabala eramateko, eta 3.000 euroko diru laguntza eman zuela horretarako. Lehen fase horretan Airean-eko Asier Garaialde proiektuaren parte zela esan du, baina gerora proiektua utzi zuela, proiektuko beste kideak bakarrik utziz. Kide horiek izan dira, azkenean, beste pertsona batzuen laguntzarekin, Orendaindik Bedaiora irrati uhinez konexioa garatu dutenak, wifi librea ezarriz Bedaioko kaskoan. Hasierako proiektuak aldaketak izan baditu ere, udalak konexioa egitea lehenetsi du eta diru laguntza mantendu du, herritarrei wifi librea eta doakoa eskaintzeko helburuz». «Wifi librea erdigunera eramanda, konexioa etxebizitza eta baserri bakoitzera egitea bakarrik falta zen», gaineratu du.
Airean-eko arduradunaren jokamoldea salatu du udalak eta esan du irrati uhinez konexioa garatu dutenek bizilagunei deitu aurretik, aipatutako konexioak egiteko, bizilagunei deika aritu dela, «banda zabala etxeetara eramateko eskaintza bat egiteko ezin duenean horrelakorik egin, azpiegitura ez delako berea». Hau guztia, COVID-19ak sortutako alarma egoeran gertatu izana ere aipatu du udalak. «Telezaintza, telelana eta teleikasketa egin behar dutenen konexioa bermatu ahal izateko Tolosako Udalak irrati uhin bidez egindako azpiegitura oinarri hartuta, bizilagunen beharrei eta eskakizunei erantzuteari lehentasuna eman dio, eta azpiegituraren jabe direnei eskatu die etxebizitzetarako konexioak egiteko; baserri bakoitzean jarri behar den gailuaren instalazioa diruz laguntzen du udalak alarma egoeragatik. Interneterako tarifa bezero bakoitzak ordaindu behar duelarik». Udalak esan du jada hiru konexio egin dituztela, hainbat froga egin ostean, eta gaiaren jarraipen estua ari direla egiten, datozen egunetan beste 4-5 konexio egingo dituztelarik. Babes Zibileko boluntarioak ere auzora gerturatu direla gogoratu nahi izan du «auzotarren beharrak ezagutu eta erantzuteko, bereziki adineko pertsonei dagokienez, eta auzotarrekin harreman estua izan dute denbora guzti honetan».