Tolosako Udalak du Bedaioko ardura admnistratiboa. Berak du hortaz, Internetarekin duten arazoa bideratzen laguntzeko ardura. Eta azken hiruzpulau urteetan horretan aritu badira ere, azken hilabete eta erdian izan dute bedaiotarrek irtenbidea. Tolosaldea Garatzenen eskutik, eta Tolosako Udalak ere diruz lagunduta, enpresa partikular batek Orendaindik Bedaioko erdigunera irrati uhinez banda zabala eraman du, eta beraz, wifi librea eta doakoa du herritarren zati batek. Sona Telekomunikazioak-ek izan du banda zabaleko konexioa egiteko ardura, eta Talaikide-Abailakoak-eko Xabier Garmendiak egin ditu ingeniari lanak. Garmendiak berak ATARIA-ri eskainitako elkarrizketan esan zuen «Bedaioko etxeen %85ari banda zabaleko estaldura» iristen zaiola jarri duten irrati bidezko uhin sistemaren bidez, baina Airean Telekomunikazioak enpresako Asier Garaialdek gezurtatu egin du: «Ez da egia orain Bedaioko %85ak irrati uhin bidezko doako Internet librea duenik. Elkartearen teilatuan kaleko wifi puntu bat ezarri da eta elkarte inguruan wifi hori erabili daiteke, baina hortik Bedaioko %85ak doako Internet libre bat duela esatera distantzia luzea dago».
HASIERAN ELKARLANA
«Iaz Tolosaldea LHII-ko elkarlanean, bertako irakasle batek diru laguntza bati buruz hitz eginda, Tolosako beste telekomunikazio enpresa batekin elkarlanean ekimen berri bat jorratzea erabaki genuen, aurkeztutako proiektuaren aurrekontua, memoria eta garapen osoa Airean Telekomunikazioak-ek egin zuelarik. Beste enpresaren parte-hartzea proiektua aurkeztera mugatu zen, diru laguntza lortu ahal izateko baldintzetako bat enpresa aurkezlea Tolosakoa izatea baitzen». Informazio gehiago ere eman nahi izan du Garaialdek: «Diru laguntza gehienez 3.000 eurotakoa izan zitekeela jakinda aurkeztu zen aurrekontua 10.000 eurotakoa izan zen. Hau da, hasieratik bagenekien diru laguntzaren topea lortuta ere proiektuaren herena finantzatzea ere ez genuela lortuko». Diru laguntza esleitzerakoan iritsi ziren arazoak, Garaialderen hitzetan. «Airean-ek oinarrizko proiektuarekin aurrera jarraitu nahi zuen, egin eta justifikatu beharreko proiektua aurkeztutakoa izan behar zela jakinda eta beste enpresak, aurkeztutako proiektua erabat aldatu, alde guztietatik merkatu eta diru laguntzaren zenbatekoa baino askoz gutxiagoko instalazio batekin aurkitu zuten momentuko irtenbidea, eta diru laguntzaren zati handi bat irabazi bezala geratu zen». Proiektua jada, ez zegoen Airean Telekomunikazioak-en proiektu bezala, eta Sona Telekomunikazioak-ek zuen erabakimena, Garaialdek azaldu duenez. «Horregatik, Airean Telekomunikazioak-ek aurkeztutako proiektua utzi egin zuen eta Tolosako komunikazio enpresak bere helburuekin jarraitu zuen, hau da proiektua erabat minimizatu, nahiz eta bedaiotarrei eskainiko litzaiekeen konexioaren kalterako izan, eta diru laguntzetatik irabaziak atera», gaineratu du. Airean-etik lanean jarraitzen dutela ere esan du. «Airean-ek beste eragile batzuekin batera hasierako proiektuaren antzeko bat egiten jarraitzen du, inolako diru laguntzarik gabe. Horrekin genbiltzan konfinamenduak harrapatu gaituenean eta horrekin gabiltza gaur egun».
ASIER GARAIALDE: «Teknikoki irtenbidea ez da batere zuzena»
Azken urteetan Bedaion Interneta jartzeko garatutako proiektua bertan behera utzi, eta lan hori enpresa jakin bati eman diotela esan duzu. Ba al duzu salaketaren bat jartzeko asmorik?
Airean-ek ez du inolako salaketarik jarriko. Tolosako herritarrek erabaki beharko dute haien dirua modu egokian kudeatu den edo ez, eta haiek izan beharko lirateke udalari erantzukizuna eskatu behar zaion edo ez erabaki beharko luketenak.
Zure esperientziatik, irtenbide egokia al da eman dena? Badago beste modurik modu zabalagoan konexio on bat eskaintzeko, zuntz optikoaren zain egon gabe?
Teknikoki eman zaien irtenbidea ez da batere zuzena. Ez uhinen bidez egiten delako, uhinen bidez banda zabaleko konexio onak ezarri baitaitezke; ahalik eta modu merkeenean egiteko asmoa edukitzeagatik, proiektuaren garapen teknikoa erabat okerra izan delako baizik.
Egokiena zuntz optikoa ezartzea bada ere, Orendainen eta beste leku batzuetan egin den bezala, epe motz batean zuntz optikoa modu partekatu eta ireki batean ezartzeko aukera badago, Movistarren intentzioen menpe itxaroten egon behar izan gabe. Horretarako udalak eragile izan beharra dauka eta arazoa benetan konpontzeko asmoa erakutsi. Ez da nahikoa wifi publiko bat publizitatzea soilik. Airean-ek hasierako asmoekin jarraitzen du, beste eragile batzuekin batera Bedaion ahalik eta Internet konexio onena ezartzeko asmoarekin.