Koronabirusa

«Sekulakoa izan da aurtengo pista estaliko denboraldia»

Imanol Garcia Landa 2020ko api. 21a, 18:49

Hogei urte baino gehiago daramatza Sergio Romanek (Hernani, 1975) atletismoan, eta 2014 urtetik, Tolosa CF-ren barruan. Martxoaren hasieran, konfinamendua hasi aurreko asteburuan, pista estaliko Espainiako Txapelketa irabazi zuen, M-40 mailan, 3.000 metrotan.

Bideoa: Sergio Romanen garaipena  azken metroak Espainiako Txapelketan.

Irabazi duzun lehen Espainiako Txapelketa da?

Bai. Aurretik domina batzuk banituen, zortzi inguru, baina ia denak brontzezkoak. 2018an 3.000 metroko Espainiako txapeldunordea izan nintzen, baina nire aurrekoa zigortu egin zutelako marra bat zapaltzeagatik. Ilusio handiena egin didana irabazi berri dudan txapelketa izan da, nola irabazi nuen ere berezia izan zelako. Oso konplikatua da kategoria hau, 40 eta 45 urte arteko atletek parte hartzen dute, eta ni azken urtekoa naiz, eta maila handia izaten da. Txapelketetan parte hartzeko gutxieneko marka egin behar da eta probara joaten dena normalean goiko postuetan sartzeko lehiatzen da.

Gainera oso modu berezian lortu zenuen, hirugarren postuan zeudela esprintean beste biak gaindituz.

Ez dut inoiz ahaztuko. Orain zuri kontatzean, oilo ipurdia jartzen zait. Asko bizi dut atletismoa eta asko gozatzen dut. Lasterketa oso ondo irakurri nuela uste dut. Aurkariek lasterketa motel bat egin nahi zuten, azkarrak direlako eta espezialistak 1.500 metrotan, baina 400 metroak egitean aurrean jarri nintzen eta nik eraman nuen probaren pisu nagusia. Azken bi itzulietan denak erasotzen hasi ziren, baina eutsi egin nuen, eta azkeneko bihurgunetik ateratzean nire aurretik zihoazen biei pasa nien, eta ehuneneko batzuengatik irabazi nuen. Edozein lasterka irabaztea ondo dago, eta batzuk irabazi ditut, baina horrelako txapelketa bat irabaztea eta nola irabazi nuen ikusita, oso berezia izan zen.

Txapelketa horren aurretik, zer moduz joan zitzaizun denboraldia?

Aurtengo pista estaliko denboraldia sekulakoa izan da. 3.000 metrotan oso ondo hasi nintzen, 8.46 eginez, nire marka pertsonaletik bost segundora geratuz. Gero Euskadiko txapelduna izan nintzen 800 eta 3.000 metrotan. Eta ondoren, denboraldiko helburua zena lortu nuen, Gipuzkoako marka eginez M-40 kategorian 1.500 metrotan. Iaz segundo batera geratu nintzen, eta aurten, bigarren saiakeran lortu dut marka egitea, 17 ehunenekogatik, 4.08,78 eginez.

Eta nola eragin dizu konfinamenduak?

Master mailako Europako Txapelketan parte hartu behar nuen, martxoaren 18an. Urtarrilera arte atzeratu dute, eta hori izango da nire hurrengo helburua. Bitartean, saiatzen ari gara egunero zerbait egiten, ahal dela sasoia mantentzeko. Ni ohituta nago kalera ateratzen egunero korrika egitera, eta kostatu egiten zait etxe barruan egotea. Etxean egiten ditudan ariketek egoera eramaten laguntzen didate pixka bat.

Zer egiten duzu entrenatzeko?

Taulak egiten ditut, indar ariketak, abdominalak, lan asko bosua-rekin... Estatikoan korrika egiten saiatzen naiz, sentadillak... Nire helburua da konfinamendutik ateratzea sartu nintzen pisu berdinarekin. Zaila izango da, baina horretan saiatuko naiz.

Erlazionatuak

Atleten denboraldia, airean

Imanol Garcia Landa 2020 api 21 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!