Beste kiroletan gertatu den moduan, konfinamenduak hankaz gora utzi du atletismoa. Jokatzeko falta ziren pista estaliko Espainiako Txapelketak bertan behera geratu dira, 20 urte eta 16 urte azpikoak. «Orain itxaroten gaude zer esaten duen Espainiako Federazioak, zein Euskadikoak eta Gipuzkoakoak», esan du Tolosa CF Atletismo taldeko zuzendaritzako kidea den Lander Gilek. «Ikusita Olinpiar Jokoak atzeratu egin direla hurrengo urtera arte, ez dut uste aire libreko Espainiako txapelketarik egingo denik aurten. Ea zer erabaki hartzen duten».
Nazioarteko Federazioak abuztuko lehen asteburua zehaztu du estatu bakoitzak bere txapelketak egiteko. «Ikusita zenbat denbora egiten ari garen etxean, eta gero zenbat denbora eduki ahal izango dugun entrenatzeko, ez dago denbora nahikorik ondo prestatzeko... Espainiako Txapelketa egin daitekeela bai, baina ez dut uste marka onak egingo direnik. Beraz, Espainiako Federazioak erabaki beharko du zer egin, eta horren arabera joango da beste guztia antolatzen», gaineratu du Gilek.
Konfinamendu egoera maiatzaren 10ean bukatuko balitz ere, Gilek ez du uste berehalakoan ohiko entrenamenduak egiten hasteko aukera izango dutenik. Horrez gain, kirol probak beranduago jarriko direla martxan dio: «Gure kirolean profesional gutxi daude, eta horiek zerbait egiteko aukera izango dute, baina kirol profesionala ez den guztiak gehiago itxaron beharko du ziurrenik. Halere, oraingoz guztia usteak baino ez dira».
Tolosa CFkoei dagokionez, entrenamenduen alorrean maila eskolarrean daudenekin ez dute ezer egingo konfinamendua bukatu arte. «Halere, zaila ikusten dut gerora ere eskolarrak aurten berriz entrenatzera itzultzea», esan du Gilek.
Federatuen aldetik, entrenatzaile bakoitza bere taldea antolatzen ari da. Atleta bakoitzak etxean dituen aukerak ikusita bidaltzen dute plangintza. «Entrenamenduak atleta bakoitzak dituen materialetara moldatzen ari gara, eta beraiek ahal dutena egiten dute», esan du Gilek. «Azkenean, entretenitzeko modu bat da, ez baitago beste aukerarik. Prestaketa egiterakoan, ariketak pixka bat berrasmatzen ere ari gara». Bide horretan, klubeko atleta beterano bat, Andu Martinez de Rituerto, egunero ordubeteko entrenamenduak egiten ari da Facebookeko bere orrialdetik, nahi duenak berarekin aritzeko.
AZKEN EMAITZAK
Konfinamendu egoera hasi aurretik, hiru Espainiako txapelketetan parte hartu zuten Tolosa CF-ko atletek. Emaitza aipagarriena Sergio Romanek lortutako txapela izan zen, master mailako pista estaliko txapelketan. Esprint gogoangarri baten ondoren lehen postua lortu zuen 3.000 metroko proban, M-40 mailan, 8.55 eginez. Paula Del Pozok kros txapelketan parte hartu zuen Euskadiko selekzioa ordezkatuz, eta 20 urte azpiko mailan 34. postuan bukatu zuen.
Bestalde, pista estaliko 18 urte azpiko mailan, lau atletek parte hartu zuten. Ibone Ezeizabarrenak 1.500 metrotako lasterketa bikaina egin zuen eta bere marka pertsonala bost segundotan hobetu zuen, 4.53ko marka eginez. Maila izugarria zela-eta ezinezkoa izan zuen finalera sailkatzea baino, halere, lehiaketa bikaina egin zuen. Ander Martinez de Rituerto ere oso txukun ibili zen pertika jauzian eta lau metroko jauzi bikainarekin hamargarren sailkatu zen. Mikel Ezkerro bere markatik 2 ehunenekotara gelditu zen 60 hesietan, 8,38 eginez, eta horri esker finalerdietara sailkatzea lortu zuen. Proba berean Mikel Irastortzak ere lehiaketa bikaina egin zuen eta bere marka pertsonala ondu zuen 8,49an utziz.
Atletak zein entrenatzaileak, eta kluba bera ere gustura daude lortutako emaitzekin, eta bereziki Sergio Romanek lortutako garaipena nabarmendu dute.