Hilabete ondoren, larunbatean Tolosan azoka egongo da. 08:30etik 13:30era egongo dira zabalik postuak, Zerkausian eta Beotibar barruan. Udalak jakinarazi duenez, "arrisku taldeetatik kanpo dauden ekoizleek bakarrik jarri ahal izango dute mahaia: orotara, 25 ekoizleek parte hartuko dute. Prebentzio eta segurtasun neurriei jarraiki, 9 postu kokatuko dira frontoian eta 16 Zerkausian". Segurtasun neurri zorrotzak bete beharko direla ere ohartarazi dute.
Tolosako Udalak Mugikortasuna murrizten duen dekretua aipatuz, beste ondorengo erabakia hartu du: "Etxetik hurbilen dagoen gunera joan beharko da erosketak egitera; hau da, ezingo da gune bietara joan". Hala eta guztiz, banaketa egitarako garaian produktuen eskaintza kontuan izan dutela esan dute, eta bi guneetan aniztasuna bermatzeko. "Hortaz, bietan eskuratu ahal izango dira barazkiak, frutak eta esnekiak". Beste debeku batek 70 urtetik gorako pertsonei eragingo die, ezingo baitute salmenta guneetara gerturatu, "arrisku talde nagusia izanik, etxean geratu beharko dutelako".
Segurtasun neurriak
Postuetan osasun eta segurtasun neurri zorrotzak iragarri ditu udalak, bai ekoizleentzat eta baita erosleentzat ere. "Bi guneetako sarrera eta irteera puntuak bakarrak izango dira. Zerkausira Triangulo aldeko aldapatik sartu beharko da, eta irteera Plaza Zahar aldera egingo da. Beotibarren, aldiz, leihatilaren ondoko ate nagusitik egingo da sarrera, eta ateratzeko Txurreriaren alboko atea erabiliko da". Erosketak egitera bakarka joan beharko da.
Edukiera ere kontrolatuko dutela iragarri dute, eta Udaltzainak eta Babes Zibilekoak arduratuko dira horretaz.
Zerkausian eta Beotibarren mugikortasuna mugatua egongo dela iragarri dute udaletik: "Ezingo da ibili postuz postu, modu librean. Mahaiak sakabanatuko dira, eta ilara egiteko segurtasun distantziak markatuko dira. Postu bakoitzeko saltzaile bakarra izango da, beti ere, arrisku taldetik kanpokoa. Elikagaiak postuaren atzean izango dira, eta ekoizleek soilik izango dute kontaktua produktuekin. Eskaria egin eta berak gerturatuko ditu produktuak".
Baserritar guztiek eskularruak, aurpegia babesteko pantailak eta gel desinfektatzailea izango dituztela iragarri dute. Sarrera puntuetan erosleentzat eskularruak, gela eta norbere babeserako maskarak ere eskura jarriko dira, "eta beharrezkoa izango da horien erabilera".
Postuetako produktuak eta saltzaileak
- Beotibar frontoia
- Iñaki Garcia Grijalbo, ‘Barazki Bizidunak’: Barazkiak, arrautzak, loreak, landareak.
- Juan Luis Irastorza: Barazkiak, esnekiak, ogiak, gozoak.
- Kutixak: Esnekiak.
- Amaia Sorarrain Zubillaga: Barazkiak, arrautzak, frutak.
- Jose Antonio Labaka (Basabe): Barazkiak, sagarrak.
- Itziar Etxeberria Arizmendi: Babarrunak, esnekiak, intxaurrak, urrak, irasagarra.
- Nestor Errasti: Barazkiak.
- Asier Mendizabal Agirretxe: Ardi esnea.
- Iratifrut:Fruta.
- Zerkausia
- Josefa Iraola Bengoetxea: Barazkiak, perretxiko eta onddoak, arrautzak, frutak, loreak.
- Mikel Lasa Beloki: Perretxiko eta onddoak, arrautzak, fruta, loreak.
- Jose Angel Loidi Mendizabal: Barazkiak, arrautzak, ogia, frutak, gozoak, eraldatuak.
- Arantxa Garaiburu Etxeberria: Babarruna, esnekiak, sagar dultzea, pipar mermelada.
- Inaxio Gorosabel Urkia: Ogia, gozoak.
- Jose Antonio Aizpuru Izuzkiza: Frutak, arrautzak.
- Mª Arantzazu Jauregi Iruarriz: Barazkiak.
- Mª Teresa Jauregi Lertxundi: Barazkiak, arrautzak, fruta.
- Gregorio Balerdi Berasategi: Barazkiak, arrautzak, ogia, frutak, esnekiak, gozoak.
- Olatz Aranguren Lasa: Barazkiak, arrautzak, esnekiak, fruitu lehorrak.
- Maria Angeles Estanga: Arrautzak, esnekiak.
- Mahala: Esnekiak eta txerrikiak.
- Jose Cecilio Iturrioz: Barazkiak, landareak.
- Patxi Izagirre Caminos: Barazkiak, landareak.
- Jose Ignacio Rueda Gonzalez:Fruta.
- Jose Angel Matias Fuertes: Fruta.
Etxez etxeko zerbitzuari eutsiko zaio
Azokarik egin ez denean zabaldutako bideekin jarraituko duela iragarri du Tolosako Udalak, hau da, etxez etxeko banaketarekin eta bertako produktuak Tolosako komertzioetan saltzeko ekimenarekin. Hain justu, bide horiek hobestea eskatu dute udaletik, "kalera ateratzea ahal bezain beste ekiditeko".
Azkenik, alerta egoera amaitzen denerako lanean ari direla iragarri dute, Osasun Saileko eta udaleko prebentzio teknikariaren ikuskaritzarekin, "izan ere, konfinamendu egoera ondotik ere, segurtasun eta prebentzio neurriak hartu beharko baitira, erabateko normaltasunera itzuli bitartean".